Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Pilak

2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Dagoeneko bukatu dira oporrak, eta, teorian, pilak ondo kargatuak ekarri behar genituen. Ez dakit, irakurle maiteok, zein baldintzatan ekarri dituzuen zuen pilak, baina zer datorren ikusita, hobe da geure burua ondo babestea. Gure pilak ondo kargatzeko, koktel berezi bat behar izango dugu. Nik soilik koktel horren osagai batzuk proposatu nahi dizkizuet. Behar izango dugun lehenengo elementua umorea izango da. Umorea garrantzitsua da bizirik irauteko. Gauzetatik distantzia hartzeko eta arerioa ondo kokatzeko baliagarria da. Adibidez, PPko Carromerok ondo erakutsi digu bere alderdikoen maila intelektuala eta politikoa. Carromero Kubara joan zen, dirudienez 007 agentearen papera egitera, eta han zegoela, bi antikastrista erail zituen istripuz.Horrelako gertaerei eta umoreari esker, testuinguru egokia eman diezaiokegu Basagoitiren azkeneko adierazpenei. Hau da, ondo uler dezakegu noraino izan daitekeen motza norbait, preso gaixoen egoera ez zaiola axola esateko. Horrelako adierazpenek gure koktelaren bigarren osagaia sortzen dute, gure pilek mala letxe pittin bat ere beharko dute. Izan ere, 40 urte dirauen gatazka honen aurrean, eta bake prozesu batean murgildurik, horrelako adierazpenek gure pilen amorru maila igotzen dute, noski!

Mala letxeari, mesfidantza ere batu beharko diogu. Pussy Riot talde feministari Errusian gertatutakoa datorkit burura. Eliza batean abesti punk baten bitartez Ama Birjinari Putin boteretik kentzeko eskatzeagatik, taldeko hiru kide bi urtera zigortu dituzte kartzelara.Pobreen aldekoa eta maitasuna oinarrian izanda, nola da posible erlijio batek horrelako eliza fatxa eta matxista eratzea?

Eta, azkenik, gure koktelak aktibismo dosi handi bat izatea espero dut. Hobe da pentsatzea jendea ez dela etxean geldituko osasun eta hezkuntza publikoa, giza eskubideak eta, orokorrean, gure bizi- baldintzak ziurtatzen dituzten elementu guztiak urratzen dituzten bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.