Larrepetit

Udagoieneko kukuak

Unai Iturriaga.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kukutza III jabego pribatuaren izenean hustu eta eraitsi dute. Berangoko Kukullaga Goikoa baserriaren desjabetzea hamabost egunez atzeratu badute ere, lukurreroen mehatxuak hor dirau. Batean zein bestean, kukuaren kontra jo du legeak. Kukutza eta Kukullaga: udagoieneko kukuak.

Errekaldeko Kukutza III aterpetzen zuen eraikinaren jabetza Cabisa enpresarena dela jakin dugu, Construcciones Castrum Varduliex heteronimoaren pean ere kukutu izan dena. Asterix eta Obelixen lehengusu-txiki kantabriarrok Castron jotako kukurruku espekulatzaileak koplak jartzekoak ei dira. Baina nago Castrum Vardulia horretan ere koblakaria zuhaitzen batetik dingiliz eta mutu edukiko dutela basurde-janak dirauen artean, lirika ez baita otorduetarako.

Mahaian, edo negozioak, edo umorea. Batagatik zein besteagatik, imajina dezaket mahai horretan Bilboko alkate txit gorena neba-arreba kantabriarrei kontatzen udagoieneko kukuaren pasadizoa. Zelan udaberriko kukuaren kantuak patrikak berotzen dituen eta udagoienekoarenak bizkarrak, Bilbon behinik behin. Betiere justiziak hala aginduta. Eta postrerako adreilu porlanez gaineztatua edo teilak, denak etxean eginak.

Kukullaga Goikoa baserriak ere baditu teilak, banan-banan janarazo behar lizkieketenak desjabetza bultzatu duten lukurreroei. Zorra zor, esango dute haiek, interesa %29an jarrita, lasai horraitino. Baserria, lurrak eta bizitza oso bi hogeita hamar mila euro eskasen berme. Horra kukuak oker joko dien beldurrik barik lapurretari legezko soinekoa janzteko beste era bat.

Kudeatzaile pragmatikoek esango dute legeak ez dituztela beraiek egin, aldatzen ez diren bitartean betearaztea dela euren lana. Gura dutenean euren azpitarte zabaletatik pasatzen duten lege horren aurretik giza-legea deritzona egongo ez balitz legez.

Gaixo kukuak udagoienekoak. Ez aterperik ez patrikarik berotzen,poesia irakurtzen duteorain, «…lukurreriaren kontra, justiziaren kontra…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.