Larrepetit

Tximuen notizia

Arantxa Iturbe.
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bururatu zaio gizonari galdera: konta ezin ahala tximuri konta ezin ahala idazmakina parean jarri ezkero lortuko ote lukete Shakespeareren obraren bat idaztea? Egin omen zuten behin saiakera, orain zortzi urte, seirekin, eta hogeita hamar egunen buruan bi gauza lortu ere bai: bost orri S-z betetzea eta teklatua txikitzea.

Baina, orain burutazioa izan duenak ez zuen teklatuak hondatzeko batere gogorik, eta sortu ditu konta ezin ahala tximu birtual. Eta baita lortu ere: poema bat atera omen da konta ezin ahala letra konbinazioen artean, Shakespearek idatzitakoaren berdin-berdina. Jesse Anderson izena. Burutazioa izan eta tximu birtualak lanean jarri dituenarena.

Hala saldu digute behintzat albistea.

Egun berean, sareko albistegitik bestea: Telebilbaok eta Radio Nevionek salgai jarri dituztela notiziak. Prezioak zehaztuta. Irratia merkeena, minutu bateko albistea 200 euro gehi BEZa, eta telebistako zuzeneko bat garestiena: 2.300 gehi BEZA Bilbo handirako nahi bada. Alegia, Jessek nahi balu bere tximu birtualak nola lan egiten duten erakutsi, ez luke nahikoa kazetariaren jakingosea tentatzearekin. Ordaindu egin beharko luke bere burutazioen berri albistegian eman eta Bilbo osora zabaltzeko. Nahierara, noski. (Beno, hau berria irakurri ondorengo ondorioa da; ze, behin honetara ezkero, gerta liteke kazetariak albistea bere erara kontatzeko eskubidea duela esatea ere).

Kazetaritza krisian dagoela, alegia. Ez da berria. Ekonomikoak harrapatu baino lehenago zegoen beste krisi batzuk erasanda. Bururatu zait zulotik ateratzen hasteko bide bat: zergatik ez dituzte komunikabideetan kazetariak saldu (merke-merke, asko dira eta ohituta daude) eta konta ezin ahala tximu birtual lanean jartzen erredakzioetan?

Tarteka aterako litzaieke notizia deigarriren bat, eta beharbada, noizbehinka, baita benetakoren bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.