Larrepetit

Txistuka

2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ez nituen zortzi urte izango, txistuka ari nintzen batean, anaia artatzera etorritako medikuak isiltzeko agindu zidanean, neskek txistu egiten zutenean Ama Birjina haserretzen zela esanda. Garbi gogoratzen dut pentsatu nuela horregatik haserretzeko baino lan premiazkoagorik izango zuela Ama Birjinak. Eta, pixka bat isilago baina hantxe bertan, segitu nuen txistuka.

Garai hartako heziketan gehien lantzen zen balioa obedientzia zela kontuan izanik, horrelako balentria egiteko gauza izan zen neskatoarengan txistu jotzearen ohitura sendo errotzea ez da harritzekoa. Beraz, gaiaz mintzatzeko nahikoa ezaguera aitortuko didazue.

Horregatik, esan dezaket txistua jotzeko era diferenteak daudela. Batzuetan, barruan dantzan dabilkigun doinu ezaguna jotzen dugu, nahi gabe bezala, baina melodiari eutsiz. Bestetan, nota solteak dira, inongo pentagramatan idatzi gabe daudenak, pentsamenduak bezala, batak bestea ekarri eta doinu ezezagunean kateatzen direnak. Txistu jo daiteke ezpainekin mutur borobil bat dibujatuz, bien arteko irteeratxotik airea egotziz edo, kasuan-kasu, xurgatuz. Edo egin daiteke ere ezpain eta mingain artean zirrikitu estua utzita, haize turrusta bat botaz, nahiz eta era horretan zailago izan doinua lortzea. Txistu jotzen da askotan beste zeregin batean kontzentratuta egon bitartean, ia konturatu gabe. Edo ekintza bera izan daiteke arreta guztia bereganatzen duena beste guztiak ez funtsezko bilakatzen direlarik.

Eta batzuetan, oso barrutik datorren aldarria da, aurreko belaunaldien sufrimendu estaliak sortua, garrasi bat bezala piztu eta zabaltzen dena, hainbestetan zapalkuntzaren ikurra izan den martxa baten doinuak estaltzeko.

Horrelakoetan ezin jakin birjinen bat haserretuko ote den, baina birjin ez diren batzuk zeharo asaldatzen direla bistan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.