Gaur goizean ordenagailua piztu eta sare sozial horietako batek hurrengo hau jakinarazi dit: Vatikanoan Ukrainako feminista bat atxilotu dute, han bertan titiak erakusteagatik. Izenburua irakurri eta segituan sakatu dut esteka, irudia ikusteko irrikan. Han zegoen neska eder hura, garrasika agertzen zen emakumeon askatasunaren eske. Hori zen argazki azpian azaldutako hitzek esaten zutena. A ze argazki indartsua! Bera bai zirudiela askatasunaren beraren irudia. Femen taldeko feminista hori atxilotua izan da, eta barkatuko didazue, baina nik oraindik ez dut ulertzen zergatik egin duten. Inori minik egin gabe bere gorputza erabili du aldarrikapen bat bideratzeko. Horregatik jendea atxilotu egin behar al da?
Aldiz, beste esteka bati esker hurrengo hau jakin dut: Irlandak Vatikanoan zuen enbaxada itxi egingo du. Irlandako gobernua oso haserre dabil Vatikanoarekin. Ez da harritzekoa, dirudienez, Vatikanoak aurpegia eta eskuak garbitu egin ditu umeen jazarpen sexualen eta bortxaketen aurrean. Irlandako ikertzaileen hitzetan, Eliza katolikoak nahiago izan du bere irudia zaindu, bortxaketen eta jazarpen sexualen kapitulua argitu baino. Kasu honetan ez dute inor atxilotu, nahiz eta kasu gehienetan jakin nortzuk izan diren jazarpen horiek egin dituztenak.
Azkenik, Barcinari merengez eginiko pastelak aurpegira botatzeagatik hainbat pertsona atxilotu dituzte; dirudienez, Frantziako merengea oso gogorra da, eta pailazoen festa batean joko hutsa denak kasu honetan ilegalitate guztiak ukitzen ditu, eta segur aski terrorismo puntu bat ere badu.
Zer gertatzen ari da mundu honetan? Nola egin behar ditugu gure aldarrikapenak? Elizak bortxatzen gaituenean eta gobernuek gure eskubideak ukatzen eta urratzen dituztenean, jakin daiteke nola demontrebideratu eta aldarrikatu behar diren gizarte zibilaren eskubideak?
Larrepetit
Titiak Vatikanoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu