Haur eta gazte literatura

Jajatxo

Jajatxo

Idazlea: Muguruza, Jabier / Probanza, Concetta

Generoa: Haur eta gazte literatura

Orri kopurua: 48

Argitaletxea: Denonartean

Protagonistak badu gabezia nagusi bat: memoria txarrekoa da mutikoa. Eta falta horretatik abiatuko da egunero-egunero haren jarduera sortzaile-abenturazale guztia.

Jajatxorentzat, jakin-mina, batetik, eta egiten dituen deskubrimenduak, bestetik, funtsezko elementuak dira bidean aurrera egin ahal izateko.

Nolabait, narrazio honen zentzua irakurleak berak bilatu behar du. Testuaren dardarak irakurlearengan durundi egitea bilatzen du, modu horretara zenbait ate  ireki ahal izateko, eta elkartze-kateak sortzeko.

Alice klasikoaren espiritua du nolabaiteko erreferente testu honek, eta Aliceren mundua, jakina denez, haren harridurak deskubritzera bultzatzen duen mundu bat da. Lurralde Miresgarria ez da helduek ematen dioten zerbait, baizik eta neskatoaren ekintzaren emaitza. Abentura etengabean, Aliceren pultsioak zuzentzen ditu bere urratsak: abentura-irrika zein jakin-min agortezina, intelektualak izateaz gain, gorputzaren esperientziarekin ere estuki lotuta daude.

Haurtzaroan, lengoaiaren aurreko etapan, hizkeraren sonoritatea da nagusi, bere erritmoarekin batera. Garai horretan lehen planoan dagoena da haren erabileratik ateratzen den atsegina. Oraindik ez dago zentzuzko erabilerarik. Zentzua bigarren mailakoa da. Subjektuak lengoaiarekin duen hasierako kontaktu horretan, bere elementu nagusien bidez (fonemak, soinuak), lehen asetze-esperientziak eskuratzen ditu.

Jajatxoren kasuan ere aurre-hizkera horrek pisu handia hartuko du istorioan zehar. Hitzen soinua, fonetika... zentzuaren gainetik daude errelatoan. Horixe da, hain zuzen, egileak bilatu duen lengoaiaren erabilera berezia. Zentzurik eza ere behin baino gehiagotan agertzen da ipuinean.

Lengoaia ez dago komunikazioaren zerbitzura, gozamenaren zerbitzura baizik. Jajatxok pertsonaia berriekin topo egitean, komunikazioaren porrota errepikatzen da behin eta berriz, eta gaizki-ulertua nagusitzen da, beti ere gozamenaren zerbitzura.

Bestalde, jakintzak ez du istorioan garrantzi handirik, "egiten jakitearen" auzia askoz gehiago azpimarratzen da. Subjektuaren alderdi eraikitzailea eta manipulatzailea da nagusi, asmakuntzaren dimentsioarekin batera.

Hala eta guztiz ere, absurduak presentzia handia izan arren, fikzioaren kontakizuna egitura logiko batean sostengatuta dago, eta egitura logiko horrek eusten diolako funtzionatzen du haren trama zentzugabe samarrak.

Azkenik esan ipuinak ez duela errespetatzen "hasiera-garapena-amaiera" egitura, hasiera eta amaiera lotuta ageri baitira bertan.

Laburki esateko, Jajatxo, egunero bere gabezia nagusitik abiatuta, jakin-minaren irrika eta mundua bere kabuz deskubritzeko gogoa inoiz galtzen ez dituen pertsonaia da.

Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.