Langabeek itsasoan behar egiteko EnpleGU programa aurkeztu du Bermeoko Udalak

Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako langabeentzat izango da, eta lau hilabete iraungo du. Inguru horretako behar ekonomiko eta sozialei erantzutea du helburu, baita langabeei beste sektore batean aritzeko aukera eskaintzea ere.

Bermeoko portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bermeoko portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EnpleGU: Ontziratu izeneko prestakuntza programa aurkeztu du Bermeoko Udalak, inguruko Behargintza zerbitzuekin eta Bermeoko Nautika Eskolarekin elkarlanean. Helburua inguruko behar ekonomiko eta sozialei erantzutea da, baita langabeei arrantzaren sektorean aritzeko aukera eskaintzea ere. Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako langabeentzako izango da. Karmele San Miguel Bermeoko Nautika eta Arrantzako Eskolako zuzendariak azaldu duenez, sektoreko enpresekin hitz egin dute beharrak aztertu eta formakuntza bideratzeko: «Muntaketarekin eta kontrolarekin lotutako prestakuntzaren falta sumatzen dute; sareekin lotutakoa, oro har». 

Hori dela eta, hiru ikastaro emango dituzte, hurrenez hurren: Itsasontziko segurtasuna eta lehen sorospenak, arrantzontziko estalki lanak eta arrantza aparailuak muntatzea. Urrian hasiko dira, eta lau hilabetez eskainiko dituzte. «Itsasoratzeko oinarrizkoa eskaintzea lehenetsi da, eta horretarako daude lehenengo bi ikastaroak», esan du eskola nautikoko arduradunak. Segurtasun eta sorospeneko oinarrizko formakuntza beharrezkoa da itsas libreta izateko, eta, beraz, itsasoratzeko ere bai. Merkataritzako Marinaren Zuzendaritza Nagusiak homologatzen duen oinarrizko segurtasuneko ziurtagiriaren baliokidea da, eta 70 ordutan irakatsiko dute.

Arrantzontziko estalki lanen inguruko formakuntza aurrekoa baino laburragoa izango da: 30 ordukoa. Marinel eta arrantzaleei ematen zaien ikastaroaren baliokidea da, eta, hortaz, hori aski izango litzateke arrantzontzietan marinel joateko. Hala ere, normalean ematen den prestakuntzatik harago joan nahi izan dute EnpleGU programan: enpresek hutsuneak antzeman dituzte jakintzan, eta hutsune horiek beteko ditu ikastaroak. «Espezifikoagoa» izango dela zehaztu du San Miguelek: «Arrantza aparatuen muntaketarako ikastaroak sarrera gisa funtzionatuko du, ikasleek gutxieneko jakintza izan dezaten arrantza arteetako prestakuntzan, armatzean eta muntaketan». 190 ordu iraungo ditu.

WhatsApp Image 2025 07 14 at 11.11.46
Bermeoko Udaleko eta Nautika Eskolako ordezkariak EnpleGU: Ontziratu programaren aurkezpenean, Bermeon, uztailaren 14an. BERMEOKO UDALA

Dena dela, zuzendariak argitu du aparteko formakuntza bat jaso behar dela: «Ikastaro hau ez litzateke aski izango profesionaltasun ziurtagiria lortzeko; gure zentroan eskaintzen diren beste ikastaro batzuekin osatu behar da. Behin hala eginda, kontramaisu eta saregile postuak bete daitezke, eta horretarako jendea behar da». Galtzen ari diren ofizioak direla nabarmendu du San Miguelek.

Ezin izan dute formakuntza luzeagoa eskaini, eta, hori dela eta, programak ez du espezializazio osoa barne hartzen. Baina, San Migelek adierazi duenez, «garrantzitsua da jendeari itsasoratzeko oinarria eskaintzea eta espezializaziorako lehen pausoa ematen laguntzea». Hala ere, aipatu du EnpleGU programak hedatzeko aukera izan dezakeela: «Funtzionatzen badu, hurrengo urtean bertan formakuntza hori osatzeko aukera eskainiko litzateke, posible bada».

«Arrantza oso sektore maskulinizatua da, eta ikasleen artean ere ikusten da hori»

KARMELE SAN MIGUELBermeoko Nautika eta Arrantzako Eskolako zuzendaria

«Programa aukera erreal bat da itsas arrantzaren sektorean aro profesional berri bat hasteko», adierazi du Bermeoko Udalak. Sektoreari buruz hitz egitean, berriz, bi arlo desberdindu dituzte: itsas zabaleko arrantza, eta itsasbazterrekoa edo baxurakoa. Egoera ez da bera: itsasbazterreko arrantzan dago behargin falta handiena. «Sektorea galtzen ari da; gero eta itsasontzi gutxiago daude», adierazi du San Miguelek. Nautika eskolan ere ikusten dute interes falta. «Zentroko ikasleentzat ere ez da hain erakargarria, baina baldintzak ez dira txarrak: soldata ongi dago, asteburuetan etxera itzultzen dira, ez dute itsas zabalean bezala tarte luzerik egin behar kanpoan, geldialdi biologikoko tarteak ere badituzte...».

Jende asko erretiratu da eta erretiratzen ari da, eta belaunaldi arteko erreleboa behar da. Horregatik, San Miguelek esan du lanari «eusteko» saiakerak egiten ari direla. «Gazteentzat erakargarriagoa egin nahi dugu, eta, horrela, datozen ikasleek ere interesa izango dute baxurako itsasontzietara igotzeko». Itsas zabaleko arrantzari dagokionez, egoera askoz hobea da; soslai zehatzak falta diren arren, «ikasle gehienek atunontzietan itsasoratu nahi izaten dute», eskola nautikoko zuzendariak jakinarazi duenez.

Egungo ikasleen soslaia

Eskola nautikoan gaur egun dauden ikasleen profila «askotarikoa» dela azaldu du San Miguelek. Tokiari dagokionez, badira Bermeoko eta inguruetako ikasleak, baina «gero eta jende gehiago dator kanpotik; gehienbat, Galiziatik eta Balearretatik». Tradizioari dagokionez ere, badira arrantzale familietatik datozen gazteak, baina baita interesagatik ikastea erabaki dutenak ere.

Generoan dago arrakalarik handiena. «Arrantza oso sektore maskulinizatua da, eta ikasleen artean ere ikusten da hori», aitortu du San Miguelek. 170 ikasle dituzte, eta horietatik lau besterik ez dira emakumezkoak. Arduradunak gehitu du emakumezko gehienek enplegua eskuratzen dutela: «Gutxi izanda ere, proportzionalki ehuneko handi bat itsasoratu ohi da. Duela hiru urte prestakuntza duala egiten ari zen neska bat izan zen: lehen aldia izan zen emakume bat postu ofizial batekin atunontzi batean itsasoratu zena. Orain ere badugu prestakuntza duala egiten ari den beste emakume bat». 

Udalak «aro profesional berria» aipatu du: langabezian dauden eta inoiz arrantzarekin harremanik izan ez duten soslai berriak sartzeak pluraltasun handiagoa ekarriko duelakoan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.