Larrepetit

Oroimenaren biribiletan

2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Memoriaren kaltetan arrazoiketa balioetsi duzu beti. Akaso memoriak irizpide propioak sustatzen ez dituelako ustean, akaso memoria izan zelako zure eskola garaian aspertzeraino lantzen zen gaitasuna edo, nork daki, inoiz ez duzulako izan zure memoriaz harro egoteko motiborik. Gauza da gehienetan jokatu duzula memoria inteligentziaren alaba umilena bailitzan.

Ez zara bakarra; zuk bezala, inguruko askok arrazoiketa eta sormenaren aldeko lana eta aldarrikapena egin dute, hainbat gauza ikasteko behar diren errepikatze ariketak bigarren mailako prozedurak zirelakoan.

Horregatik seguruenik, erabakita utzi zenuen noizbait, eguneroko egitekoak gogoratzeko, agenda on bat zenuela egokiena. Eta lagunen urtebetetzeak ikasi beharrean, txukun apuntatzea zela aproposena. Eta supermerkatuan zer hartu behar zenuen jakiteko, nahikoa zela erosketa zerrenda idaztea. Eta zertarako ikasi behar zenituen, bada, ingurukoen telefonoak, sakelakoaren SIM txartela existitzen bazen.

Orain, ordea, eskarmentua handitzearekin batera oroimen hutsuneak ugaritzen diren garaian, hasi zara pentsatzen oroimena dela adimenaren oinarria, eta alferrik egingo dituzula burutazioen artean burutsuenak, osatu orduko ahazten bazaizkizu. Eta algaraz ospatzen duzu garunaren bidezidorretan galduta zirudien aktore horren izena bat-batean agertzen zaizunean. Eta zeure buruaz harro sentitzen zara diskurtso batean hasitako esaldi guztiak bukaera arte segidan jostea lortzen baduzu. Eta sekulako irribarrea zabaltzen zaizu hain gustura irakurri zenuen nobelaren izenburua bat-batean gogora etortzen zaizunean.

Baina ez diozu inori kontatuko, arrazoimenaren eta oroimenaren biribiletan aurrera-atzera zenbiltzala, etxetik atera zarela giltzak barruan ahaztuta eta beheko tabernan bukatu behar izan dituzula lerro hauek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.