Larrepetit

Zahartzen ari

Hur Gorostiaga.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko biztanlegoa etengabe emendatuz ari da, kanpotik, Frantziatik gehienbat heldu direnengatik bereziki. Sortze eta heriotze tasak berdintzera jo badute ere, bertan sortzen dena baino anitzez jende gehiago heldu da atzerritik.

Egoera horrek sekulako desorekak sortzen ditu. Kostaldea da jende gehien erakartzen duena. Soldata handidunak Hendaia eta Angeluren artean kokatuz, soldata apalenekoak, bertakoak eta gazteak batik bat, barnealdeko lurraldeetara joan beharrean dira etxebizitza bila, lana eta etxearen artean kilometro sorta landatuaz.

Miarritzen azken mendean izandako biztanlegorik apalena dute egun, etxeak erosten dituztenak oporretan baizik ez baitira bertan bizi.

Donibane Lohizuneko etxebizitzen erdiak baino gehiago kanpotarren udako etxeak dira. Neguan ez dira etxe.

Dirudun eta adinekoek kostaldeko guneak berenganatuz, beste desoreka bat sortzen da ere. Ekonomia produktiboaren ordez, zerbitzuen ekonomia garatuz doa, zaharrenei zuzenduriko xerbitxuez. 10 lanpostutik 7 baino gehiago dira zerbitzuetan.

Epe motzeko lanpostuak sortzen badira ere, epe luzera pobretzen ari gara. Aldaketa sozioekonomikoek luzaz utziko dute beren arrastoa. Adinekoak dependentzian egotetik, lurralde oso bat adinekoen menpe egotera pasako baita.

François Fillon lehen ministro frantsesa alzheimerrak jota dabil. Erretreta hartzeko adina luzatu berri badu ere, berriz ere gehiago gibelatzeko xedea agertu du. Erretreten sisteman egin diren aldaketak direla medio, 2020. urtetik aitzina beste faktore berriek eragingo dute gurean. Hala nola, erretretara joanen diren adinekoen arteko desoreka ekonomikoak handituz joanen dira, eta geroz eta gutiago izanen dira kanpotik etorriko diren adineko aberatsak. Krisi berri bat sortuko da orduan, ekoizpeneko ekonomiarik gabe, eta zerbitzu ugarien bezero faltarekin. Eta zaharrenek geroz eta zaharrago lan egin beharrez. Bada garaia ekoizpen sektoreetan inbertitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.