Larrepetit

Utikan Zuberistan!

Hur Gorostiaga.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Azken asteotan Espainiako armada Leitza aldean praktikak egiten ari zen bitartean, frantses armada Zuberoako Lexantzü-Zunharre gainetan ibili da. Afganistarena joan aitzineko azken entrenamendua omen. «Bearnistan» deitu dute operazioa, baina Zuberoan aritu dira 80 militar, biztanle kopuru bera duen herrixkan. Inguruko 2.500 metroko gailurrek Afganistaneko mendiekin antz handia ei dute.

Militarrak oinez eta helikopteroz, beste batzuk Afganistango mendialdeko baserritarrez jantzirik, talibanen eraso bat jasaten duen herrixka zen Zunharre, militarren jolastoki, Maule-Kabuletik hurbil. Baionan ditugun 2.000 paraxutistak, eta egunero hiri erdian entzuten ditugun tiro hotsak aski ez —askok obra bateko lanen harrabotsa dela uste du...—, eta orain Estatuko beste kasernetatik heldu zaizkigu Euskal Herrirat.

Hautetsiek, herritarrek, ez omen dute deus erraterik «segurtasun nazionaleko» operazioetan.

Nafarroan hautetsiek salaketa egin badute ere, Iparraldeko frantses hedabideek okupazioa salatu ordez, harrotasuna agertu dute frantses armada gure mendietan gerlara prestatzen delako. Bideo eta argazki sorta zabaldu dituzte fier.

Azaroaren 11 iragan berri dugun honetan, historiak duen pisua oraindik hor dago. Lehen mundu gerlan izan ziren intsumiso eta desertore bakezaleak ohoratu ordez, oraindik «morts pour la patrie» horiek omentzen dihardugu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Eta une berean Libian egindako sarraskia goraipatzen ari dira, ahalkerik gabe. Libiako gerla«hilik gertatu gabe» egin dela diote harro gobernuko kideek. Frantsesik ez zen hilko, baina zenbat libiar garbituko ote zituzten frantsesek...

Haurrak bezalakoak dira. Hobe haien eskuetan armarik uzten ez badiegu.

Utikan Zuberistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.