Hogei urte baino gehiago igaro dira Urduñako 109. mendian azken zintzarria entzun zenetik. Abererik gabe, landaredia nahi bezala hazi zen, txinpartaren zain dagoen metxa bat bezala. Sute arriskuak zekartzan horrek, eta hori aldatzeko proiektua jarri dute abian Bizkaiko Foru Aldundiak, Urduñako Udalak eta inguruko abeltzainek. Horri esker, orain, aireak soinu berriak dakartza: behorren trosta entzun daiteke berriz ere, hosto zapalduen murmurioa. Esnatzen hasi den ekosistema baten lana da. Baso erresilientea izena jarri diote proiektuari.
Mendia errotik berreskuratzeko ahaleginak batu ditu eragileak, eta artzaintzan oinarritutako kudeaketa naturalaren alde egin dute. «Makineria sartu beharrean, animaliekin garbitu da mendia», azaldu du Marijo Imaz Urduñako Udaleko ekoizpen zerbitzuen teknikariak. Hura da basoa leheneratzeko prozesuan parte hartu duten adituetako bat. 2017an hasi ziren proiektua pentsatzen, eta 2022an jarri zuten abian. «Orduan onartu zen proiektua behin betiko», zehaztu du Imazek. Teknikariak dioenez, «paisaia zaintzea, suteak prebenitzea eta abeltzaintza suspertzea» da filosofia.
«Sistema mekanizatuek lurra hondatzen dute, eta energia asko kontsumitzen dute. Horregatik, apustua egin dugu antzina bezala lan egitearen alde»
MARIJO IMAZUrduñako ekoizpen zerbitzuen teknikaria
Lehen sasitza lehorra baino ez zegoen tokian orain baso, larre eta sastraka eremuak uztartzen direla dio Imazek. Eta, haren hitzetan, hori da berreskuratze prozesu honetako irudirik deigarrienetariko bat. «Mosaiko paisaia» deitu du teknikariak. Eta, dioenez, horri esker, animaliak ingurune garbiago eta osasuntsuago batean ibiltzen dira bazkatzen eta atseden hartzen.
Hobekuntza ez da bakarrik arlo ekologikokoa. Herriarentzat ere ona dela dio Imazek, eta abeltzainentzat ere errentagarria dela gehitu du. Urduñan, mendiak udalerriaren erdia hartzen du. «Ez da paisaia bakarrik; mendiak balio handia du udalerrian». Horregatik, udalarentzat funtsezkoa da planari eustea, «baliabideak aprobetxatu ahal izateko», Imazek adierazi duenez. Kudeaketa natural horrek sortzen dituen larreek abeltzainen dirua aurrezteko aukera eskaintzen dietela dio teknikariak, eta onura zuzena ere badakartela animalientzat; libre mugi daitezke, ukuilurik eta entzierrorik gabe, ingurune aberats eta heterogeneo batean.
Ona da Imazen balorazioa. «Hildako landaredia asko gutxitu da dagoeneko, eta eraldaketa prozesua nabari da».
Abeltzainak, bat eginez
Sei abeltzain daude Urduña inguruan, eta haietako hiruk jada bat egin dute proiektuarekin. «Neguko bi denboralditan aritu dira lanean; batez ere, behor eta zaldiekin», azaldu du Imazek. Aitortu du herriko biztanle askok oraindik ez dutela proiektuaren berri, baina ziur da «emaitzak ikusgarriagoak direnean» haiek ere igarriko dutela aldaketa.
Erabiltzen den teknika ez da berria, Imazen arabera. Mendez mende mendiak zaintzea funtsezko lana izan da, eta lehen animaliekin egindako lana orain makinek ordezkatu dute. Baina lan egiteko modu mekanizatuek alde negatiboa dutela ere ziurtatu du Urduñako ekoizpen zerbitzuen teknikariak: «Lurra hondatzen da, eta energia asko kontsumitzen da. Horregatik, apustua egin dugu antzina bezala lan egitearen alde».
Lankidetza da berrikuntza, haren ustez: udalaren, aldundiaren eta abeltzainen arteko harremana, alegia. Hiru horiez gain, Errotuz elkartea ere proiektuaren parte da. Udalari laguntza teknikoa eman dio Errotuz-ek, eta plana hasieratik idazten lagundu du. «Askotan, badirudi administrazioek eta sektoreek kontrako ideiak dituztela; kasu honetan, abeltzainek zeukaten arazoari irtenbide bateratua eman diote».
Proba aldia
Urduñako proiektua proba bat da. Bi urteko proba aldia egingo zutela adostu zuten parte hartzaileek, baina urrunago begiratzeko asmoa dutela azaldu du Imazek. «Kanpaina hau amaitu behar dugu, mendia nola geratzen den ikusi eta eusteko zer behar den kalkulatu». Orain arte esperientzia ona izan dela ziurtatu du, eta 2022tik hona klimak ere asko lagundu duela esan du. «Azken neguak hezeak izan dira, eta belarra indartsu ernatu da; artzaintza erraztu du».
Proiektua zabaltzeko asmoa dute. Imazek azpimarratu duenez, hasiera baino ez baita izan 109. mendia. Egitasmoa abiatzeko arazo gutxien sortzen zuen mendia da, eta horregatik aukeratu zuten lehen aproba egiteko, baina badauzkate leku gehiago begiz jota. Inguruko beste sail batzuk ere antzeko egoeran daudela dio teknikariak: 103.a eta 106.a, kasurako. Mendi horiek zailtasun gehigarriak dituzte, baina helburua da proiektua eremu horietara zabaltzea, beharrezko baliabideak bermatu ondoren. «Abeltzainak ez dira animaliekin sartuko baldintzak egokiak ez badira».