Bost egun, 257 erakusmahai, 950 nobedade —689 liburu, 179 disko eta musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako berrogei lan—, 265 kultur ekitaldi. Ohi legez, euskal kulturaren plaza nagusia izango da Durangoko Azoka. Egunotan 58. aldiari itxura ematen ari dira Landako gunean eta gainontzeko egoitzetan, datorren eguaztenean ateak ireki ahal izateko. «Azoka ederra dator, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi sorta luze batekin», esan du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Fantasia DA! lelopean, abenduaren 6tik 10era egingo dute.
Izurria eta haren ondorioak atzean utzita, aurtengo aldia oso-osoan presentziala izango da, eta sareko salmenta gunea zarratu egingo dute. Beraz, salmenta leku bakarra izango da Landako gunea.10:30etik 20:00etara egongo da egunero zabalik, azken egunean izan ezik; domekan, 18:00etan itxiko ditu ateak. Aurten, abenduaren 7an egingo dute ikasle goiza: eskoletatik joango diren neska-mutilentzat hainbat tailer antolatu ditu Gerediagak. Abenduaren 8an, Gazte Eztanda egingo dute, bigarren urtez.
Ikusi gehiago
Talaiako aurkezpenak Landakoko Areto Nagusian eta Durangoko Arte eta Historia Museoan egingo dituzte, abenduaren 8tik 10era. Agustin Ibarrolari buruzko erakusketa bat ere ondu dute; artista hil ondorengo lehen erakusketa izango da. Ahotseneak, ohi legez, literatura eta musika izango ditu ardatz: 49 talde igoko dira Plateruenako agertokira haien lanak aurkeztera, eta Bartolome Ertzilla musika eskolan 70 liburu aurkeztuko dituzte.
Agustin Ibarrola artistari buruzko erakusketa bat ipiniko dute Durangoko Arte eta Historia Museoan. Artista hil ondorengo lehen mostra izango da.
Zugaza zinema aretoan 30 emanalditik gora egingo ditu Irudienea guneak: filmak, dokumentalak, podcast emanaldiak, websailak, bideoklipak eta film laburrak ezagutzeko aukera egongo da. Besteak beste, Izaro musikariaren bideoklip berriaren estreinaldia, Gure Zirkuaren dokumentala eta Bidasoa dokumentalaren inguruko solasaldia bildu dituzte egitarauan.
Ikusi gehiago
Kabian, adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta euskararen erabilera sustatzeko tresnak izango dituzte hizpide, abenduaren 6an eta 7an. Saguganbaran, berriz, askotariko proiektuak aurkeztuko dituzte, eta, eguerdietan, irakurketa librerako txokoa prestatuko dute.
San Agustin kulturgunea izango da, beste urte batez, Szenatokiaren egoitza. Antzerkia, dantza, bakarrizketak eta bestelako pieza laburrak ikusteko aukera eskainiko du. Hamar taldek bina emanaldi egingo dituzte. Besteak beste, iazko sormen beka irabazi zuen Jon Ander Urresti aktorearen Eucalyptus lanaren aurrestreinaldia egingo dute abenduaren 8an: Beñat Urrutia dantzariarekin arituko da oholtza gainean.
Aurretik eta ondoren
Azokak ateak zabaldu aurretik, DA! Pro topaketa egin dute Durangon. Martitzenean, familia ikuskizunen proposamenak plazaratu zituzten Bizenta Mogel liburutegian: sortzaileek beraien proiektuak aurkeztu zizkieten sektoreko teknikari eta profesionalei. Eguaztenean, berriz, musikariek hamar minutuko aurkezpenak egin zituzten, Plateruenan.
Ikusi gehiago
Azoka amaitutakoan, berriz, Zu non, han DA! programa abiatuko dute. Abenduaren 11tik aurrera, Euskal Herriko 88 liburu dendatan Durangon aurkeztu diren nobedadeak ipiniko dituzte erakusleihoetan, eta liburu denda horietatik 27tan kultur saioak ere egingo dituzte.