Larrepetit

Sariez eta zigorrez

2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ezjakina naiz honetan. Ez dakit nola aukeratzen diren Literaturako Euskadi sarietara aurkezten diren lanak. Beraz, ez dakit nork aurkeztu zuen Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean. Baina gertatutakoa ulertzeko ahalegina egin nahi izan dut.

Demagun Eusko Jaurlaritzako inork ez zuela imajinatzen Sarrionandiaren liburua saritua izan zitekeenik. Eta sekulako ezustea hartu zutela epaimahaiak aukeratu zuenean. Eta bat-batean erabaki behar izan zutela zer egin euren bezeroak eta bidelagunak ahal zen gutxiena haserretu zitezen. Eta, horregatik, saritu bai, baina aldi berean zigortzea erabaki zutela.

Horrela izan zitekeen, baina ez da aukera bakarra.

Demagun Eusko Jaurlaritzakoek imajina zezaketela Sarrionandiaren lana saiakera sailean saritzea posible zela. Eta hori gertatuz gero zer egingo luketen erabakita zutela lehenagotik: beren bezeroek eta bidelagunek ikus zezaten «Gobernu honek» bere printzipiotan firme jarraitzen duela, ez dela ahaztu legealdiaren hasieran sinatutako akordioa eta «penatuak» pixkanaka «Euskadira» ekartzea ona litzatekeela esaten hasi arren, ez duela barkatuko zorra kitatu gabe auskalo non bizi den «penatu» iheslari bat. Eta, horregatik, saria eman bai, baina aldi berean zigortzea erabaki zutela.

Seguruenik ez dugu jakingo, baina erabakiak euskaldun askoren haserrea piztu du. Ezin delako ulertu nola eman daitekeen saririk gabeko sari bat. Ezin delako antzeman horrelako zerbait egiteko benetako arrazoia. Ezin delako onartu agintariek zordunen zorra balioztatzeko erabiltzen dituzten neurri diferenteak. Ezin delako ametitu zigorra eman ahal izateko, lehenago saria ematea.

Hala ere, azken garaian ikusi eta irakurritakoagatik, esango nuke jaurlaritza honena ez den beste maila batean dagoela Sarri honez gero. Eta, nahi izanda ere, ezin dutela zigortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.