Legearen ardatza izatea nahi dute

EAEko Hezkuntza Legearen zutoinak euskarak, euskal kulturak eta euskal curriculumak izan behar dutela uste dute hezkuntza komunitateko eragileek. Herritarrak sinatzera animatu dituzte.

Hezkuntza eragileak, atzo, eskaria sinatzen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseiluaren deiari erantzun dioten hezkuntza eragileak bat datoz: euskarak EAEko Hezkuntza Legearen ardatz nagusietako bat izan behar du. Eragile denek gabeziak ikusten dizkiote lege proiektuari, eta aldaketak eskatu dituzte euskararen normalizazioan urratsak egiteko. Uste dute oraindik badela aukera legea «hobetzeko», eta ezinbestekoa deritzote gizarteak ere gaiarekiko konpromisoa hartzeari. Sinadura bilketa tresna egokitzat dute: «Denok daukagu zer egina arlo honetan».

Ikusi gehiago: Sinadurak bilduko dituzte «euskara gehiago» egoteko Hezkuntza Legean

Gasteizko agerraldian izan diren hainbat hezkuntza eragileren iritzia jaso du BERRIAk.

NEKANE ARTOLA
Ikastolen Elkartea
«Euskaran eta euskal kulturan ardaztu behar da hezkuntza sistema»

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko zuzendariaren iritziz, hezkuntza sistema osoa«euskaran, euskal kulturan eta euskal curriculumean» ardaztuta egon dadin, ezinbestekoa da hezkuntza komunitatea eta gizartea engaiatuta egotea. Uste du azken fasean den Hezkuntza Legeak parada ematen duela zutoin horiek ongi jasotzeko: «Aukera hau ezin da galdu». Artolak dio legeak murgiltze eredua bermatu beharko lukeela, erakutsi delako «eraginkorrena» dela ikasleak euskalduntzeko.

Sinadura bilketaren garrantzia azpimarratu du, gainera: «Kontzientziarako bideak zabaltzeko modu bat da. Ahalik eta jende gehienak sina dezan lortu behar dugu».

MARISA BITERI
Heize
«Euskararen normalizazioaren alde parte aktiboa gara»

Hezkuntza publikoaren eragile gisa, Heize sare publikoko zuzendaritza elkarteen federazioak bat egin du Kontseiluak egindako gogoetarekin. «Euskararen normalizazioaren aldeko ekinbideetan parte aktiboa izateko konpromisoa hartua dugu», azpimarratu du federazioko ordezkari Marisa Biterik. Azaldu duenez, Heizek EAEko Hezkuntza Legearen tramitazioan egin dituen ekarpenekin bat dator Kontseiluaren gogoeta, eta hartara, eskutik doaz biak ala biak.

LOURDES ERRASTI
EHIGE
«Euskarak presentzia handiagoa izan behar du Hezkuntza Legean»

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartearen izenean parte hartu du Lourdes Errastik Kontseiluak deitutako agerraldian, eta azpimarratu du euskarak Hezkuntza Legearen erdigunean egon beharko lukeela. Haatik, Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den testuak ez dio, bere iritziz, nahikoa garrantzia ematen hizkuntzari: «Lan egin behar dugu euskarak presentzia handiagoa izan dezan Hezkuntza Legean». Gaiak zabalkundea izan dezan, sinadura bilketa tresna egokia dela iritzi dio: «Denon artean egin behar dugu aurrera».

IRATI TOBAR
LAB
«Beharrezkoa da legean jasota egotea B2 maila eskuratzeko bermeak»

EAEko Hezkuntza Legea zuzenketa fasean dagoenez eta eztabaida irekita denez, araua «hobetzen» saiatzeko garai egokia dela iritzi dio Irati Tobar LAB sindikatuko hezkuntza arduradunak. Euskararen normalizazioaren bidean atzemandako gabeziak zuzendu eta neurriak txertatzeko garaia dela uste du: «Beharrezkoa da legean jasota egotea zeintzuk izango diren euskarazko B2 maila eskuratzeko bermeak eta ebaluazio irizpideak, eta, bereziki, euskararen normalizazioa lortzeko bermeak».

LABeko arduradunaren ustez, Hezkuntza Lege berri on bat lortzea hezkuntza komunitatearen ardura ez ezik, gizarte osoarena ere bada. Alde horretatik, iritzi dio sinadurak biltzeak parada eman dezakeela erantzun «kolektiboa» emateko: «Denok daukagu zer egina eta zer esana arlo honetan, eta guztion artean lege hobea lor dezakegu».

AINHOA ASTIGARRAGA
Steilas
«Hizkuntzen erabilera ekonomizista bati bidea ematen ari zaizkio»

«Hezkuntza Legeak, tamalez, hutsune handiak ditu euskararen normalizaziorako bidean. Euskara ez dago lege honen erdigunean». Zorrotz mintzatu da Ainhoa Astigarraga Steilas sindikatuko hezkuntza arduraduna legearen inguruan. Uste du eleaniztasunaren aitzakiapean, «hizkuntzen erabilera ekonomizista eta utilitarista bati» bidea ematen ari zaizkiola, euskarari lehentasuna eman beharrean. Astigarragaren ustez, hizkuntza eskubideak «%100ean» bermatu beharko lituzke hezkuntza sistemak, benetan «aukera berdintasuna» lortu nahi bada eta biztanle denek hizkuntza eskubide berberak izan nahi badituzte. «Hezkuntzak bide handia du egiteko, batez ere Lanbide Heziketan eta ikastetxe itaunduetan, zeintzuetan A eta B ereduak nagusi diren», ohartarazi du. Gizarte osoaren engaiamendua eskatu du hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.