Baita zera ere!» sinesgaitzetik «benetan?» sinesberara artean kabitzen dira gehienon uste eta irudipenak. Baterako edo besterako joera berezkoa dutenez aparte, aldagarriak dira. Ez da ohikoena gertakizun baten aurrean «baita zera ere!» esatetik «benetan?» esatera gazteek klikatzeko behar duen denboran pasatzea, baina ez da ezinezko. Kontrako norabidean ere ez. Ingurukoen argumentuek edo bi aldiz pentsatzeak eragin dezake baterako zein besterako bidea.
Aste honetan, ordea, izan dira bi albiste inoren argumenturik gabe edo pentsatzen izerditu gabe ere sinesgaitzenak sinesbera eta sinesberenak sinesgaitz bihurtzeko modukoak. Eta izan dira bi albiste, bigarren atala ezagutu bitartean uste eta irudipen gehienak mutur banatan bilduak izan dituztenak. Eta hemendik aurrera balantza alde batera zein bestera makurtuko dutenak: Biurdana eta Polloeko gertakizunak.
Sinesgaitza behar du oso pertsonak bortxaketa bat gertatu dela jakindakoan «baita zera ere!» esateko. Biktima ustekoak gezurra dela aitortu ondoren handiagoa izango da hurrengoan sinesgaitzen taldea. Sinesgaitz gehiago izango zen seguru asko Polloen lurperatuta zegoen haur jaioberriari buruzko ikerketaren aurrean. Zientziak han gorpuzkin arrastorik ez dela frogatu ondoren handiagoa izango da hurrengoan sinesberen taldea.
Mundua sinesgaitz eta sinesberen artean banatzeko ahalegin antzuetan itsututa, garrantzitsuena ahaztu dut, ohi dudanez. «Biurdanakoa albiste ona da», esan dit. Ez da bortxaketarik izan. Eta hori, sinesgaitz edo sinesbera, albiste ona da. Denontzat. Kezka eragin dit. Handia. Une batez, nahiago izan dudalako benetan gertatua izatea, hurrena bortxatzen duten emakumeak dobleko sufrimendurik izan ez dezan.
Polloen 34 urtean bisitatu duten alaba ez dagoela han jakitea ere albiste ona da. Sinesgaitzak sinesbera bihurtzeko besterik ez bada ere.
Larrepetit
Sinesgaitzak eta sinesberak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu