Frantziako lehendakari hauteskundeetarako gelditzen diren bi hautagai sozialisten artean hautatzeko gomita egin dute igande honetarako. Bere burua ezkertiartzat duen edozeinek parte har dezake sozialisten arteko lehian, euro bateko txanpon baten truk, kanpaina finantzatzen laguntzeko.
Sozialistek nonbait ez diote show itxurako ekimen horri beldurrik. Are gehiago, Estatu Batuetan egiten dela arrazoitzen dute, ekimena gehiago justifikatuko balu bezala. Alta, hauteskunde hauen izaera kontserbadorea indartu dute, taldelanari pertsonen irudia gailenduz.
Martin Aubry eta François Hollanden artean erabakiko dute. Jacques Delorsen alabak ama zuberotarra izateak berez ez digu berme berezirik ematen. Pentsa, François Fillon egungo lehen ministro eskuindarraren ama Barkoxekoa da, eta ttantta Atharratzekoa. Fillonen gurasoak Azkainen bizi dira azken urteotan, eta iaz Abiadura Handiko Trenaren bide berrien kontrako eskaria izenpetu bazuten ere...
François Hollandek ez du erro euskaldunik, baina badaezpada, uda honetan bere ikastalditxoa egin du Euskal Herrian. Lehenik Baionako bestetan, xuri-gorriz bezti. Eta, gero, Larraineko Monzon Pastoralean izan genuen. Lau orenez txintxo-txintxo, haize hotzaren beldurrik gabe, eta Eusko Gudariak abestia, Lepoan Hartu edo Batasuna Monzonen kantuen itzulpena liburuxkan irakurtzean, edo xiberotarrek «gudariak» antzezterakoan irribarreak eginez. Hollanden neska-lagunak, aldiz, ez zuen hainbeste apreziatu, ageri zenez...
Euskal Herritik so eginik, Aubryk eta Hollandek Frantziak hizkuntza gutituen Eurokarta berresteko eta, ondorioz, konstituzioa aldatzeko engaiamendua hartu dute. Aubryk Bretainian bretoia eskola guztietan derrigorrez irakatsia izateko proposamena ere egindu. Eta Bretainian posible bada... Ea hitza bururaino betetzen duten.
Larrepetit
Txanpon baten truk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu