Larrepetit

Ongi etorriak

2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
New Yorken 700 hizkuntza inguru hitz egiten direla diote zenbait ikerketak. Batzuk, milioika askok hartzen dituzte ahotan. Beste batzuk, talde txikiagoek. Eta garifuna, zaghawa eta mamuju-a bezala galtzeko arriskuan daudenak ere badaude. Kalean zoazela belarria adi jartzea bezalakorik ez aberastasun honetaz jabetzeko.

Manhattan erdi-erdian, 62 eta 65 kaleen artean, Columbus etorbideari begira daude Metropolitan opera eta Robertson Plaza ospetsuak. Justu hara sartzeko eskailera zabaletan zera irakur liteke: «Ongi Etorriak». Hainbat hizkuntzaren artean agertzen direnetako bat da euskara, baina irakurtzea tokatzen zaidan bakoitzean, «welcome» agertutakoan ez bezala mugitzen du zerbait nire barruan.

700 horietatik bat da jatorria enigma europar bat den gure hizkuntza. Zenbait euskaldunon pasaerarekin batera, bizirik irautea bera misteriotzat jo duten euskara zaharra entzungarri eta hizpide da hiri honetako hainbat lekutan.

Eta guztion osasunagatik, hala jarraituko ahal du! Mark Abley idazle eta poeta kanadarrak esaten duen moduan, biodibertsitatea ekosistemaren osasunerako beharrezkoa den bezala, hizkuntza dibertsitatea ezinbestekoa da gizateriaren kultur osasunerako.

Hizkuntza bat galtzea bizitza ulertzeko eta interpretatzeko modu bat galtzea da. Eta gure herriko poetarena gogora ekarriz:hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek hitz egiten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Arrazoi, Joxanton! Eta oraindik, lehengo lepotik burua! Baina, atrebentzia handiz, gaur, eta gaur bakarrik, hauxe gehituko diot zuk sortutakoari: eta ez dakitenek, aukerak izan arren, ikasi nahi ez dutelako baizik.

Inoiz ez da berandu, ordea. Datozela euskararen eskailerak igotzera, eta argitxo modernoekin esango diegu, New Yorkeko Metropolitan operara sartzerakoan bezala: Ongi Etorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.