Dragoi batean bermatuta

Arraun egitea edozein adinetan izan daiteke mesedegarri, Bilboko Dragon Boat Lamiak taldeko kideen arabera. Onurak igarri dituzte osasunean eta aldartean.

Dragoi barkuko arraunlariak entrenatzen, uztailaren 4an, Bilboko itsasadarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Dragoi barkuko arraunlariak entrenatzen, uztailaren 4an, Bilboko itsasadarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehen begi kolpean antzematen da ez dela ohiko ontzi bat: dragoi baten burua darama brankan, eta ezkata gorriz daude apainduta hegalak. Eta itxuratik harago, tripulazioaren ezaugarriek are bereziagoa bihurtzen dute; batik bat, aniztasunagatik: 30 urte inguru ditu arraunlari gazteenak, eta hainbat belaunalditako kideak daude, ia 70 urtera artekoak; emakumeak dira gehienak, baina hiruzpalau gizonek ere izena eman dute; eta askotarikoak dira arraun egiteko dituzten arrazoiak. Gaitza da, halaber, barkuaren izaera zehaztea: kirol klub bat da Bilboko Dragon Boat Lamiak, eta arraunlarietako batzuek lehiaketetan parte hartzen dute; baina elkartea ere bada. Osasuna zaintzeko batu dira asko, edo, besterik gabe, lantzean behin itsasadarreko uretan paseatzeko.

Orain dela bederatzi hilabete inguru ekin zioten Bilbon dragoi barku bat sortzeari, eta edonorentzako moduko ariketa izan daitekeela nabarmendu zuten ekainean, Espazio Urdina Konkistatuz proiektua aurkeztu zutenean, Bilboko Itsasmuseumen ondoko kaian. Ez da Bizkaian dagoen aurreneko dragoi barkua —Getxon ere badago bat—, baina eurenak ñabardurak dituela adierazi du Libia de la Fuente elkarteko presidenteak: ez zuten kirola soilik egin nahi, eta, hain justu, elkarte ere izateak bide ematen die bestelako jarduera batzuk garatzeko.

«Barneratu behar dugu jada ez garela pazienteak, eta kirolak aukera ematen du konturatzeko gauza gehiago ere izan gaitezkeela»

LIBIA DE LA FUENTEBilboko Dragon Boat Lamiak klub eta elkarteko presidentea

Esaterako, irailean bularreko minbizia duten emakumeen inguruko ikerketa batean parte hartuko dute. Eritasun hori dute edo izan dute arraunlarien %50ek, eta %10ek bestelako minbizia batzuk pairatu dituzte. Baina, berriro, kale egin du barkua sailkatzeko ahaleginak: ez da soilik minbizia dutenentzako edo izan dutenentzako txoko bat, argitu du De la Fuentek. 38 lagun daude elkartean, beste hamabost itxaron zerrendan, eta askotarikoak dira motibazioak. «Galdetu diegu ea zergatik eman duten izena; asko bakarrik sentitzen dira, eta sareak sortzeko asmoz parte hartzen dute barkuan».

Connie Boulandier arraunlariarentzat, dragoi barkua ezinbestekoa izan da nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko. Minbizia diagnostikatu zioten 64 urte zituela, eta orduan konturatu zen «lanaren burbuilan murgilduta» egon zela ordura arte, eta joera horrek asko mugatu zizkiola harreman sozialak. «Erretiroa hartzen duzu, edo ezgaitzen zaituzte gaixotasuna dela-eta, eta zeure buruari galdetzen diozu: ‘Orain, norekin erlazionatuko naiz, nire harreman guztiak lan edo familia esparruan badaude? Eta bi esparru horiek desagertuz gero? Nola egingo ditut lagunak?'». Elkarteari esker, emakume «erresiliente eta konprometituen» sare bat aurkitu du Boulandierrek, eta balio izan dio norbere buruak jagoteak duen garrantziaz jabetzeko. «Beti egon gara besteak zaintzen, eta orain geure buruan zentratzen ari gara. Eta ematen du hori gaitzesgarria dela...».

Belaunaldien arteko topaketa

Paradoxikoa da Boulandierri gertatutakoa: minbizia atzeman aurretik ez zuen inoiz kirolik egin, eta orain federatua da. Ez da ezohiko kasu bat, ordea; areago, haren antzeko soslaia duten andreak ditu elkarteak jopuntuan, De la Fuentek nabarmendu duenez. «Adineko emakumeak erakarri nahi ditugu; dragoi barkua kirol aparta de haientzat ere. Belaunaldiartekotasuna sustatu nahi dugu». Andreen artean «arrakala» bat dagoela esplikatu du presidenteak, askok ariketa fisikoa egiteari uzten baitiote adin batetik aurrera.

(ID_15115369) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-04, Bilbo. Dragoi txaluparen entrenamendua
Dragoi barkuko arraunlariak lehorrean, Bilboko Itsasmuseumen ondoko kaian, entrenamendua hasi baino lehen. ARITZ LOIOLA / FOKU

De la Fuentek ez zuen kirola guztiz alboratua, baina noizbehinka baino ez zuen praktikatzen, harik eta 2020an bularreko minbizia diagnostikatu zioten arte. Ibilketa nordikoan hasi zen aurrena, eta dragoi barkuari heldu zion orain dela hiru urte. «Bizitza aldatu zidan. Hasiera-hasieratik igarri nituen onura fisikoak eta psikologikoak: jendea ezagutzen duzu, eta familia bat osatzen duzu zure antzeko bizipenak dituztenekin». De la Fuentek minbizia gainditu zuen, eta arraunari esker samurragoa egin zaio gaixotasunaren osteko etapa. «Osasun zerbitzuak askatzen gaituenean, gure bizitzara itzuli beharra dugu. Eta, askotan, barneratu behar dugu jada ez garela pazienteak, eta kirolak aukera ematen du konturatzeko gauza gehiago ere izan gaitezkeela: kirolariak ere izan gaitezkeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.