Zazpi urte bete ditu urrian, San Simon eta San Juda egunean. Berbaro elkartea izan zuen bultzatzaile nagusi baina ez bakar. Zortziehundik gora herritarrek, pare bat alderdi politikok (ez zenukete asmatuko zeintzuek) eta elkarte batek baino gehiagok erosi zituen akzioak urteetako ametsa gauzatu zedin. Plateruena.
Baga: euskara eta euskal kultura oinarri. Biga: parte hartzea eta auzolana zutabe. Higa: munduko kultura guztiei zabalik atea. Aurrera eroaten baino idazten errazagoa diren berbak, bai, pausoa norantz luzatu jakiten laguntzen dutenak ordea. Oinez dabilenak izaten du hanka sartzeko arriskua eta, Aretxabaletako Txikiak zioen moduan, bat lokatzetan sarri, baina zapatetan goroldiorik ez horraitino.
Ustez ezkerretik, pribatua izatea egotzi izan zaio, publikotasuna erakundeen finantzaketari atxikita soilik ulertzen baitu zenbaitek, non eta ez dagokion norberaren ondareari, hori, zelan ez, herriarena baita. Herritarrek eta elkarteek jarritako diruarekin eta lanarekin egina, berriz, pribatua. Harrapazank! Txakurrak zapatilekin dabiltzala gurean. Eskumatik ostera, esan gitxi eta egin gitxiago. Kortatuk zioen moduan, bihar eguzkia eta eguraldi ona.
Gerediagak argitaratu duen liburuxkan, berriz, mapa bat aurkituko duzu. Bost puntu, bertan azokako programazioa garatuko den tokiak seinalatuz. Badaezpada, Artisautza Azoka non den ere adieraziko dizu, baita Durangoko informazio gunea non dagoen ere, Pedro Pablo Astarloaren eskulturara bidean gal ez zaitezen. Plateruenaren berririk ez. Nago mapa egin bezperetan David Copperfield Durangotik ibili ote zen eta Plateruena ez ote dabilen orain linboa deritzon paraje horretan, Henri Rousseau aduaneroari poltsikoko harriak Mañaria errekakoak direla azaldu guran.
Eguenean, Landakoguneko argiak amatatzen direnean, Plateruenak zabalik jarraituko du.
Larrepetit
Plateruena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu