Ile beltz-beltzak ditu, azala arrox arroxa. Burua borobil, begi dirdirantak, esku eta oinak fin. Lo ez dagoenean ez du nigarrik egiten, kantuan baizik.
Bizitzan lehen aldiz eta beharbada azkenez, erranen dugu: 3,160 kilo pisatzen du.
Haurdunaldiaren azken zatia taulaz-taula eraman du amak, antzerkiaren urduritasun eta pozak elgarrekin bizirik. Antzezlanak izan duen harrera dela eta, kezkatzen hasiak ginen, ohitura bereziak hartu eta haurra isilarazteko ez ote genuen txalotzen eta irri egiten hasi beharko...
Hemendik aitzinako testua, aldiz, elgarrekin idatziko dute, dugu. Ahizpa eta nebak? «Sobera kontent!», dakitena eta ez dakiten guzia erakusteko prest.
Familia eta lagunak inguruan, baina zenbait ere urrunean, ikusi nahiz, baina ezin ikusiz, Argi, Arkaitz, Oihan eta Euskal Herriko beste hainbat neska eta mutiko fin. Lehenago ere bizitakoa, historia errepikatzen da, etengabe.
Baxenafarroatik ere bahitu dituzte beste bi gazte, aita eta ama izatekotan direnak. Eta gure herrira bakea heldu dela diote... Hertzainak taldeko Garik zion gisan, «egun grisa hotza kalean, negu gogorra herri p.. hontan bizitzak emandako plazer txiki, hauengatik ez balitz»... Salda Badago... Egiteko elikagaiak mahai gainean daude, baina sukaldaririk ez...
Munduak ez omen du malkoen beharrik, baina haunditzen zeranean ikusiko duzu, isilik egoteak ez duela balio. Jarrai zure bidetik, hobe da horrela gauza denen gainetik haizea bezala. Anitz maite duenak anitz maite baitu.
Azkenean gustokorik atzeman ez, eta ez gara ausartu ñ letradun izena ezartzen, Baionako Herriko Etxean bordela sakatzeko besterik ez bazen ere. Jakinez ñ letra izenetan debekatu dutela, Baionako Suprefeta, lege zaindaria, Nuñez deitzen da.... Horrelakoxea da gure mundua, alabatxo.
Ongi etorri Izadi.
Larrepetit
Ongi etorri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu