Auzo elkarteak kezkatuta daude Zubietako lixibiatuak Bilbora ekarriko dituztelako

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa arduratuta dago airearen kalitatean izan dezakeen eraginagatik. Zorrotzako eta inguruetako udal neurgailuak martxan jartzeko eskatu dute.

(ID_13551887) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-01-31, Bilbo. Sade enpresa, Zubietako erraustegiko hondakinak hona ekarriko omen dituzte
Bilboko Zorrotza auzoko Sader enpresa, asteazkeneko argazki batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko otsailaren 5a
05:00
Entzun

Azken egunotan hautsak harrotu ditu Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren auziak Bilbon. Izan ere, Artaxoako Ecofert Sansoain (Nafarroa) ongarri planta behin-behinean itxi ondoren, hondakinak Bilboko Zorrotza auzoko Sader enpresara bidaltzen ari direla jakinarazi du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. Gaiaren inguruko komunikatu bat argitaratu du auzo elkarteak, eta «lehenbailehen» kontrol neurriak hartzeko eskatu.

Bilboko Zorrotza auzoko eta inguruko bizilagunek urteak daramatzate enpresa handik kentzeko eskatzen. Fabrikatik ateratzen den keak eragin diezaiekeen kaltearen beldur dira, eta usaina sarritan «jasanezina» dela gaineratu du Lucia Ortiz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko kideak: «Enpresak isurtzen duen keagatik edo usainagatik kexatu ohi dira bizilagunak».

Berez, 2018rako aurreikusita zegoen hondakinak inerte bihurtzeko Sader planta Zorrotzatik kentzea. Bilboko Udalak hirigintza hitzarmena sinatu zuen 2015ean Saderrek auzo hartan duen jarduna eteteko. Zorrotza Puntarako Hiri Antolamendurako Plana moldatzea onartu ondoren, bi urteko muga ezartzen zuen akordioak enpresa Zorrotzatik kanpora eramateko. Plana ez dago indarrean, ordea, eta hondakinak «mugarik gabe» isurtzen jarraitzea «ausarkeria eta erantzukizun falta» gisa salatu dute elkarteko kideek.

Denera, 3.400 tona lixibiatu bidaltzen ziren Artaxoako ongarri plantara, eta, Ortizen arabera, ustez kopuru hori bidaliko da orain Zorrotzara. Hondakinen tratamenduaren ondorioz zabortegietan isurtzen eta sortzen diren likidoak dira lixibiatuak. Zaborraren substantzietako asko herrestan eramaten dituzte, eta toxikoak izan daitezke. Horregatik, tratamendu berezia behar dute, ingurumenean kalterik eragin ez dezaten. 

Jose Maria Aierdi Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak orain dela egun batzuk salatu zuen Artaxoako Ecofert Sansoain enpresak lixibiatuak jaso dituela Zubietako erraustegitik, hondakin mota hori hartzeko baimenik eduki gabe. Hori dela eta, planta behin-behinean ixteko agindua eman du Nafarroako Gobernuak, eta zigor espedienteak zabaldu dizkio Zubietako erraustegiari.

Aire neurgailurik gabe

Beste kontu batzuen artean, airearen kalitatea neurtzeko estazioak dira isurien eragina neurtzeko elementuetako bat. Ortizek gogorarazi du Zorrotzako airearen kalitatea neurtzen duen udal neurgailua matxuratuta dagoela 2023ko apiriletik. Bestalde, gaineratu du San Ignazio eta Elorrieta auzoetako airearen kalitatea neurtzeko gunea 2010ean kendu zutela, «auzokoak kentzearen aurka agertu arren». Eusko Jaurlaritzak eremu horretan jarritako geltoki mugikorrari ere eraso zioten, eta ez dute berriro jarri.

Gauzak horrela, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Bilboko Udalari eskatu dio Zorrotzako udal neurgailua «ahalik eta lasterrena» konpontzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzari esan dio San Ignazio eta Elorrietan neurketa instalazio bat jartzeko: «Zorrotzako eta inguruko auzoetako bizilagunak babesik gabe gaude; neurriak hartu behar dira, eta kontrol bat egon behar da».

Ortizek kontatu duenez, 7.352 tona elementu arriskutsu bidali ziren Saderrera 2022an, baita beste hondakin mota batzuen 30.321 tona ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.