Durangoko Pinondo etxea zaharberrituko dute, berriro ere kultur etxea izateko

XIX. mendeko eraikina eraberritzeko aurreproiektua aurkeztu du udalak. Lanak hurrengo agintaldian hasi asmo dituzte. 2020an zarratu zuten etxea, egitura hondatuta duelako. «Etorkizuneko Durangoko euskal kulturaren eragile estrategikoa» izatea nahi dute.

Zaharberritze lanen ondoren Durangoko Pinondo Etxea zelan geratuko den erakusten duen irudia. BERRIA
Zaharberritze lanen ondoren Durangoko Pinondo Etxea zelan geratuko den erakusten duen irudia. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 22a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Udalak prest dauka Pinondo etxea berritzeko aurreproiektua: eraikina zaharberritzen dutenean, kultura eta prestakuntza zentro bat izango da, garai batean bezala. 2,5 milioi euro beharko dituztela kalkulatu dute, eta obra finantzatzeko laguntza bila hasiko dira orain. Obrak hurrengo agintaldian hasi asmo dituzte. Izan ere, eraikina historikoa da, eta babestu beharreko eraikinen katalogoan dago. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Kirol eta Euskara Sailaren oniritzia beharko dute orain. Uste dute datorren urtean izango dutela prest behin betiko proiektua. Paule Sanchez Kultura zinegotziaren esanetan, «etorkizuneko Durangoko euskal kulturaren eragile estrategikoa» izango da Pinondo.

Fatxadari bere hartan eutsiko diote, baina barruko aldean hainbat aldaketa egin beharko dituzte, hainbat solairu egoera txarrean daudelako eta bukatzean izango dituen erabileretarako egokitu beharko dutelako. Dagoeneko pentsatu dute solairu bakoitzean zer egongo den. Behekoan, arreta gunea eta erabilera anitzeko erakusketa areto bat egongo dira, besteak beste. Lehen solairuan, berriz, udaleko Gazteria eta Kultura arloetako bulegoak ipiniko dituzte. Bigarren solairuan egongo dira tailerrak. Teilatupea ikus-entzunezkoak proiektatzeko, ekitaldi informaletarako eta erakusketetarako izango da.

Pinondo 1
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea eta Paule Sanchez Kultura zinegotzia, gaur, Durangon. BERRIA

«Birgaitzea ez da soilik esku hartze arkitektoniko bat. Durangoko kulturaren, hezkuntzaren eta kohesio sozialaren aldeko apustu bat da», nabarmendu du zinegotziak. Adierazi duenez, kultur etxe berria funtsezkoa izango da kultura sortzeko, talentua bultzatzeko, eta sormena, parte hartzea eta pentsamendu kritikoa sustatzeko esparruak izateko. Diziplina bakoitzak bere beharrei erantzungo dien leku bat izango du eraikinean.

Mireia Elkoroiribe alkatearen esanetan, Pinondo ez da eraiki soil bat: Durangoko historiaren eta hirigune historikoaren arimaren parte ere bada. 1855ean eraiki zuten. fatxada neoklasikoa du, eta hainbat gauzatarako erabili izan da XIX. mendetik hona: lehenengo etxebizitza gisa, eta gero udal zerbitzuetarako. 2020an zarratu zuten, kultur etxea zela, egitura hondatuta zeukala eta. Orain, ikur bilakatu gura du udalak. «Durango euskal kulturaren egoitza bihurtzea da agintaldiko funtsezko ardatzetako bat», adierazi du alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.