Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoa

Maite Morillo: «Bazen garaia emakume bat abokatuen dekano izateko»

Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano hautatu berri dute Maite Morillo. Erakundearen 185 urteetan boto bidez dekano hautatu duten lehen emakumea da.

Maite Morillo
Maite Morillo Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano berria, astelehenean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2023ko abenduaren 18a
05:05
Entzun

Ia 30 urte igaro dira Maite Morillo (Bermeo, 1970) abokatu lanetan hasi zenetik. Ibilbide horretan, Bermeoko eta Bizkai osoko kasu ugari eraman ditu. Asko ofiziozko txandan izan dira, eta Morillok «harrotasunez» aldarrikatzen du lan hori. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano hautatu dute lurralde historikoko abokatuek. Dekanotza boto bidez lortu duen lehen emakumea da bermeotarra; are, emakume bat elkargoko dekano izendatu duten bigarren aldia da. Helburu asko jarri dizkio bere buruari hurrengo bost urteetarako agintaldian; haien artean, euskara sustatzea eta ofiziozko txandako abokatuen lan baldintzak hobetzea.

Zer esan nahi du zuretzat Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekano izateak?

Harrotasun handiz hartu dut kargua, baina, aldi berean, jakitun nago erantzukizun handia dela. Lan handia dakar, baina gauzak egiteko gogoa eta ilusioa ditut. Elkargoko zuzendaritza batzordeko kide izandakoa naiz: zazpi urte eman nituen han, eta horietatik azken biak dekanorde moduan egin nituen. Erronka bat da; batez ere, gauzak hobetzen saiatzeko, aurrera egiteko. Lanbideak eta gizarteak hobera egitea nahi dugu.

Zer egiteko izango dituzu orain dekano izanik?

Dekanoak Bizkaiko abokatu denak ordezkatzen ditu. Ia 5.000 kide gara, eta horietatik 3.400 inguru jardunean daude. Lanbideak egunerokoan izan ditzakeen arazoak kudeatzea da gure egitekoa. Herritarrei zerbitzu egoki bat ematea ere gure helburuen artean dago, herritarrek kalitatezko zerbitzua emateko eskatzen baitigute. Abokatuen prestakuntzan ere lan egin behar dugu, lankideak behar bezala prestatuta egon daitezen. Abokatuen erreklamazioak eta kexak kudeatu behar dira, batzuetan arretarik gabe sentitzen baitira, erakundeek edo bezeroek gaizki tratatzen dituztela sentitzen dutelako.

Bozketa bidez aukeratu duten aurreneko emakume dekanoa zara.

Jendeak «historia egin duzu» esaten dit, baina oraindik ez dut barneratu. Gainera, hori ez zen helburua. Egia da: uste dut bazela garaia emakume batek postu hau betetzeko. 185 urteko historia du elkargoak, eta denbora asko behar izan dugu honaino iristeko. Nik lanean jarraitu nahi dut. Gobernu Batzordean hasi nintzenean, ez nekien oso ondo non sartu nintzen, eta asko poztu ninduen gauzak egin ahal izateak, ekarpenak egin ahal izateak, eta horretan jarraitu nahi dut.

«Jendeak 'historia egin duzu' esaten dit, baina oraindik ez dut barneratu»

Nola daude emakumeak zuzenbidearen munduan?

Justizia Administrazioan emakumeak garrantzi handia du; gizon baino emakume gehiago gara. Zenbakiak oso esanguratsuak dira: gizon baino askoz ere emakume gehiago daude epaile, fiskal, justizia-administrazioko abokatu eta funtzionario lanetan. Egia da abokatutzaren munduan bulego handiak oraindik ere oso maskulinizatuta daudela. Ez dago izen handiko abokatuen bulegoetara iristen den emakume askorik. Azkenean, gizartean dagoena erreproduzitzen da.

Zerbait egin daiteke horren aurrean?

Bai. Gero eta emakume gehiago gaude, eta asko, postu garrantzitsuetara iristen ari dira bulego handietan. Baina egia da gehiago egon behar direla. Ez dut uste sistemikoa denik. Uste dut lan egin daitekeela, eta hori egiten ari garela, emakumeen presentzia areagotzeko. Zuzenbideak emakume aurpegia du.

Hasieratik argi izan zenuen abokatua izan nahi zenuela?

Ez nuen nire bokazioa batere argi. Zuzenbidea ikastea erabaki nuen, irtenbide asko zituela uste nuelako eta ezagutza handia emango zidala iruditu zitzaidalako. Ez nekien zer egingo nuen ikasketak bukatutakoan. Oposizioak egiten saiatu nintzen, baina hain nekatuta amaitu nuen ikasteaz, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan zegoen praktika juridikoa egitea erabaki bainuen. Bi urte oso izan ziren, egunero ia zortzi ordu ikasten. Hor ezagutu nuen nire bokazioa, eguneroko lana ikusi nuenean. Irakasleak abokatuak ziren denak, eta konturatu nintzen hori zela nik egin nahi nuena.

Elkargoko 2017ko gobernua
Dekano izatera heldu arte hamarkadak eman ditu Maite Morillok Bizkaiko Abokatuen Elkargoan. Horietako zenbait urte, elkargoko gobernu taldean. Irudian, 2017an osatu zen gobernu taldeko argazkia. Ezkerretik hasita hirugarrena da Morillo. BIZKAIKO ABOKATUEN ELKARGOA
Zer ikusi zenuen bi urte horietan zuzenbidean geratzeko?

Oro har, etengabe ikasten ari zarela. Gainera, askotan, zure bezeroek beren interesak eta eskubideak errespetatzen direla ziurtatzeko duten baliabide bakarra zu zara. Unibertsitateko urteetan ikasitakoa praktikan jartzeko modu bikaina iruditu zitzaidan. Ikasitakoa eraginkorra den zerbaitean erabili ahal izatea.

Zer nabarmenduko zenuke zure ibilbidean?

Ofiziozko txandan egindako lanaz oso harro nago. Kolegiatu eta berehala eman nuen izena, eta ia 30 urte daramatzat. Egia esan, poztasun handia ematen dit lan honek. Egia da batzuetan gogorra dela, baina itzela da egoera zailean dagoen edo bere maila ekonomikoagatik abokatu bat kontratatzeko aukerarik izango ez lukeen jendea artatzeko aukera izatea.

«Arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonak euskaraz artatuak izateko berme falta nabaritzen dut»

Zer presentzia du euskarak epaitegietan? Aldaketarik egon da zu hasi zinenetik?

Ez dut uste aldaketa handirik egon denik; lanbidearen egunerokoa gaztelaniaz egiten da. Bermeon daukat bulegoa, eta Gernika-Lumoko epaitegian aritzen naiz, gehienbat. Ingurune euskaldun batean aritzen naiz, baina gero hori ez da epaitegian islatzen; ez duela 30 urte, ezta orain ere.

Eta horrek nola eragiten du?

Norbait atxilotzen dutenean, euskaraz deklaratzeko eskubidea du. Eskubide hori betetzea nahi izanez gero, beharrezkoa da itzultzaile bat etortzea, kasuen %99etan epaiketan parte hartuko duen norbaitek — abokatuak, administratiboak, fiskalak, epaileak edo funtzionarioak — ez baitu euskaraz jakingo. Oztopo bat da hori, eta askotan akusatuak nahiago izaten du gaztelaniaz deklaratu, dena arintzeko.

Zer jarrera duzue zuek euskararen egoeraren inguruan?

Euskararen erabilera sustatu nahi dugu. Badakigu epaiketak euskaraz egiteko justizian plan bat dagoela iragarrita, eta egin nahi ditugun lehen gauzetako bat da EAEko Auzitegi Nagusiaren esku jartzea. Adierazi nahi diegu elkargoa prest dagoela plana bultzatu ahal izateko bere esku duen guztia egiteko. Gure ustez, garrantzitsua da euskara arlo guztietan egon ahal izatea. Ziurtatu beharra dago eskaraz hitz egin eta epaiketa bat euskaraz egin nahi duenak bermatua duela eskubide hori.

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala dagoela salatu du euskalgintzak. Hala da?

Ez dut uste oldarraldi judizialik dagoenik; ez dut uste maila horretara iritsi garenik. Baina egia da euskararen garrantziarekiko sentiberatasun falta sumatzen dudala. Euskaraz hitz egin nahi duten eta arreta euskaraz jaso nahi duten pertsonak euskaraz artatuak izateko berme falta nabaritzen dut. Hori bermatu egin behar da, eta beharrezkoak diren bitartekoak jarri behar dira hori posible izan dadin.

«Bizkaiko gizarteak urte luzez bokazioa ondo ikusi duela uste dut, baina azkenaldian ikuspegi hori galdu da»

Asko hitz egin da azken asteetan Espainiako Estatuko amnistia legeaz, eta batzuek diote horrek Zuzenbide Estatua apurtu dezakeela. Zer iritzi diozu?

Dekano gisa ez dut iritzirik emango, gure kolektiboak sentsibilitate anitz hartzen baititu. Elkargo batzuek Zuzenbide Estatuaren alde egin eta lawfare terminoaren arriskuez ohartarazi dute. Bizkaiko elkargoak ez du halakorik egin, eta nik, orain, dekano berria naizenez, uste dut ez dugula horren inguruan aritu behar. Zuzenbide publikoko erakundea gara. Lanbidearen eta herritarren alde lan egin behar dugu. Gai politiko horiek alde batera utzi behar ditugu.

Uste duzu bizkaitarrek ondo baloratzen dituztela abokatuak?

Abokatuenganako konfiantza galdu egin da. Ofizioen txandan argi ikusten da hori. Agian, azkenaldian gertatu denarekin ere lotuta dago da. Nik uste dut giroa apur bat gaiztotua dagoela pandemiaz geroztik. Oro har, denok dakigu eskubideak ditugula, baina betebeharrak ere baditugu. Gainera, eskubideak behar bezala erabiltzen jakin behar da. Bizkaiko gizarteak urte luzez bokazioa ondo ikusi duela uste dut, baina azkenaldian apur bat galdu da ikuspegi hori.

Oso ezberdina da Bermeoko abokatu baten eta Bilbon lan egiten duen beste baten lana?

Bezero mota eta lan egiteko erritmoak ezberdinak dira. Herri batean baino askoz mugimendu handiagoa dago hiriburu batean edo biztanle asko dituen udalerri batean. Halere, egunerokoan antzeko arazoak dituzu: dibortzioak, testamentuak eta jagoletza, adibidez. Ia lagun bihurtzen diren bezeroak izatea desberdina da. Bermeo bezalako herri batean edozertarako kontsultatzen zaituzte; askoz harreman arinagoa da.

Zer helburu dituzue datorren bost urteei begira?

Justizia administrazioan aurrera egin nahi dugu euskararen erabilerari dagokionez. Ofiziozko txandaren auzia hobetu nahi dugu ordainsariei dagokienez. Kontziliazioaren gaia hobetu behar dugu. Gai batzuk ez daude soilik elkargoaren esku; esaterako, jende asko kezkatzen du erretiroak, baina lege aldaketa baten mende dago hori.

Motzean

Liburu bat?
Gabriel Garcia Marquezen Cien años de soledad.

Pelikula bat?
George Cukorren The Philadelphia Story.

Abokatu ez bazina, zer ogibide gustatuko litzaizuke?
Irakaslea izango nintzatekeela uste dut.

Elkargoan hasi zinenean, dekano izateko ametsik zenuen?
Ez, inoiz ez zitzaidan bururatu dekanotza lortuko nuenik.

Hurrengo urteei begira zer helburu profesional dituzu?
Orain arte bezala aritzea, eta elkargoko kideen eta gizartearen alde lan egitea. Nire lana gustuko dut.

Zer du berezia zure ogibideak?
Egunero erronka berri bat dela eta etengabe gauza berriak ikasten direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.