Bizkaian 360.000 lanpostu bete beharko dira hemendik hamar urtera

Aldundiak bigarren Enplegu Plana ondu du, lan merkatuko «hiru trantsizio handitara» egokitzeko: soziodemografikora, ekologikora eta digitalera. Erronkatzat jo dute migratzaileak lan merkatuan integratzea eta inaktibitate tasa apaltzea, besteak beste.

Bi behargin Basauriko Mercabilbaon, 2022ko abenduan. Elikagaien sektorea potentzial handikotzat jo du aldundiak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bi behargin Basauriko Mercabilbaon, 2022ko abenduan. Elikagaien sektorea potentzial handikotzat jo du aldundiak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak 2020an sortu zuen lehen Enplegu Plana, eta orduko ziurgabetasun giroak erabat baldintzatu zuen bide orria: plan «erreaktibo» bat izan zen hura, COVID-19aren pandemiak «sektore guztietan» eragindako ondorioei erantzutera bideratua, Teresa Laespada Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatuaren arabera. Bigarren Enplegu Planak (2024-2029) beste helburu bat izango du: lan merkatuaren aldaketei aurrea hartzea. Izan ere, Lanbideren Futurelan Enpleguaren Prospektiba Behatokiak aurreikusi duenez, Bizkaiko 300.000 behargin inguruk erretiroa hartu ahalko dute hemendik 2035era, baina langile gazteek postuen erdiak baino ez dituzte beteko; eta, horrez gain, beste 60.000 lanpostu sortuko dira tarte horretan. 360.000 hutsune izango dira guztira.

Baina langileen erreleboa ez da aurrera begirako buruhauste bakarra. Zehazki, lan merkatuak «hiru trantsizio handitara» egokituko beharko du datozen urteetan, Laespadaren esanetan: trantsizio soziodemografikoak ez ezik, ekologikoak eta digitalak ere baldintzatuko dute enplegua.

datuak

20

Zenbat mila pertsona sartu ziren lan merkatuan aldundiaren lehen Enplegu Planari esker. Aldundiaren lehen Enplegu Plana 2020tik 2023ra arte egon zen indarrean. 41.805 pertsonari lagundu zien aktibazio, ekintzailetza eta laneratze prozesuetan, eta 20.000 laguni lan merkatuan sartzeko modua eman zien.

526

Zenbat mila langile dauden Bizkaian. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, Bizkaian 526.300 lagun dabiltza lanean —iazko hirugarren hiruhilekoko datua da—. Horietatik 48.800 atzerritarrak dira.

Aldaketa horietara moldatzeko, aldundiak 34 lerro espezifiko eta ehun esku hartzetik gora ezarri ditu Enplegu Plan berrian. Bide orri «anbiziotsua» da, diputatuaren berbetan, eta ehun eragilek baino gehiagok parte hartu dute taxutzen: besteak beste, patronalak, sindikatuek, unibertsitateak eta hirugarren sektoreko ordezkariek. Joan den ostiralean aurkeztu zuten, Bilboko Euskalduna jauregian, instituzioen arteko lankidetza islatu zuen ekitaldi batean: Laespadak ez ezik, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeak, eta Elma Saiz Espainiako Gobernuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak hartu zuten hitza.

Arlo soziodemografikoari dagokionez, aldundiak erronkatzat jo du pertsona inaktiboak lanera erakartzea, migratzaileei lan duinerako sarbidea ematea ibilbide pertsonalizatuen bidez, hirugarren sektorearekin eta enpresekin lankidetza sendotzea, gazteak eta kolektiborik kalteberenak lan merkatuan sarraraztea, enpresek adinaren kontua egoki kudeatzea eta belaunaldi aniztasunera egokitzea. Trantsizio digitalari lotuta, adimen artifizialaren, automatizazioaren eta robotikaren eraginak aitatu dituzte planean: Bizkaiko enpresen %9k adimen artifiziala erabiltzen dute dagoeneko, eta beste %16k hura baliatzeko asmoa dute laster. Eta trantsizio ekologikoak ere zereginak ekarriko ditu: besteak beste, enplegu berdea eta prozesu produktibo jasangarriak sustatuko dira, industria deskarbonizatzeak beste prozesu eta soslai batzuk eskatuko ditu, eta premiazkoa izango da konpetentzia berdeei buruzko prestakuntza.

(ID_17517100689875) (/Bizkaiko Foru Aldundia) Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatua ...
Teresa Laespada aldundiaren bigarren Enplegu Planaren aurkezpenean, atzo zortzi, Bilboko Euskalduna jauregian. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Hain justu, enplegatzeko aukera asko izango dira arlo horietan. Hazteko potentzial handia duten sektore batzuk identifikatu ditu aldundiak: teknologia aurreratuak —Big Data, zibersegurtasuna, adimen artifiziala—, elikagaien teknologia, mugikortasuna, aeronautika, turismo jasangarria eta zaintza —geriatria, besteak beste—.

Kolektibo lehenetsiak

Bizkaiko lan merkatua egoera «onean» dago, Laespadaren esanetan: 2020tik, okupatutako biztanleen kopurua %6,5 igo da. Aurreikuspenen arabera, lurraldearen BPGa %2,1 handituko da aurten, eta datorren urtean %6,8koa izango da langabezia tasa. Baina «ahulezia iraunkorrak» ere badira: migratzaileek zailtasunak dituzte lan merkatuan integratzeko, talde batzuetan altua da inaktibitate tasa, langabezia kronikoa da kolektibo zaurgarrienetan, eta arrakala digitala ere kezka iturri da aldundiarentzat.

Hala, plan berrian kolektibo batzuk lehentasunezkotzat jo dituzte: epe luzeko langabeak; emakumeak, biztanleria ez-aktiboaren %58 baitira; gazteak —langileen %4 baino ez dira—; 45 urtetik gorakoak eta, bereziki, 55 urtetik gorakoak, langabe kroniko bihurtzeko duten arriskua dela eta; gizarte bazterketan daudenak; migratzaileak eta administrazio egoera irregularrean daudenak; kualifikazio apala dutenak; eta osasun mentaleko arazoak dituztenak edo desgaitasunen bat dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.