2008ko abenduaren bigarrena zen. Bezperatik gehiago Sekulabelardiko larreetara joana zen Mikel Laboa Lizardiren tangoaren pausoan. Iruñeko planetarioan Egunsentiaren esku izoztuak errezitaldian aurkeztekoa zen Xabier Lete, eta poesiarekiko grinak azaldu ez dezakeen jendetza bildu ginen bertara. Zergatik ukatu guztiok behar genuela zeremonia bat, agur esateko modu bat, berbara ekarri bako maite zaitugu esateko era bat.
Bizitzan askotan gertatzen ez den bezala, pentsatu nuen orduko hartan toki egokian nengoela. Ez nindoan auskalo nora bidean, edo ez nentorren jakizu nondik. Hantxe nengoen. Errezitaldia gogorra bezain ederra, hunkigarria izan zen, esku izoztua masailean maitte-maitte eginez sentitzerainokoa. Zuen bila ere etorriko naiz noizbait, esan nahiko zuen.
Planetariotik irteterakoan, izarren hautsa astindu behar izan genuen jaken sorbaldetatik.
Lau zituen iazko abenduak egunsentia leitu zuenean. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka bete-betean hil zen Xabier Lete, gure kultur konstelazio txikiaren planetarioan, izarlokak desegin aurretik ikusteko biltzen garen horretan. Eta hala ere, esango nuke ez genuela agur esaten asmatu. Falta izan zela zeremonia, eta ez naiz elizkizunaz ari. Han geunden Durango bete kultur-jende, edo nahi bezala deitu, eta ez genuela jakin. Seguru asko ez dakigulako herioren aurrean zelan jokatu. Dinot nik. Auskalo.
Bihar hiru urte Mikel Laboa joan zela. Domekan bat Xabier Lete barik. Durangoko Azoka hasiko da berrogeitaseigarrenez egun horretan, egutegi xelebre askoarekin: domekatik eguenera, Espainiako konstituzioaren eta Sortzez Garbiaren egunak barne, lege zaharrean.
Noizbait, berandu barik, geure egutegia egiteko era izaten dugunean, iruditzen zait izango dugula abenduan zer gogoratu, datak asko aldatu gabe, saldu ere egin behar ei da-eta.
Negua hurbil den garaiotan, mendi altuan elurra dagoenean eta errekaldean izotza.
Larrepetit
Negu hurbilean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu