Ermuko pintura eskola berriz zabaltzeko eskatu diote ikasleek udalari

Martxoaren 8an zarratu zuen udalak, zerbitzua eskainiko duen enpresarik ez delako agertu lizitaziora.

Ikasleak Ermuko pintura eskolan, artxiboko irudian. IRAZKI PINTURA ESKOLA
Ikasleak Ermuko pintura eskolan, artxiboko irudi batean. IRAZKI PINTURA ESKOLA
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Ermuko Irazki pintura eskolako ikasleek eta haien familiek eskola berriro zabaltzeko eta han irakasle ibili diren bi andreak berriz kontratatzeko eskatu diote udalari. Guztira, 113 ikasle geratu dira eskola barik ikasturte erdian. Era berean, itxiera eragin duen prozesua azaltzea ere gura dute, iruditzen zaielako udalak «utzikeriaz» jardun duela. Dagoeneko agiri bat bidali diote udalari, irekitzeko eskatuz, eta datozen egunetan beste bat bidaltzeko asmoa dute azalpen eske. Protesta ere egin dute herriko kaleetan kartelak ipinita. 

Pintura eskola publikoa da, baina udalak enpresa bati esleitua zion zerbitzua. Miren Aja Gonzalez eskolako ikasleetako baten amak azaldu duenez, esleipena urte bukaerarekin iraungi zen. «Eskolako irakasleek kontatu digute udalak berandu abiatu zuela zerbitzua berriro esleitzeko prozesua. Aurreko esleipena bukatu zenean, ez zen egon zerbitzua eskainiko zuen enpresarik». 

Ajak gogoratu duenez, udalak bilera batera deitu zituen. «Banan-banan deitu gintuzten, eta galdetu ziguten ea joango ginen». Bileran iragarri zieten martxoaren 8an zarratuko zituela ateak eskolak. «Une hartan zur eta lur geratu ginen; ezusteko itzela izan zen guretzat. Gero jakin dugu udalak abendutik zekiela zer gertatuko zen». Udalak esan zien ez zela enpresarik aurkeztu. 

«Eskolako irakasleek kontatu digute udalak berandu abiatu zuela zerbitzua berriro esleitzeko prozesua».

MIREN AJA GONZALEZErmuko pintura eskolako ikasle baten ama

Urtarriletik aurrera zerbitzua eskainiko zuen enpresarik ez zegoenez, ordura arteko langileei kontratu txiki bat egin zien udalak. Martxoaren 8an iraungi zen kontratu hori ere. Harrezkero, langile biak langabezian daude. Ajak azpimarratu du, 29 eta 25 urte daramatzatela Irazkin pintura eskolak ematen. Erabiltzaileek eta haien familiek gura dute langile biak berriz kontratatu ditzala udalak, baina bileran udaleko ordezkariek erantzun zieten lizitazio prozesua hasi besterik ezin dutela egin. «Esan ziguten planteatzen dituzten baldintzetarako irizpideak araututa daudela, inguruko eskolekin lerratuta egon nahi dutela, egungo irakasleak asko baloratzen dituztela, eta ahal duten guztia egingo dutela zerbitzuari jarraipena emateko, baina egungo lege esparruak aukera bakarra uzten diela: zerbitzua eten eta lizitazio prozesu negoziatu bat hasi».

Irakasleek gurasoei kontatu dietenez, lizitazioa orain abiatuta ere, ikasturtea galdua dute dagoeneko. «Esan digute epe batzuk bete behar direla eta dagoeneko ez lukeela astirik emango ikasturte honetan eskola berriro martxan jartzeko». Ajaren esanetan, ikasleek eta ikasleen familiek ikasturte osorako matrikula egin zuten, eta udalak ikasturte osoan zerbitzua eskaintzeko konpromisoa hartu zuen. «Baina ez du bete». Hilaren 5eko bileran esan zieten martxoan soilik kobratuko dietela jasotako eskolengatik, eta gainontzekoa itzuli egingo dietela. «Ez genuen besterik behar!». 

Erreferentea

Ajak azpimarratu du Ermuko pintura eskola «erreferentzia» dela Durangaldean. Haren arabera, irakasle biek egindako lanaren emaitza da. Biak dira Arte Ederretan lizentziatuak. «Zorte handia dugu gure herrian pintura eskola dugulako: ikastera, erlaxatzera eta irribarre egitera bultzatzen gaituena, baina, batez ere, astero zoriontasun zati bat ematen digun eskola delako», esan dute erabiltzaileek, ohar bidez.  

Susmoa dute udalak multienpresa baten esku utzi nahi duela zerbitzua, «esperientzia luzeko bi irakasle horien ordez esperientziarik gabeko gazte bat kontratatzeko, askoz gutxiago ordainduta», Ajak adierazi duenez. Salatu du irakasleek berandu kobratu izan dituztela soldatak, eta materiala ere euren diruarekin ordaindu izan dutela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.