Ikertzailea eta idazlea

Manu Gojenola: «Gaur egun, 140 albokari inguru daude Euskal Herrian»

'Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz' liburua aurkeztuko du bihar Manu Gojenolak, Galdakaoko Alboka egunean. Liburua idazteko, 8.000 dokumentu baino gehiago ikertu ditu.

Manu Gojenola ikertzailea eta idazlea. MANU GOJENOLA
Manu Gojenola ikertzailea eta idazlea. MANU GOJENOLA
iraia vieira gil
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Musikaria, folklore ikertzailea eta idazlea izan zen Mariano Barrenetxea; haren ikerketa lanak garrantzitsuak izan ziren albokaren historia ezagutarazteko. Horren eredu da, esaterako, Jorge Riezu Aita Donostia-ren laguntzailearekin idatzi zuen Alboka en tono folclórico liburua. Barrenetxearen obra gogora ekartzeko helburuarekin, haren ikerketetan oinarritutako liburu bat argitaratu du Manu Gojenola aztertzaile eta idazleak (Idaho, AEB, 1956): Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz. Bihar aurkeztuko du, Galdakaoko Alboka Egunean, 12:00etan.

2018tik, Mariano Barrenetxeak gordetako 8.000 dokumentu baino gehiago aztertu dituzu. Zein izan da horren emaitza?

Liburu hau hasieran bildu nuen guztiaren herena da. Gaur egun ez da asko irakurtzen, jendea nagiagoa da, eta ez nuen zeozer mardula egin nahi. Albokatik eta erromerietatik kanpoko folklorearekin zerikusia zuen guztia ezabatu nuen. Bilbainadei buruz aurkitu nuena alde batera utzi nuen. Kopla zaharrak liburuan sartu ditut, baina aienerik gabe; laburtu egin ditut, lau lerro har ditzaten.

Zazpi ataletan banatu duzu liburua.

Bai, sarrera eta bibliografia kontatu gabe. Albokarien ingurukoa da lehenengoa. Bigarren atalak alboka munduaren ezaugarriak ikertzen ditu, eta hirugarrenak, Barrenetxeak aztertutako albokak. Barrenetxearen eskolaren ingurukoa da laugarrena, eta bosgarrena, koplei buruzkoa. Seigarren atalak Andra Mari dantza taldeak albokarekin izandako harremana eta Galdakaon izandako musikariak ditu hizpide. Zazpigarren atala ikerketa antropologiko bat da, baserrietako eta herri txikietako biztanleen ikuspegiei buruzkoa.

Euskal Herriko zein lurraldetan jo izan da gehien alboka?

Barrenetxeak esaten zuen Arratia zela albokaren eremu nagusia. Arratia zortzi herriz osatuta zegoen orduan: Bedia, Lemoa, Igorre, Arantzazu, Dima, Artea, Areatza eta Zeanuri. Gero, Galdakao eta Zeberio gehitu zitzaizkion. Egun, baina, Arrigorriaga, Basauri, Otxandio eta Durango ere hartzen ditugu kontuan albokari dagokionez. Beraz, Nerbioi eta Ibaizabal ibaien artean dauden herrietan jo izan da gehienbat.

«Nahiz eta izena jakin ez, emakume albokari bat ageri zaigu liburuan. Arteagakoa zen: Jose Mari Bilbaoren alaba eta Leon Bilbaoren arreba, biak albokariak. Jaso dugun lehen emakume albokaria da»

Albokari gehienak bizkaitarrak ziren?

Bai. Liburuan Bizkaiko 105 albokari ageri dira; gehienak, gizonak. Nahiz eta izena jakin ez, emakume albokari bat ere ageri zaigu. Arteagakoa zen: Jose Mari Bilbaoren alaba eta Leon Bilbaoren arreba, biak albokariak. Topatu dugun lehen emakume albokaria da.

Zein izan da albokaren urrezko garaia?

1880tik 1920ra artekoa, eskusoinua agertu aurrekoa. 1889koa da eskusoinuaren lehen aipamena, Urkiolakoa. Horrek eragin handia izan zuen gainerako soinu tresnetan: dultzaina, alboka eta beste hainbeste desagerrarazteko arriskuan jarri zituen. Txistua ez, ordea, elizarekin eta udalarekin estuki lotuta zegoelako.

Zein da orduko albokarien eta egungoen arteko desberdintasun nagusia?

Garai hartako 105 albokari ageri dira liburuan, baina 20-25 aldi berean bizi izan ziren. Gaur egun, 140 albokari inguru daude Euskal Herrian, ez bakarrik Bizkaian. Solfeoa ikasi dute gehienek, musika tresna bat baino gehiago jotzen dituzte, eta antzinako albokariak baino askoz ere jantziagoak dira. Aldiz, ez daude lehen beste doinu sortzaile. Oskorrin egon dira batzuk, eta Kepa Junkerak ere doinuak sortu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.