Aurreko batean, lan bati esker, mugimendu feministaren historia berrikusi nuen. Hor aurkitu nuen pentsamendu feministaren lema bilakatu zen tesi garrantzitsu bat: Pertsonala dena, politikoa ere bada. Kate Millet-ek landu zuen ideia hori Politika Sexuala liburuan (Política Sexual, 1969). Milleten garaietan salatzen hasi ziren emakumeen errealitatea askotan ezkutatzen zela pertsonala etiketa azpian. Horrela, ubeldurak, bortxaketak, jipoiak, irainak... etxe barruan gelditzen ziren. Emakumeontzat gotorleku izan beharko lukeen etxea, torturen presondegia bilakatzen da askotan.
Bide batez, politikoa eta pertsonala erabat banatzean, botere, jazarpen eta esplotazio gune oso garrantzitsu bat ezkutatzen da. Horregatik, emakumeek lotsa sentitzen dugu eraso bat salatzerakoan, bizitza pertsonalarekin uztartzen delako —askotan sexualitatearekin— eta, gehienetan, salatzerakoan emakumea izaten da zigortua eta epaitua.
Tratu txarrei egunero aurre egiten dien lagun batek zera esan zidan: «Benetako infernua, salaketa jartzearekin batera hasi zen». Horregatik, feministok salaketa era alternatiboak erabili izan ditugu ia beti. Sarri, gure salaketak, salaketa judizialak edo polizialak baino hobeak eta eraginkorragoak izan direlako.
Gaurkoan, salaketa txiki batekin nator, nirea, niri gertatutako zerbait, nire bizitza pertsonalarekin uztartzen diren gauza horietako bat. Aurreko egun batean, telebista plato batean, mikroa jartzen zidaten bitartean mahaikide batek ipurdia ukitu zidan —kolpe tonto horietako bat— zuzenean atera baino hamar minutu lehenago. Geroago, nire ipurdiaz berarekin eztabaidatzen nuen bitartean, ukitua justifikatu zuen, eta zera botazidan: «Salatu ezazu!».
Eta hementxe nago nire salaketarekin, salaketa orokor batekin. Nazkatuta nago ipurdi ukituez! Emakumeak gehiegi ukitzen dituzten gizon horietaz! Nola izan daiteke norbait hain babosoa lotsarik sentitu gabe? Tuntun nazkantea, hementxe duzu nire salaketa!
Larrepetit
Salaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu