Zulo bi, zauri handi bi. Abadiñoko Atxarteko harrobietan egin zen industria jardunak marka utzi zuen. Hormigoizko egiturak, makineria eta zementu biltegiak ezagunak dira bertatik igarotzen diren mendizale, eskalatzaile eta paseatzaileentzat. Hondakinok, ordea, ez dira egungo kontua. Badira 30 urte hor daudela. Orain, Abadiñoko Udalak eta EHUk aurreproiektu bat landuko dute elkarlanean, ingurua lehengoratu eta egindako zauriak sendatzeko. Dena den, egitasmoa ez da hutsetik abiatu: 1990eko hamarkadaren hasieran egin zen lehen urratsa, ekologisten borrokaren bidez.
Ustiaketak hasi eta hamazortzi urtera izendatu zuten Urkiola parke natural, 1989. urtearen amaieran. Mañarian zeuden harrobiak eremu horretatik kanpo utzi zituzten, baina Atxartekoak naturagunearen parte bilakatu ziren. Urte bi igaro ondoren, gainera, harrobiak ustiatzeko baimenik gabe geratu zen bertan jarduten zuen enpresa. Hala ere, lanean jarraitu zuen. Orduan piztu zen borroka, hormak lehertzeko erabiltzen zituzten lehergailuen antzera. Eskalatzaileak, mendizaleak, ekologistak eta bertako herritarrak arduratu ziren txinparta pizteaz. Urkiola Bizirikplataforma sortu zuten. Bide legalak ez ezik, bide politikoak ere jorratu zituzten. Iñaki Barcena EHUko Ekopol taldeko ikerlari eta Urkiola Bizirik-eko kide ohiaren esanetan, Abadiñoko Udala zen «kritika puntu nagusia». Izan ere, udalbatzak legez kanpoko baimenak eman zituen harrobia ustiatzen jarraitzeko.
«Komunikabideek esaten zuten gure jarrera biolentoa zela, baina gu beti ibili ginen aurpegia ematen, desobedientzia zibilaren bitartez»
IÑAKI BARCENAEHUko Ekopol ikerketa taldeko kidea eta Urkiola Bizirik plataformako kide ohia
Bide politikoari dagokionez, ekintza gogoangarrienetako bat Untzillatx mendiko Labargorrin izan zen. Ekintzaileek hamaka bat eskegi zuten, eta eskalatzaileak han egoten ziren, txandaka, leherketarik izan ez zedin. Hara iristeko, ertzainek jarritako kontrolak saihestu behar izaten zituzten, Barcenak esplikatu duenez. «Baina mendizaleok eta eskalatzaileok haiek baino hobeto ezagutzen genuen inguru hori, eta gora eta behera ibiltzen ginen, arazo handirik gabe». Horrez gain, Poliziaren presentzia nabarmena zen harrobi inguruetan. Parke natural izendatu baino lehenago, Guardia Zibila egoten zen han, leherketak izaten zirenean bidea mozteko; ondorengo urteetan, Ertzaintza. Borrokak iraun bitartean, Polizia oldartu egiten zitzaien manifestazioetan eta elkarretaratzeetan, eta pilotak jaurtitzen zizkien, Barcenak gogoratu duenez.
Oztopo gehiago ere izan zituzten. Batetik, udalak aholkulariak kontratatu zituen, eta horiek harrobietako langileen borroka hauspotu zuten: lanpostuari eustea zuten helburu behargin horiek. «Egoera gogorra izan zen», azaldu du Barcenak, behin telebistan ekologistek eta langileek eduki zituzten eztabaidak gogora ekarrita. Bestetik, komunikabideetan ere kasu entzutetsua izan zen Atxartekoa. Hedabideetan borroka desitxuratzeko asmoa zegoen, Barcenaren irudiko: «Esaten zuten gure jarrera biolentoa zela, baina gu beti ibili ginen aurpegia ematen, desobedientzia zibilaren bitartez. Gauzak oztopatzeko bidea gure gorputza ipintzea zen, ez bide biolentoak erabiltzea». Azkenean, 1995ean, ustiaketak behin betiko amaitu ziren, eta ekologistek irabazi zuten borroka.
Hitz egitea, ezinbesteko
Jarduera eten ondoren, urteetan bertan geratu ziren garai bateko egiturak eta ibilgailuak. 30 urte daramatzate bertan. Abadiñoko Udalak eremua garbitu eta lehengoratzeko ardura hartu du orain. Horretarako, beharrezkotzat jo du ingurunearen azterketa teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa egitea, zer aukera dauden argitu ahal izateko. Eginbeharra ez denez nolanahikoa, beste erakunde batzuekin harremanetan jarri da.
Abiapuntu gisa, udalak aurreproiektu bat garatuko du EHUrekin. Elkarlanean egingo duten prozesuaren lehen urratsa izango da hori. Ekopol taldeak izango du aurreproiektua diseinatzeko ardura, eta proposamen teknikoak eta aukera bakoitzaren balorazio ekonomikoa jasoko dira hartan. 2018tik, EHUko ikerketa taldea da Ekopol, eta jasangarritasuna, ekonomia zirkularra, justizia soziala eta ekologikoa, herritarren parte hartzea eta halako gaiak lantzen ditu.

Aurreproiektuaren barruan, Atxarteko harrobian dauden egituren inbentarioa egingo dute, sistematikoki egin ere, etorkizunean berriro erabil daitezkeen aztertzeko eta, horren arabera, birziklatu edo berrerabili behar ote diren zehazteko. Beharrezkoak ez diren egiturak modu jasangarrian kenduko edo kudeatuko dituzte.
Unibertsitateko ikerlarien lana ez ezik, inguruko biztanleekin eta eragileekin hitz egitea ere beharrezkoa dela uste du Barcenak. Beste alor bi ere landuko dituzte parte-hartze prozesuan: profesionalena, eta instituzioei dagokiena.
Aurreproiektua gauzatu ostean, udala beste entitate batzuen atxikimendua lortzen saiatuko da, eta Europako Batasuneko, Espainiako, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko funtsak eskuratzeko bidea abiatuko du.