Busturialdeko umeei herri kirolak irakasteko saioak egingo dituzte

Gaztetxoei euskal kirolak erakutsi nahi dizkie Sustabiz fundazioak. Hirugarren urtez egingo dute Gure Kirolak Sustatzen egitasmoa. Aurten, parte hartzeko hamazazpi saio egongo dira.

(ID_14894414) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-04-24, Bilbo. Sustabiz Fundazioak   Gure Kirolak Sustatzen 2025 programa aurkeztu du et...
Zihara Zabala harri jasotzailea, apirilaren 24an, Bilboko BBK aretoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2025eko maiatzaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gure Kirolak Sustatzenegitasmoaren barruan, parte hartzeko hamazazpi jardunaldi egingo ditu aurten Sustabiz fundazioak, Busturialdeko beste horrenbeste udalerritan. Eskola adinean —6 eta 14 urte artean— dauden neska-mutilei herri kiroletan, euskal pilotan eta arraunean aritzeko gogoa piztea da saio irekien helburua. Hurrengo topaketa maiatzaren 18an egingo dute, Ajangizen. Parte hartzaileek euren adinari egokitutako materiala izango dute eskura. Horretaz gain, goi mailako herri kirolarien, arraunlarien eta pilotarien erakustaldiak izango dira.

Hirugarren edizioa du Gure Kirolak Sustatzenegitasmoak. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK fundazioak ematen diote laguntza. Hain zuzen ere, apirilaren 24an, Bilboko BBK aretoan egin zuten aurtengo egitarauaren aurkezpena, eta, Joseba Etxebarria Sustabiz fundazioko zuzendariak azaldu zuenez, «programaren ardatza eskola adinean dauden neska-mutilak parte hartzeko topaketak antolatzea da, euskal kultura eta kirolak barnera ditzaten». Hitzarmenak izenpetu dituzte Busturialdeko udalekin.

«Programaren ardatza eskola adinean dauden neska-mutilak parte hartzeko topaketak antolatzea da»

JOSEBA ETXEBARRIASustabiz fundazioko zuzendaria

Erakunde laguntzaileak ere bat datoz proiektuaren helburuekin. Koldo Bilbao BBK Gizarte Ekintzako kultura arduraduna ez ezik, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariak ere parte hartu zuen aurkezpenean. «Folklorismo hutsetik harago, kirol hauek gure lurraldearen eguneroko bizitzaren parte izatea nahi dugu, eta neska-mutilen parte hartzea bultzatu», esan zuen Sergiok. Halaber, emakumeei, herri kiroletan ere «dagokien tokia ematera» deitu zuen. «Horrek argi eta garbi islatuko luke Bizkaian [andre eta gizonen arteko] berdintasunaren alde egiten dugula».

Azaroaren 8ra bitartean

Jardunaldien daten berri eman zuen Etxebarria Sustabizeko zuzendariak. Dagoeneko hamazazpi saio iragarri dituzte, eta «litekeena da gehiago egitea». Apirilaren 26an eta 27an egin zituzten lehenengo bi topaketak, Bermeon eta Morgan. Maiatzaren 18an, berriz, Ajangizen izango da saioa, eta maiatzaren 25ean, Gautegiz Arteagan. Azaroaren 8ra bitartean, parte hartzeko beste hamahiru jardunaldi egingo dituzte Busturialdeko beste hainbat udalerritan, Gure Kirolak Sustatzenegitasmoaren barruan.

Prestakuntza teknikoan sakontzea ere bada Sustabiz fundazioaren helburuetako bat. Izan ere, «kirolariek maila gorenean lehia daitezen» nahi dute. Aurtendik Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian egiten dituzte entrenamenduak. Han herri kiroletarako egokitutako gela bat daukate, eta prestaketa saio pertsonalizatuak jasotzeko aukera dago, ordainduz gero, Arkupe Sustabiz kirol elkarteko kidea izan ala ez. Gainera, Sustabiz fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu du Baiegene enpresarekin, Arkupe Sustabiz kirol elkarteko kideek entrenamendu fisiko osagarri bat jasotzeko aukera izateko. Horretarako, fitnesserako material eta aparatuekin osatu dute zentroa.

Handik oso gertu, Gernikako institutuaren instalazioetan, entrenamendurako beste gune bat ipini dute. Ildo berean, hezkuntza zentro hartako DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen gorputz hezkuntzan herri kirolak txertatzea adostu dute. Deustuko Unibertsitatearekin ere hitzarmena sinatu dute, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Graduko ikasleak trebatzeko.

Europara jauzia

Horrez gainera, AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Elkartearen kide da egun Sustabiz fundazioa. Europako hamazazpi herrialdetako federazioek, fundazioek eta elkarteek osatzen dute AEJeST. Horri esker, herri kirolen erakustaldia egingo dute uztail hasieran Reusen (Herrialde Katalanak) izango den topaketan.

EGUTEGIA

Maiatzak 18. Ajangiz.

Maiatzak 25. Gautegiz Arteaga.

Ekainak 6. Muxika.

Ekainak 7. Sukarrieta.

Ekainak 21. Gernika eta Busturia.

Ekainak 28. Elantxobe.

Uztailak 6. Mundaka.

Uztailak 26. Kortezubi.

Irailak 6. Murueta.

Irailak 7. Nabarniz.

Irailak 21. Gernika-Lumo.

Irailak 28. Mendata.

Urriak 4. Ereño.

Azaroak 8. Forua.

 

HERRI KIROLen ZENTROA IREKIKO DUTE BILBON

Bilbok herri kiroletan trebatzeko zentro bat izango du. Diziplina anitzeko pabiloi berriaren obrak udaberri amaieran hastea aurreikusten dute. Txurdinagako udal kiroldegiaren lurretan egongo da, eta Txirrikak kudeatuko du, Bilboko herri kiroletako lehenengo kirol klubak. Bilboko Udalak proiekturako bideratutako aurrekontua 1.367.621,50 eurokoa da (BEZa barne), eta Bizkaiko Foru Aldundiak 229.675 euroko laguntza emango du. Herri kirolen zentroa 2026ko udan zabaltzea aurreikusten dute. Besteak beste, erabilera anitzeko pista bat, komunak, aldagelak, fisioterapia gela, harrera bulegoak eta gela teknikoak izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.