Larrepetit

Olentzero

Hur Gorostiaga.
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Garaiak aldatu dira, eta nola. Ttipia nintzelarik Olentzero benetan existitzen zen, nik galdegin opariak ekartzen baitzizkidan. Orain aldiz, krisia tarteko, Olentzero ez omen da gehiago existitzen. Herri honek galdegin opariak, bakea eta askatasuna, ez ditu nehork ekartzen eta opariak ez jasotzeaz gain, orain guk egin behar opariak haurrei.

Iragan asteburuan ikusi nuen Olentzero Baionan, baina hainbeste haurrez inguraturik zenez ezin izan nuen harengana hurbildu. Urrunetik goxoki pare bat eskaini zidan, bai, baina hori baino seriosagoa zen aipatzeko nuena.

Eta horra non, egun batzuk berantago, ezustean, telebistan ikusi dudan gure Olentzero: bizar eta begilagunekin, irriparre berarekin baina txapelik gabe eta bisaia garbixeago, baina hortz oker berdinekin, Espainiako Kongresuan. Ezagutu zaitut zu zara Olentzero, Raxoi!

Eta guti balitz, ondoko egunean Olentzero bera erregearekin biltzen ikusi nuen. Hainbeste urte borrokan Olentzeroren alde eta erregeen kontra eta bapatean hor ziren biak elgarren ondoan. Opariak nori eman eta nori ez adosten egonen ziren... Funtsean ez gaitu deusek harritu behar gehiago, Amaiurreko gotorlekuko ordezkaria ere, Gaztelako erregeari esku ematen ikusi baikenuen orain egun guti.

Zuk arrazoi, Olentzero. Espainiak ez digu deus zor euskaldunoi, hartzekodun da, beti izan den bezala. Horregatik atxikitzen duzue gure herriaren zati bat zuen legeen menpe, baina hori bai, zuen legea betez eta besterik ez. Eta gustuko ez denean aldatuz ere, Nafarroarekin egin eta eginen duzuen gisan.

Eguberriko hotzean gure herria lokartzen ari den honetan, nazioarteari dei egina dio batek baino gehiagok Olentzero eta erregeen gainetik, Bizar zuriren bakea ekar dezan, Bizar zuri existituko balitz bezala... Ez da lokartzeko mementoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.