Baratze xoko batean, konpostagailua ezarri genuen orain dela urtebete pasa. Etxean, handi ala ttipi, ohitura bilakatu da platereko soberakinak konpostagailura botatzea; haragiki eta arrainkiak salbu, ulitzarrak erakartzen baitituzte. Sartu eta sartu, kutxa magikoa da, ez baita inoiz betetzen.
Aurtengo primaderan bildu dugu egindako lanaren uzta. Konpostagailua azpitik idekirik, ogi zahar, patata azal edo baratzeko belar zitezkeenak, mirakulua balitz bezala, lur bilakatu direla egiaztatu dugu. Aitzur eta palaz, lur berria tomate eta beste barazki zenbait landatzeko ongarri gisa baliatu dugu, haurren loriarako. Lan guziaren sari, ekainean landare ederrak atera dira jada, eta laster, platerera itzuliko dira tomate gorri eta kuiatxo ederrak.
Ipar Euskal Herrian hondakinen tratamenduari buruzko eztabaida orain hamar urte abiatu zen. Baionan, Bacheforeseko errauskailua zegoen; baina baionesek ez zuten halako laberik gehiago nahi. Istripuz istripu, kutsadurarekin biziki arranguraturik bizi ziren auzoak. Errentagarritasunaren izenean geroz eta hondakin gehiago erretzen zituen sabel aseezinak, eta kezka hein berean handituz joan zen.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako udalei galdegin ondoren inork bere herrian errauskailurik nahi ote zuenez, denen adostasunarekin lortu zen errauskailua ixtea eta ez berririk eraikitzea. Alta, ez ziren guti izan errauskailuaren lobby-ak egin zituen presioak eta herriei eskaini zizkieten diru zamak.
Geroztik, hondakin kopurua gutitzen ari da urtez urte. Baina oraino 377 kilo zabor biztanleko sortzen dugu. Informazio kanpaina zabalak izanik ere, birziklatzeko behar guziak etxe ondoan baldin baditugu ere, hondakinen %15 baizik ez dugu birziklatzen.
Agintariak ere hasiak dira urrats berria egin beharrari buruz gogoetatzen. 2014an izanen diren herriko hauteskundeen bezperan, ez dirudi garairik hoberena, halako gai sentibera biziki fite gai arras politiko bilaka baitaiteke.
Larrepetit
Tomate gorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu