Ahanzturan gal ez dadin

Bitor Garitaonandia euskaltzaleari buruz egindako lan bati esker, Pello Zabarte zaldibartarrak irabazi du Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria. Herrikidearen ekarpen «esanguratsua» ezagutarazi nahi izan du.

Euskal Esnalea taldeko zuzendaritzaren argazkia, 1920ko hamarkadan. Garitaonandia eskuinetik lehena da. PELLO ZABARTE
Euskal Esnalea taldearen zuzendaritzaren argazkia, 1920ko hamarkadan. Bitor Garitaonandia eskuinetik lehena da. PELLO ZABARTE
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pello Zabarte gazteak lehenagotik ere ezagutzen zuen Bitor Garitaonandiaren izena. Izan ere, ia bi menderen aldea dagoen arren bataren eta bestearen artean, badute elkartzen dituen zerbait: Zaldibar dute jaioterri. Zabartek bazekien Garitaonandia ekarpen «esanguratsuak» egindakoa zela, baina, aldi berean, inguruan «oso ezezaguna» zen, eta handik kanpo, «guztiz ezezaguna». Kontraste interesgarria iruditu zitzaion lan bat abiatzeko. Burutu ere egin du jada, eta Gerediaga elkarteak antolatutako Durangaldeko Ikerlari Gazteen IV. Saria irabazi du Garitaonandiari buruzko ikerketarekin.

Bitor Garitaonandia (Zaldibar, 1876) euskaltzalea izan zen, diziplina ugari landu zituen, eta «euskararen aldeko begirada zeukan jorratzen zituen diziplina guztietan», Zabartek esan duenez. Askotariko lanak egin zituen Garitaonandiak: umeentzako ipuin liburu bat, saiakera bat eta euskarazko hiru antzerki obra. Azken horiek Bilboko eta Donostiako antzokietan oholtzaratu zituen. Zaldibartar ikerlari gazteak gogorarazi duenez, «kontuan izan behar da sasoi hartan ez zela oso ohikoa hiru antzerki obra euskaraz egitea».

(ID_17524973048315) DURANGALDEKO IKERLARI GAZTEEN SARIA PELLO ZABARTE
Pello Zabarte —erdian—, Gerediaga elkarteko ordezkariekin batera, Zaldibarren, larunbatean, Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria jasotzen. GEREDIAGA ELKARTEA

Musika izan zen Garitaonandiaren zaletasun nagusia, eta abesteko zeukan gaitasuna ofizio bihurtzea lortu zuen. Kantari gisa, Zamorako (Espainia) katedralean izan zuen lehen lana. Gerora, kantuari esker iritsi zen Donostiara ere, Jesuiten elizan abestera; hiri horretako orfeoian ere ibili zen. Donostian egin zituen bizitzako azken 25 urteak, eta baita bere obra guztia osatu ere. Haren ekarpenean bi alor azpimarratu ditu Zabartek: kazetaritza eta euskararen estandarizazioa. 

1920ko hamarkadaren hasieraz geroztik, Euskaltzaindiarentzat aritu zen lanean, eta euskaltzain ere izendatu zuten. Garai hartan, euskara batuaren nolakotasunaren inguruko eztabaida asko izan ziren, eta partaideen jarrera askotarikoa zen. Azkenean, baina, gipuzkera osotua deiturikoa gailendu zen, hau da, gipuzkera oinarri hartuta eta beste euskalkiekin osatuta sortutako batua. Garitaonandia izan zen kontzeptu hori babestu zutenetako bat, euskara batu hori Euskal Herri osoan ulertzeko modukoa izango zelakoan. Zabartek Euskaltzaindiaren orduko aktak irakurri ditu, eta ziurtatu du «gipuzkera osotuaren kontzeptua defendatu bakarrik ez, hura proposatu» ere egin zuela Garitaonandiak. Gerora, Resurreccion Maria Azkuek, sasoi hartako euskal pizkundeko pertsonaiarik garrantzitsuenetako batek, Gipuzkera osotua izeneko liburua argitaratu zuen, eta lanaren hasieran aitortu zuen Garitaonandiak proposatutakoan oinarritu zela. Horregatik, Garitaonandiak hizkuntzalaritzan egindako bidea ere nabarmendu du Zabartek. «Hizkuntzalaritzan ez zituen ekarpen asko egin, baina egin zituen horiek esanguratsuak izan ziren».

Kazetaritzako ibilbidea

Gainera, euskararen inguruan zeukan ikuspegia kazetaritzaren lanaren bidez islatu zuen. Argia astekariaren sortzailea eta zuzendaria izan zen, eta hil zen arte gidatu zuen. Garai hartan, bi astekari nagusi zeuden, Argia eta Euzkadi, eta ez zetozen bat euskararen inguruko jarreran. Izan ere, Euzkadi gaztelaniaz idazten zuten gehienbat, eta erabiltzen zuten euskara apurrean garbizaletasunera jotzen zuten. Argia-k, ostera, herritarrek ulertzeko moduko euskararen alde egin zuen. Horrela, Garitaonandia zuzendari zen artean, Argia-k komunitate bat batzea lortu zuen; 8.000-9.000 aleko tirada ere izan zuten bolada batzuetan. «Mugarri bat izan zen bai euskararentzat eta bai kazetaritzarentzat, eta horrek esan nahi du Garitaonandia garrantzitsua izan zela euskal kazetaritzan», ziurtatu du ikertzaileak.

Askotariko bidaiak egin zituen arren, Garitaonandiak ez zuen galdu jaioterriarekin zeukan lotura; udan itzuli ohi zen. «Beti egin da saiakera Zaldibarren haren oroimena iraunarazteko», argitu du Zabartek. Urteetan hainbat omenaldi egin dira Garitaonandiaren izenean, eta guztiak izan dira Zaldibarren; 1932an izan zen lehena, beste bat egin zuten 1955ean, eta azkena 1976an. Beste era batzuetara ere gogoratu dute: adibidez, Gerediaga elkarteak bultzatuta, haren izena zeraman antzerki talde bat sortu zen 1960ko hamarkadan, eta Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariaren bidez ere ekarriko dute gogora orain.

«Urteak pasatu ahala ez bada ondareari buruzko lanik egiten, gai hori ez bada jorratzen, baliteke ahanzturan galtzea. Eta ondare immaterialaz ari bagara, are gehiago»

PELLO ZABARTEDurangaldeko Ikerlari Gazteen Sariaren irabazlea

Ondareari buruz hitz egiteko aprobetxatu du Zabartek; Euskal Herriaren eta euskararen ondareari buruz hitz egiteko, zehazki. Ondarea «dinamikoa» dela deritzo. «Gaia ateratzen den bakoitzean, eragina dauka. Aldi berean, urteak pasatu ahala ez bada ondareari buruzko lanik egiten, gai hori ez bada jorratzen, baliteke ahanzturan galtzea. Eta ondare immaterialaz gabiltzanean, are gehiago».

Gerediaga elkartearen sariak Bitor Garitaonandiaren izena zabaltzeko aukera eman dio gazte zaldibartarrari, eta hedapenerako beste ate batzuk ere zabaldu dizkio. Kasu baterako, Astola aldizkarian argitaratuko dute haren ikerketa. Lortutako guztiarekin konforme geratu da. «Helburu handirik gabe egin nuen ikerketa, eta sariketa irabazteko zortea izan dut. Horrekin nahiko daukat, oraingoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.