Erdi Aroko azoka, Lekeitioren 700. urteurrena ospatzeko

Barikutik domekara, hainbat jarduera egingo dituzte. Herriko plazan egongo dira saltokiak ipinita. Astelehenean, Lekeitioko historia kontatuko dute argi eta irudi ikuskizun baten bidez.

Erdi Aroko azoka, artxiboko irudi batean. BERRIA
Erdi Aroko azoka, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 30a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean, 700 urte beteko dira Maria Diaz Harokoa I.a Bizkaiko andreak Lekeitiori hiribildu gutuna eman zionetik. Helburua zen merkataritza eta ontzigintza sektoreak sustatzea. Iaz, garai honetan hasi ziren herrian urteurren borobila ospatzen, eta harrezkero askotariko jarduerak egin dituzte. Baina jai nagusiena asteburu honetan izango da. Bihartik domekara, Erdi Arora itzuliko da Lekeitio, garai hartan girotutako azoka bati esker.

Bihar, 19:30ean botako dute txupinazoa. Azaldu dutenez, Lekeitio 700 egitasmoarekin harremana duten gazte bik emango diote su suziriari. Hala ere, azoka 17:00etatik egongo da zabalik herriko plazan eta alde zaharreko hainbat lekutan. Artisautza produktuak, elikagai organikoak eta eskualdeko produktuak salduko dituzte hainbat postutan. Jarduerak ere ez dira faltako: artisauen tailerrak, musika eta dantza zuzenean, umeentzako jolasak, ipuin kontalariak, txotxongiloak eta abar. Erdi Aroko jantziekin irtetera deitu dituzte lekeitiarrak.

Lekittoko Deabruak taldearen kalejira, artxiboko irudi batean. BERRIA
Lekittoko Deabruak taldearen kalejira, artxiboko irudi batean. BERRIA

Egun handia zapatukoa izango da. Lekeitiarrak esnatzeko kalejira «erraldoia» egingo dute, 10:00etan. 10:45ean irakurriko dute pregoia Ondarroako Artaka kultur elkarteko kideek. «Gizon aberatsen historia da beti kontatu digutena, beraz, isilean lan egin duten emakumeen ahotsa izan nahi dugu; haiek egin dute herria herri», iragarri dute elkartekoek. Herri bazkaria ere izango dute zapatuan.

Azokak domeka eguerdian zarratuko ditu ateak. Hala ere, 20:00etan Lekittoko Deabruak taldearen Itsas Sua ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute lekeitiarrek. Astelehen iluntzean, hiribilduko historia kontatuko dute udaletxeko fatxadan proiektatuko duten irudi eta argi ikuskizunaren bidez. Hiru proiekzio egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.