Antzinako debozioaren arrastoak

Joaquin Sorollaren bi koadro eta 50 erlikia eta erlikiontzi bildu dituzte Bilboko Eleiz Museoan, ‘Sorolla eta erlikiak’ erakusketan. Arbasoen sineskeren berri ematea da mostraren helburuetako bat. Hilaren 31ra arte bisitatu ahalko da.

(ID_17032582019855) (/Domeinu publikoa) Joaquin Sorollaren 'Erlikiari musua' koadroa, 1893an margotua
Joaquin Sorollaren 'Erlikiari musua' artelana. BIZKAIKO HITZA
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Eliza baten barruko irudi bat da, «debozio handiko» une bat, Javier Novo Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketa saileko koordinatzailearen arabera: apaizak erlikiontzi mardul bat du eskuetan, eta fededunak haren inguruan daude bilduta. Konposizioaren erdian, emakume gazte bat ontziari musu ematen ari da, baina kasik atentzio handiagoa ematen du haren buruko zapi arrosak. «Argi bizi bat da», Novoren arabera, eta kontrakar egiten die koadroan nagusi diren tonu ilunei. Joaquin Sorolla Valentziako (Herrialde Katalanak) pintorearen ibilbide kostunbristan, bestelakoak ziren joerak, aire zabaleko agertokien argitasuna nabarmendu baitzen haren lanetan, zaharberritzailearen berbetan. Baina Erlikiari musua lanean (1893), zapia bada helduleku bat, osteko Sorolla argitsuaren aurrenetariko printza. «Arrosaren ukituak erakusten digu zein izango zen artistaren bidea».

Koadroa mugarria izan zen Sorollaren ibilbide artistikoan, baina badira beste aitzakia batzuk ere lana Bilboko Eleiz Museoan erakusteko. Berez, Bilboko Arte Ederren Museoko jabetza da, baina, iaz, Sorollaren heriotzaren 100. urteurrenaren harira, Eleiz Museoari eskaini zioten artelana. Efemeride bat ospatzea zen hasierako asmoa, eta erakusketa zabalago baten zentroa bilakatu da margoa azkenean. Izan ere, Bizkaiko tenpluetako 50 erlikia eta erlikiontzirekin batera kokatu dute Eleiz Museoan, Sorolla eta erlikiak izeneko erakusketan; horiekin batera, Sorollaren beste obra bat ere ipini dute: Eskaera mahaia (1892). Hilaren 31ra arte bisitatu ahalko da mostra.

Arte Ederren Museoko aurrenetariko jabetza da Erlikiari musua, Miguel Zugaza museoko zuzendariaren hitzetan. 1894an, arte erakusketa bat antolatu zen Bilbon, modernismoa indarra hartzen ari zen garai batean. Ordurako, gainera, bazegoen museo bat sortzeko gogoa, eta Bilboko Udalak erakusketa hartako artelan mordo bat bereganatu zuen, balizko museoko bilduma taxutzeko. Tartean, Erlikiari musua. «Sorollaren obra goiztiar bat da, baina garrantzia biltzen joan da artistaren ibilbidearen barruan, eta Sorollaren inguruko erakusketa handi guztietarako eskatzen dute, haren ikuspegia ulertzeko eredurik onenetarikoa baita», Zugazaren irudiko. Bilbon baino lehenago, Parisko eta Vienako erakustokietan egona zen margolana.

(ID_17047056473625) (/Eleiz Museoa) Ehunean kokatutako erlikia sorta bat, Bilboko Eleiz Museoko Sorolla eta erlikiak erakusketan
Ehunean kokatutako erlikia sorta bat, Bilboko Eleiz Museoko Sorolla eta erlikiak erakusketan. BILBOKO ELEIZ MUSEOA

Momentu hartan hasi zen nabarmentzen Sorolla, Novoren esanetan. 1890eko hamarkadan, Erroman egona zen, Paristik igaroa zen itzuleran, eta osterok eragina izan zuten haren estiloan. «Fortunismo ostetik eboluzionatzen ari zen, eta lehengo kutsu anekdotikoa eta alaia aldatuz joan zen naturalismoaren eraginez». 1987an, Sorollak «porrot handi» bat izan zuen obra erlijioso batekin: sei metro luze zen Kristoren ehorzketa-rekin, hain justu. Novoren arabera, Madrilen ez zuen harrera ona eduki, eta, horren ondorioz, erabat aldatu zuen bere jarduna. Kostunbrismora eta naturalismora jo zuen Erlikiari musua ontzeko, eta lehengo kutsu anekdotikoa bazter utzi zuen. Bilbon, sekulako arrakasta erdietsi zuen lan horrekin, hala kritikoen nola publikoaren aldetik.

Santu zatiak

Sorollaren lanak bide eman die erlikiez mintzatzeko, eta, batez ere, objektu horiek antzinakoei eragindako debozioa hizpidera ekartzeko, Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariaren esanetan. «Erakusketaren asmoa da mentalitateen munduan murgiltzea, ondare immateriala den horretan, gure arbasoek bizitza eta mundua ulertzeko zuten modu bat erakustea». Koadrotik tiraka apailatu dute erakusketa: lehenik eta behin, Sorollak pintatutako erlikiontziaren antzekoena topatzen saiatu dira. Abadiñoko San Trokaz elizan topatu dute bat. Sorollarenak ez bezala, estalki gardena du, eta Torkuato santuaren besoko kanabera bat du barruan. XVIII. mende bukaerako erlikia bat da, zehazki.

Ontzi landua da. Idulki bat dauka, estalki bat, eta estilo dotorez taxututa dago, erlikia jasotzeko ez ezik, helburu artistiko batekin ere egina balego bezala. Erakusteko da hori, baina beste batzuk ezkutuan egoten dira, Cembellinek azaldu duenez. Zeanuriko San Lorenzo ermitako erlikia kutxa batera hurbildu da. «Kutxa horretan, erlikia sartzen zen, eta aldarea ipintzen zen gainean. Eliza ororen kontsakrazioan egiten zen gauza bera, zegokion santuaren erlikiekin. Izan ere, tenplu guztiak sortzen dira erlikia batetik».

Eta haiek ematen diete eitea, hain justu, duen erlikien garrantzia bera izango baitu tenpluak, Cembellinen esanetan. «Tenplu garrantzitsu batek erromesaldiak eragiten zituen. Fededunentzat, erlikia bide bat zen santu horren esku hartzea eskatzeko. Eta, gerra eta gose garai horietan, ezinbestekoa bihurtu zen babesa eskatzea». Hala zaintzen ziren, materialik onenak bilatzen baitziren ontziak moldatzeko, baita artistarik onenen eskulana ere: sona zuten, bereziki, Sevillan (Espainia), Erroman eta Erdialdeko Ameriketan egindako erlikiontziek.

Bermeoko eliza bateko erlikia ontzi bat. Bilboko Eleiz Museoan ikus daiteke, Sorolla eta erlikiak era...
Bermeoko eliza bateko erlikiontzi bat. BILBOKO ELEIZ MUSEOA

Diseinuan irizpideak aldatu ziren, dena den. Hasierakoak lauagoak ziren, eta gehiago landu zituzten hurrena, batik bat XVI. mendetik aurrera: Trentoko kontzilioan (1545-1583), erlikiontziak kontrolatzeko arau batzuk ezarri ziren, hala nola mugimenduak, distribuzioa eta kontserbazioa jagoteko, eta erlikien egiazkotasuna bermatzeko; ezarpen estetiko batzuk ere egin ziren, halaber: ontzi ikusgarriagoak egin behar zirela erabaki zen, eta erlikia bera ikusi egin behar zela. Hortik aurrera, ontzi motak ugaritu ziren: palma hosto itxurakoak, gurutze tankerakoak, oihalekin egindakoak... Urregile lana ziren asko, baina eskulturak ziren preziatuenak, Eleiz Museoko zuzendariaren hitzetan.

Ohikoak eta ezohikoak

Ugaritasunean, pieza arraroagoak ere ekoitzi zituzten; esaterako, Errigoitiko elizakoa, esku itxurakoa. Badago han emakume baten momia naturala —XVI. mendetik, gutxienez—, santu bihurtua —ez ofizialki, baina bai bertoko fededunen partetik—, zeinari egozten dizkioten ikusmenarekin lotutako mirariak. Momiaren esku bat ebakitzea erabaki zuten, eta esku formako ontzi batean sartzea, fededunek izan zezaten zeri eman musu. Bermeoko obeliskoa da erlikiontzi bitxien beste adibide bat. «Oso pieza ezohikoa da», esan du Cembellinek. «Harri pastarekin eta ebano egurrarekin egina dago. Hainbat erlikia ditu: Loiolako San Ignaziorena, besteak beste, baita Hilobi Santuko zati batzuk ere».

Ontziak bezala, erlikiak eurak ere mota askotakoak izan litezke. Berez, erlikia bat da Kristoren edo santuen gorputzeko zatia, edo edozein pertsonaia sakraturekin erlazionatutako objektua —hala horiek ukitu dituztelako, nola beren hilobiak direlako...—, eta garrantzia irabazi zuten Erdi Arotik aurrera, Cembellinek azaldu duenez. Haren esanetan, lignum crucis-a da erlikiarik baliotsuena —Kristoren gurutzeko egur ezpalak, hain justu—, baina preziatuak dira, orobat, Izara Santua eta Hilobi Santua bera —edo harekin kontaktuan egondako objekturen bat—. «Berdin digu sailkapenak, interesatzen zaigu eragiten dutena: jendea konbentzituta zegoen eraginkorrak zirela».

Lekeitioko San Antolin kofradiaren erlikiara hurbildu da Cembellin, eta hura hartu du eredutzat erlikiak nola lortzen ziren esplikatzeko. «Kofradian, ez zuten erlikiarik, eta Palentziako [Espainia] San Antolin katedralera idatzi zuten, bat eskatzeko. Santuaren gorputz zati txiki bat moztu zuten, eta 1799an Lekeitiora bidali zuten, jada ontziratuta. Horrela egiten zen: askotan, santuen gorputzak zatikatu egiten ziren».

erlikia ez hain zaharrak

Umorez ekin zien Juan Manuel Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariak Sorolla eta erlikiak erakusketaren azalpenei, azaroaren 17an egin zuten aurkezpenean. «Gazteentzat, erlikia bat zerbait oso zaharra da». Adierazi nahi izan zuen badela erlikiena aspaldiko herritarren interes bat, eta, gaur-gaurkoz, apaldua dutela behialako indar sinbolikoa. Erakusketan jasotako erlikia eta erlikiontziei dagokienez, esaterako, XVI-XVIII. mendeetakoak dira asko.

 

Badaude salbuespenak, hala ere. Eta bat aipatu zuen Cembellinek: Rafaela Ibarraren heriotza maskara. XIX. mendean bizi izan zen, eta garai hartan hauspoa hartu zuen sentimendu erlijiosoak, Cembellinen esanetan, ordena erlijioso ugari sortu baitziren Europan zehar. Bilbon jaio zen Ibarra, familia aberats katoliko batean, eta Aingeru Zaindari Santuen Kongregazioa sortu zuen. Hil zenean, 1900. urtean, molde bat egin zuten haren aurpegiarekin. Maskara ikusgai dago erakusketan.

Rafaela Ibarraren heriotza maskara. ELEIZ MUSEOA
Rafaela Ibarraren heriotza maskara. BILBOKO ELEIZ MUSEOA

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.