Duela 13 urte, Egin itxi zuten uda hartan, Herri Batasuneko mahai nazionala kartzelan zegoen ordurako, Arnaldo Otegi eta Joseba Permach ziren alderdiaren buru berriak, eta uda hartan, Egin itxita ere, barealdia sentitu zen. Zerbait ari zen gertatzen. Uda bukaeran, ETB2n ikusi nahi genuen filma moztu zuten ETAren su-etenaren berri emateko. Lizarra-Garaziko akordioa sinatu eta egun gutxira. Ordurako, euskal sindikatuek beren arteko elkarlanarekin ezkerreko eta abertzale zen jende masa bat artikulatzea lortu zuten. Zerbait historikoa bizitzen ari ginen. Euskal Herritarrok plataforma legeztatzeko sinadurak batzeko prozesuak eta hauteskundeek berretsi zuten: azken urteetako emaitzarik onenak. Giro hartan, urtarrilean, manifestazio erraldoia izan zen Bilbon presoen eskubideen alde.
Gazte ginen eta naif. 1999an, herri batzuetako kale-borroka puri-purian egon zen, su-etena amaitu eta desengainua handia izan zen. Baina zerbait mugitzen hasia zen, eta mugimendu hori ez da gaur arte gelditu. Orduko hartan Patxi Zabaleta izan zen ahots kritikoa altxatzera ausartu zen bakanetakoa. Aralar sortu zuen talde batek.
Bitartean, gobernu espainolak kartzelaratzeen eta ilegalizazioen estrategia emankorrari eutsizion. Hori ere ez da gaur arte gelditu. 2006an beste tregua bat etorri eta joan zen Barajasekin. Ezker abertzale ofizialenean erekezka sortua zen ordurako, argi baitzegoen gero eta jendegehiagorentzat: horrela ez goaz inora. Jarrera aldaketa bat bultzatzeko lanari ekin zioten barrutik ere.
Gauden momentu politikora iristeko —boto gehien jaso duten indarren artean bigarrena izan den ezkerreko koalizio abertzale batekin—, urteak behar izan dira, eta jende askoren lana. Gaur epaiaren zain dauden horietako batzuk hasieratik aldaketa prozesu luze honetako aktore garrantzitsuak izan dira. Eta euskal gizarteak badaki hori.
Larrepetit
Memoria egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu