Axel, maitea, hilabete gutxi dituk oraindik. Baina koxkortzean, haur gehienak bezala, «zergatik?»galdetzen ikasiko duk, eta gauza guztien zergatiaren bila abiatuko haiz.
«Zergatik?», aita kartzelako horma hotzen artean ezagutu duan galdetzean, hi jaio baino lehenago preso eraman zutela kontatu beharko diagu. Kartzelako kartzelan, isolaturik eduki zutela, baina aitak besoetan hartzen hinduen bakoitzean egoeraren gogortasuna samurtzen laguntzen hiola eta indarra ematen.
«Zergatik?» preso galdetutakoan, Audientzia Nazionala zer den argitu beharko zaik, eta egun batean, han, «epaiketa» bat egin ziotela aitari kontatu:sekulan ez duela armarik esku artean izan eta inor ez duela hil defendatu dik aitak, sutsuki; txapela kentzeko moduan, gainera. Errugabea denaren segurtasunetik, eskatu adina informazio eman dik, eta ez dik galdera bakar bat erantzun gabe utzi.
«Zergatik?» errudun galdetuko duk. Epaileek, kalitate txarreko DNA froga susmagarri batzuk nahikoa direla erabaki dutelako, edo, inolako frogarik gabe, ETAkoa izan ez baina bere aginduak betetzen zituela ondorioztatu dutelako, aitak errugbi talde jakin batean jokatu zuelako, bikotekide ohi bat maite izan zuelako, modu batera eta ez bestera pentsatzen duelako, eta euskaraz jakiteagatik, erantzun beharko diagu.Ez duk ezer ulertuko.
«Zergatik?» aita ikustera joateko ama eta biok, aitona-amonek, izeba-osabek eta lagunek ehunka kilometro egin behar izaten dituzuen astero galdetuko duk.
«Zergatik?», familia baten mina baretzeko hirean samina sortu duten.
«Zergatik?» guztien erantzunak aurkitzea nekeza egingo zaik, eta ulertzea, are zailagoa.
Baina Axel, bide honetan, Gurutzek bezala, ez ezak sekulan irribarrerik galdu. «Zergatik?» Horrek bakarrik baretuko duelako etxekoengan injustiziaren amorrua, eta beteko, nolabait, etxetik eraman dutenak utzitako hutsunea.
Larrepetit
Zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu