Bat. Bat, izan daiteke munduko edozein hizkuntza bat, gaztelania. Laurehun eta berrogeita hamar milioi hiztun dituen hizkuntza bat. Munduan zehar barreiaturik, eta ez haize bidez, bizi den hizkuntza bat. Zaku berean, frantsesa. Bat, izan daiteke munduko beste hizkuntza bat, euskara. Zortziehun eta hirurogei mila hiztun dituen hizkuntza bat, mendez mende itoarazi nahi izan duten hizkuntza bat. Gaixo bada ere, oraindik arnasten duen hizkuntza bat.
Bi. Bi, izan daitezke munduko edozein bi estatu, Uzbekistan eta Venezuela. Edo, izan daitezke gertuagoko bi estatu, zeinak tartean duten hirugarrenari, hozkan ari zatzaizkion, batek goitik, besteak behetik, jan eta jan. Zazpi, izan daitezke zazpi asto, hamalau atsok euren gainean tronpeta jotzen zuten zazpi asto. Edo, izan daitezke bakar bat izan nahi duten zazpi herrialde, sentitzen ez den muga batek bereizten dituen zazpi herrialde.
Hamalau, lehendabiziko mozkorra hartzen duzun adina izan daiteke. Edo, gaixotasun larriak pairatu eta legeak dionaren aurka, kartzelan dirauten euskal presoak. Seiehun eta hogeita hamalau, gazta erdi baten pisua izan daiteke, gramotan. Edo, lau pareten artetik irten ezinda bizi den euskal preso kopurua, herri batek, eurak aske ikusi arte askatasunik izango ez duen preso kopurua.
Mila bostehun eta hamabi, gazta oso baten pisua izan daiteke, hau ere gramotan. Edo, izan daiteke, Nafarroako Erresumak burujabetza galdu zuen urtea. Uler dadila galdu aditza, soldaduz eta zaldunez osaturiko ejertzito batek, berea ez den herrialde bati egindako gonbidapen bat bezala.
Mila bederatziehun eta hogeita hamazazpi, izan daitezke hozkailu berri bat erosteko behar dituzun euroak. Edo, Euskal Herriko zerua, suzko kaka egiten zuten txoriz bete zen urtea. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamabost, bi mila eta hamaika, bi mila eta hamabi...
Larrepetit
Zenbakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu