Azkenaldi honetan hainbat berri entzun ditut, eta zalantzan nago: urduri jarri, edo txantxetan hartu eta barreari eman. Batetik, Cospedalen neurri berriak dauzkagu, Gaztela-Mantxaren Herriaren Defendatzailea kenduko du. Gainera, aurreikusten da, horietako neurrien artean, Emakumeen Zerbitzuak ere itxi egingo dituztela. Informazio hori irakurtzeak ikaratzen nau. Gehienbat, Cospedalek ahulenak babesten dituzten zerbitzuekin edo erakundeekin bukatzeak erakusten digulako nondik joango diren estatuaren gobernu berri honen neurriak. Hau da, gorputz astinduenen ahotsa ezkutatu, eta haien aldarrikapenak eta beharrak ukatu.
Bestetik, jakin dut, Ameriketako Estatu Batuetako telebistako Fox kateko programa batean,—Follow the money—, aurkezleak Gustabo Igelaren —beste Teleñekoen artean— aurka egin duela, mezu antikapitalistak zabaltzeagatik. Dirudienez, panpina kuadrilla horren azkeneko filmean, gaiztoa diruzale amorratu bat da eta Teleñekoen egoitza petrolio-ustiategi bihurtu nahi du. Hori izan zen programa hartan jorratu zuten gaia, bai. Sesamo auzoko matxinatuek, dirudienez, gure belaunaldian izan duen estalka neurtu daiteke egungo mugimendu antikapistalistaren hedakuntzan.
Ulertuko didazue bizitzen ari naizen eskizofrenia hau. Batetik, eskuindarrek eta haien krisiaren aurkako neurri-bildumak beldurgarriak iruditzen zaizkit, baina, bestetik, umoreari heltzen diot nahi gabe. Imajinatu hurrengo eszena hau, Cospedal eta Fox-eko aurkezlearen arteko elkarrizketa: «Cospedal, zertarako mantendu Herriaren Defendatzailea? Kokok, Gustabok eta Peggyk hezitako jendilaje horrek ez du protestarako erakunderik behar! Gainera, Espainian Bola de Cristal delako hori ere izan zenuten!! Cospedal, kontuz, badakizu: horiei ezta urik ere!». Barregarria bai, beldurgarria ere bai.
Larrepetit
Zoratzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu