Larrepetit

Patateroa

Arantxa Iturbe.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Patateroa dotore janzten zen igandero, dotore jantzita zegoela antzemateko moduan, eta dotore inguratzen zen andregaiaren atarira. Patateroaren andregaia dotore janzten zen igandero, dotore jantzita zegoela antzemateko moduan, eta dotore azaltzen zen zain zeukan senargaiarengana. Masailean muxu bana eman, elkarri besotik heldu, eta burua tente, dotore joaten ziren biak meza nagusira. Meza-irteeran, patateroak kroketa parea eta bermuta edatera gonbidatzen zuen andregai dotorea. Eta bazkal aurretik herriko kale bakarrean gora eta behera egiten zuten. Igandero.

Horrela zeramatzaten herrikoek gogoratu ezin adina urte. Irribarre gaiztoz kontatzen zioten entzun nahi zuen guziari patateroak agindua ziola andregaiari ama hiltzen zitzaionean ezkonduko zirela. Ezin zuela edadeko ama gaixoa bakarrik utzi. Eta ama, semearen konpainian, hiltzen ez.

Urte asko pasatu dira. Ezagutu nituen garaian nobiotan zeramatzatenak adina, gutxienez. Ez dakit zer egin zuten. Ez dakit patateroak agindutakoa betetzeko modurik izan ote zuen. Ez dakit andregaiak zain segitu ote zuen. Ez dakit amak biak ehortzi bazituen ere.

Dakidana da beste asko pasatu behar izan dutela inoren erabaki ezintasunari barre egiteko ohitura baztertzeko.

Erabakitzea zaila da, eta erabaki beharrean, arrazoiz mozorrotutako aitzakiak jartzea, erraza. Erabakitzea ez erabakitzea baino gogorragoa da. Erabaki guztiak dira arriskutsuak: hartu arte ezin jakin egokiak diren edo ez, asmatu duzun edo ez, merezi zuen edo ez. Erabakitzen duenak badaki arriskatzen ari dela; erabakirik hartzen ez duenak badaki nahiago duela ez arriskatu, arriskatu eta galtzea baino.

Askotan sentitu naiz patatero. Ez dit horrek erabakitzen erakutsi. Ez nago harro nire ezintasunaz. Ulertzen ditut ingurukoen erruki begiradak.

Eskertzen, irribarre gaiztorik gabekoak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.