Ehun urteko ibilbidearen ostean, Zamudio-Derioko Lur langileen Kooperatiba erreferentea da Txorierriko nekazaritzaren eta abeltzaintzaren esparruan. 1925ean sortu zen, eta tradizioa eta modernitatea uztartuz, garai berrietara egokituz joan da. Idoia Zarate Kooperatibako langilea da 1980ko hamarkadaren amaieratik, eta dendako arduradun moduan dabil orain. Maiatzaren 15ean ospatu zuten kooperatibaren mendeurrena, San Isidro egunean, nekazarien patroia eta landa eremuaren eta komunitatearen arteko loturaren sinboloa baita San Isidro. Zaratek ere parte hartu zuen.
Noiz hasi zinen Zamudio-Derioko kooperatiban lanean, eta nola aldatu da zure lana ordutik?
1989an hasi nintzen kooperatiban lanean. Garai hartan, ez zegoen dendarik: bazkideei bakarrik ematen genien arreta. Ongarriak, pentsuak eta haziak saltzen genituen, eta guztia abereetan eta landetan oinarrituta zegoen. Denboraren poderioz, ingurunea aldatuz joan zen —baserritarrek industria pabiloiak sortu zituzten—, eta kooperatiba ere eraldatu egin zen. 1990eko hamarkadan, egungo denda zabaldu genuen, eta publiko zabalari saltzen hasi, zerbitzu batzuk gehituta: hala nola albaitaritzako produktuak, kontsultategia eta animalia txikientzako gauzak.
Zer lotura izan duzu nekazaritza munduarekin?
Deriokoa naiz, eta beti egon naiz mundu honi lotuta. Aita kooperatibako bazkidea zen, eta, orain, nebak jarraitzen du hemen. Nahiz eta orain ganadurik ez izan, oso harreman estua izan dugu beti. Inguruko askok bezala, gaur egun zaletasunagatik ditugu animaliak. Beraz, bai, natura ingurune hau nire bizitzaren parte izan da betidanik.
«Natura ingurunea nire bizitzaren parte izan da betidanik»
Ehun urte hauetan zer eginkizun izan du kooperatibak herrian eta inguruan?
Funtsezko figura bat izan da, batez ere hasierako garaietan. Trenetik gertu egotea ezinbestekoa zen banaketa lanetarako. Merkantziak jasotzea eta produktuak Bilbora eta beste leku batzuetara bidaltzea errazten zuen horrek. Hemen, Txorierrin, bizilagunen topagunea izan da gure kooperatiba, lankidetzarako eremua. Gaur egun garaiak aldatu badira ere, oraindik funtzio garrantzitsua du erreferentzia eta laguntza gune gisa.
Maiatzaren 15ean mendeurrena ospatu zenuten. Zer moduz egun berezi hartan?
Oso jardunaldi hunkigarria izan zen San Isidro egunekoa. Kooperatiban bertan meza bat eman zen, eta, gero, aperitibo bat eskaini genien agertu ziren guztiei. Landare txiki bana oparitu genien. Ekitaldia amaitu ostean, jatetxe batera joan ginen bazkaltzera. Oso egun polita izan zen; espero genuen baino askoz jende gehiago etorri zen, eta familia giroa nabari zen. Gainera, opari txikiak prestatu genituen naturari buruzko marrazkiak ekartzen zituzten umeentzat: lanerako eskularru batzuk eman genizkien. Maiatzaren 15a aste barruan izan zenez, haur asko ezin izan ziren etorri, eta, beraz, marrazkiak biltzen ari gara oraindik.
Dena den, jendearen erantzuna ona izan zen oro har, ezta?
Oso ona. Bazkideak ez ezik, bizilagunak eta bisitariak ere azaldu ziren. Bazkideetako batek bertsoak prestatu zituen, Engo taldearen emanaldia izan genuen, eta oso giro bero eta hurbila sortu zen. Hunkitu egin nintzen hainbeste jende ikusita: ez nuen espero, eta, jendaurrean hitz egitea kostatu egiten bazait ere, oso berezia izan zen.
«Asko hunkitzen nau kooperatiba oraindik ere maitatua dela ikusteak»
Zer egin ohi duzue San Isidro egunean?
Tradizioari eusten diogu beti. Bazkideekin bazkari bat egiten dugu urtero, eta zozketak ere bai. Antzina jarduera gehiago egiten ziren —nekazaritzako trebetasun probak, esaterako—, baina azken urte hauetan xumeagoa da ospakizuna. Aurten, mendeurrena zela eta, zerbait handiagoa egin nahi genuen, eta oso ondo atera zaigu.
Zer esan nahi du zuretzat hainbeste urteko lanaren ondoren ospakizuna barrutik bizi izanak?
Hiru hamarkada baino gehiago daramatzat hemen, eta poztu egiten gaitu hainbeste jendek erantzun duela ikusteak. Asko hunkitzen nau kooperatiba oraindik ere maitatua dela ikusteak. Nire bigarren etxea da, nolabait. Azkenean, jendeari esker mantentzen da guztia: bazkideak, bezeroak, bizilagunak... Haiek gabe ez genituzkeen ehun urte beteko.
Ehun urteren ondoren, kooperatibak bizirik dirau. Nola lortu duzue hori?
Egokitzeko gaitasuna izan dugu. Tradizioa eta modernitatea uztartzen asmatu dugu, hurbiltasun espiritua galdu gabe. Eta jendeari esker ere lortu dugu: langileei, bazkideei eta egunez egun gugan konfiantza izan dutenei esker.