Antzokirik gabe geratu da Ondarroa

Beikozini itxi dute, eta, ondorioz, formatu handietarako agertokirik ez dago jada herrian. Eskualde osoan, pare bat baino ez daude.

(ID_17065373976265) (/Bizkaiko Hitza) Ondarroako Beikozini antzokia, zarratuta
Ondarroako Beikozini antzokia, zarratuta, domekan. BIZKAIKO HITZA
amaia igartua aristondo
2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Ia hamar urteko ibilbidearen ondotik, ateak zarratu ditu Ondarroako Beikozini antzokiak. Joan den asteko martitzenean iragarri zuten jabeek sare sozialetan aretoa zarratuko zutela, proiektuarekin aurrera ezin dutela jarraitu azalduta, eta eskerrak emanez. Kultur gaietarako erabili izan da betidanik eraikina: zinema areto bat izan zen hasieran, orain dela hamarkada batzuk; Kafe Antzokia kokatu zuten bertan, 2002an; eta Beikozinik hartu zuen haren lekukoa, 2014an, askotariko eskaintzarekin orobat, eta euskara ardatz hartuta.

Beikozinik, izan ere, askotariko jarduera kultural eta sozialak antolatu ditu hamar urteotan: zinema proiekzioak, kontzertuak, antzezlanak… Kasurako, Gatibu, Willis Drummond eta Olaia Inziartek jo dute, Maribilli festibalaren hainbat ekintza egin izan dira, Ondarrutar Naturala jokoaren lehiaketa ere bai, herriko sortzaileei eta kultur taldeei tokia egin die, eta ekoizpen propioekin elikatu du herriko kultur paisaia: besteak beste, Kabareta ikuskizuna oholtzaratu dute hainbat urtez. Ondarroako antzoki bakarra zen, formatu handiko ikuskizunetara egokitutakoa. Orain, ordea, egitasmo horiek guztiek beste aterpe bat topatu beharko dute.

Beikoziniren itxiera «sorpresa» bat izan dela onartu du Ondarroako Udalak. Eta «galera handia» dela, halaber, bai herriarentzat eta bai eskualdearentzat. «Kulturaren eta, batez ere, euskarazko kulturaren eta sormenaren erreferente bat izan da azken urteetan». Udalak adierazi duenez, «plaza oso garrantzitsua» izan da programazioari dagokionez, antzokiak «punta-puntako» euskal taldeak eraman izan baititu herrira, eta sortzaile andana bati aukera eman baitie euren lanak erakusteko. Jatetxe zerbitzua ere bazuenez, alde horretatik ere galera izan dela nabarmendu dute.

«Uste dut instituzioen aldetik hausnarketa bat behar dela, ze pribatuki ezin da mantendu Beikozini bezalako areto bat, batez ere kultur ekintzekin elikatzen den areto bat. Badakigu kulturak irabazi kuantitatiborik ez duela ematen, baina bai irabazi kualitatiboa»

ALAIN LERSUNDIOndarroako antzezlea

Alain Lersundi Ondarroako antzezleak «pena handiz» hartu du Beikoziniren itxiera. Joan den hilabetean han bertan antzeztu zuen bere azken obra, Nire zigilua, eta aurretik ere izan da bai erabiltzaile, bai bezero. Aretoa ixteak kultur eskaintzan izango dituen ondorioak ekarri ditu hizpidera, halaber: Lersundiren berbetan, eskualdeko kultur programazioa «oso eskasa» da, nahiz eta ahaleginak egin —aipatu ditu, esate baterako, Literatur Amuak jaialdia, Gabonetako egitaraua...—. «Baina antzokiak, babes estrategikoa ez ezik, bilgune oso aberatsa ere ematen dizu, mugitzen dituelako gazteak, zaharrak...».

Alternatiba bila

Batik bat, erakusteko zailtasunei erreparatu die Lersundik. Herriko areto bakarra zarratuta, zein aukera geratzen zaizkie artistei? «Nire kasuan, Artaka arte eskolaren sorreran parte hartu nuen, eta gaur egun badaukat Nahiarekin [Iparragirre Burgoa, Artakako kidea] babes bat, bai sortzeko eta bai eskaintza txiki bat egiteko». Hala ere, formatu handiagoak erakusteko gabezia nabarmendu du antzezleak. Beikozinik agertoki bat du, azpiegitura bat propio ikuskizun horietarako, toki jakin bat dago ikus-entzuleak kokatzeko... Herrian geratu diren gainerako espazioetan, ordea, murritzagoak dira baliabideak. «Egiten dira moldaketak beste areto batzuetan. Inprobisatzen duzu, ipintzen dituzu aulki batzuk..., baina agertokirik ez dago. Ez bada halako eraikuntza batean, oso gaitza da Beikoziniren bezalako eskaintza bat egotea», adierazi du Lersundik. Bat dator udala: «Herrian geratu zaizkigun aretoak formatu txikikagoko hitzaldietarako edo antzerkietarako dira, baina, gaur egun, Ondarroan ez daukagu Beikozini ordezkatuko duen aretorik».

Zeta zine klubaren saioa, Beikozini aretoan, 2021ean. ZETA ZINE KLUBA
Zeta zine klubaren saioa, Ondarroako Beikozini aretoan, 2021ean. ZETA ZINE KLUBA

Eskualde mailan egoera ez da askoz hobea, Lersundik xehatu duenez. Markina-Xemeinen badago Uhagon kulturgunea. Eta Lekeition zinema aretoa egokituta daukate, baina, Lersundiren arabera, ez da ondo doitzen askotariko erabileretara. «Egon izan naiz han, eta oso zaila da: beste gauza baterako dago eraikita, eta orduan akustika aldetik ez da oso egokia». Hori horrela, Beikoziniren itxierak Lea-Artibai osoari egiten dio kalte. «Uste dut instituzioen aldetik hausnarketa bat behar dela, pribatuki ezin delako mantendu Beikozini bezalako areto bat, batez ere kultur ekintzekin elikatzen den areto bat. Badakigu kulturak irabazi kuantitatiborik ez duela ematen, baina bai irabazi kualitatiboa».

Ondarroako Udalak antzemana du premia. Izan ere, udalak jarduera asko antolatzen zituen Beikozinin, eta, orain, horiek lekualdatzeko toki bila dabil. Inauterietako play-back lehiaketa Zaldupeko jolasleku estalira mugitu behar izan dute, esate baterako. Aurrera begira, formatu handiagoko areto bat sortu nahi dute herrian, eta EH Bilduk eta EAJk hala jaso zuten iazko udal hauteskundeetan aurkeztutako programetan —EH Bildu dago udal gobernuan—. «Agintaldi honetarako, Beikozinik zuen agertokiaren antzeko zerbait izango duen areto bat egiteko asmoa dauka udalak». Lehenengo eta behin, herriko aretoak zerrendatuko dituzte; ondoren, proiektuari egokien datorkiona hautatuko dute; eta, azkenik, proiektua abiatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.