Eva Forest Liburutopia espazioak «utopiazaleentzako» kafetegia eta liburu denda eskainiko ditu Gasteizko Alde Zaharreko Santa Maria kantoiko 4. zenbakian. Joan den ostiralean, abenduaren 1ean, bere ibilbideari ekin zion, ate irekiekin, brindis batekin eta inaugurazio festa batekin.
Larunbat goizean, berriz, irekierarekin batera iragarritako egitarauaren lehenengo ekitaldia eskaini zuten: Zigor Olabarriaren Pájaros azules liburuaren —Txori urdinak jatorrizko lanaren gaztelaniazko bertsioa— aurkezpen musikatua, Ziklone taldearen laguntzarekin eta Santi Cobos eta Victor Peco FIES preso ohien eskutik. Liburua espetxearen erretratu bat da, bere bizitzaren erdia preso eman duen Cobosek berak Olabarriarekin elkarlanean kontatuta.
Asteburuko «emozio uholdearen« ostean, asteari indartsu ekin diote Eva Forest Liburutopiako lagunek, eta abendurako ordutegi berezia iragarri dute. Espazioa astelehenetik larunbatera izango da zabalik: kafetegiaren kasuan, 09:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; liburu dendaren kasuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.