Atseginez eta arretaz irakurtzen ditut Jon Eskisabelek eta Lorea Agirrek BERRIAko Plaza-n idazten dituzten zutabeak. Euskal kultura deritzogun hondorik bako salda-poto horretan, aldez edo moldez, gabiltzanon ganbarako itoginei buruz dihardute, beraiek ere horretan ibilki. Ilaran idazten du Jonek, eta aspaldion kezkatuta dabil kultur sortzaileon paraderoaz. Don Inorrezten ari garela, horraitino.
Meritu, ekarpen eta ahaleginen mailan arotzen edo harakinen pare gaudela esan zuela Sarasuak; hortik eta ikusezin bihurtzerainoko gardentze aro batean ez ote gauden susmoa, Eskisabelek. Eta biekin nator bat. Ez baita maila txarra harakinena eta arotzena: norbere kontura diharduten langile jendea bietan, oker jotako kolpe batek atzamarrei ere nagia kentzeko arriskua eta zerbitzu zuzena. Ezer espektakularrik ez, ezta esklusiboki metropolitanoa ere. Hortxe dagoke koska.
Klaussek hogeita hamazazpi urte ditu. Berlindik dator. Bizar sarri samarra eta koadroekiko alkandora. Argazkilariaren aurrean, klaseko argazkia egiterakoan agertu gura ez zuen ikaslearen aurpegiera jartzen du. Prentsa oharrak dio artea erraietatik ulertzen duen belaunaldi alemaniar berriko artista dela, espresionismo iragankorraren labealdikoa. DJ batek Wagner scratcheatzen duen bitartean, berak, uzkian pigmentua jarri, eta alimaleko gorotzaldi koloretsuak egiten ditu metro eta erdi estu eta hamar luze den mihise batean.
Prentsa atzerakoiaren gehigarri aurrerakoienek bi orrialde eskainiko dizkiote, eta komunikabide aurrerakoienek, atzera geratzeko beldurrez, bat baina ahal bada, argazkia koloretan. Ez du gutxiago merezi Klaussen kakak.
Arotzen, harakinen eta tokiko kultur sortzaileon kaka, aldiz, betikoa da, marroxka triste hori (saturazioa gorabehera). Zulo batzuk bete eta beste batzuk husteko balio du. Pop-Art deritzona Ondarroan.
Larrepetit
Pop Art
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu