Nico Cuenca

Ez dugu ezer ikasi

2023ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Gaur atzo baino gehiago dakit, baina bihar baino gutxiago. Hala gertatu ohi da behintzat. Hori kontatu digute askotan, eta horrela kantatu zigun Berri Txarrak-ek. Bizitzaren eskolan etengabe ikasten ari omen gara, baina amnesia puntu bat ere badugula esango nuke.

Hamabost urte bete dira urrian Lehman Brothesen hondamenditik. Zartako itzela eman zion geroz eta globalizatuago zegoen munduko ekonomiari. Oso denbora laburrean Estatu Batuetan hasitako finantza krisiak Europara egin zuen salto. Energia bezala, krisiak ez dira ez sortzen, ezta suntsitzen ere, eraldatu egiten dira, eta finantza krisia izatetik ekonomikoa izatera pasatu zen, eta handik gutxira zor publikoarena. Estatuen ordainketa gaitasuna ezbaian jarri zuten merkatuek, mesfidantza nagusi bilakatu eta hainbat gobernuk erreskatea eskatu behar izan zuten. Ez naiz honetan asko luzatuko. Zer gertatu zen aski ongi dakigu denok eta askok gogor pairatu zuten.

Kapitalismo basatiaren orgiak ekarri zuen krisia. Finantza sistemari ate guztiak ireki eta merkatuak erabat desregulatzea exijitzen zutenek arautze eta kontrol mekanismoak erabat biluztu zituzten, modu pornografikoan. Eta, ipuinean bezala, enperadorea larrugorrian zegoela ohartu ginen. Gehiegikeria eta eskandaluzko garaiak izan omen ziren. Horrela esan zuen garai hartako Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk. Are gehiago, enpresen goi kargudunen abusuak legez arautuko zituela esan eta kapitalismoa birfundatzeko deia egin zuen, esfortzuaren eta lanaren etikan oinarrituta. Gogoan dut nire izenkidearen berbak entzun nituen unea. Ez nekien ea Eraztunen Jauna edo Braveheart pelikularen pasarte epiko bat ari nintzen entzuten. Baina ez, nor eta Sarkozy jauna ari zitzaion herriari mintzo, Delacroixen margoan bezala, etikaren bidetik herria gidatu nahian. Urteek aurrera egin ahala ohartu ginen politikan bezalakoa zela gidari lanetan. Etikaz mintzo harrotuta zebilen liderrari hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten ustelkeria leporatuta. Etikaren bidean herria gidatu nahi eta espetxearen atarian bukatu...

Frantziakoa ez zen izan kapitalismoaren aldaketa beharraz aritu zen munduko lider bakarra. 2009an heldu zen Etxe Zurira Barack Obama presidentea, Hope lelopean. Gertatu ohi den bezala, Obamak ez zuen agindutako guztia bete, baina, egiari zor, merkatuen kontrola zorroztu zuen Dodd-Frank legea onartu zuen. Urte askotako arinkeriak zuzendu eta bankuen kaudimen eta likidezia betebeharrak zorroztu zituen. Obamari, baina, Trumpek hartu zion lekukoa, eta partiturari musika aldatu zion, tamaina ertaineko bankuen araudia lausotuz. Ondorioak aurten ikusi eta ikasi ditugu: Silicon Valley Bank, Signature Bank eta First Republic Banken porrotak. Atlantikoaren beste aldean, Suitzan, beste erraldoi historiko batek ere, Credit Suissek, hondoa jo du. Hamabost urtean lezioa ikasi gabe dugula ematen du… Kapitalismoa etikoki birfundatu behar zuenak kartzelan bukatu, eta Lehman Brothersen mamua inoiz baino biziago izan dute aurten AEBetan. Donostiako Jazzaldian ezagutu nuen Viva Suecia taldea, indie estilokoa, eta haiek ere ikasteari buruz kantatu zuten Zurriolako hondartzan. «No hemos aprendido nada» kontatu eta kantatu ziguten oholtza gainetik; «ez dugu ezer ikasi». Hamabost urte hauetan, behintzat, hala izan dela esango nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.