Abendua aldatzen ari da

Gabonetako kanpaina betean daude merkataritza eta ostalaritza sektoreak. Diotenez, azken urteetan aldatzen ari kontsumitzeko ohitura. Elikadura arloan, gutxiago eta merkeago erosten da. Opariak erosteko sasoia, ostera, aurreratu egin da.

Erriberako merkatua
Mikel Rojoren La Riojana harategia, Bilboko Erriberako merkatuan, joan den martitzenean. OSCAR MATXIN EDESA
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Urterik urtera, gero eta goizago iristen da Gabon giroa; bai, behintzat, haiei lotutako kontsumoa. Lehenago ailegatzen dira lehen turroiak eta polboroiak dendetara, lehenago pizten dituzte argiak kalean, black friday delakoaren eraginez lehenago erosten dira opariak, eta lehenago hasten dira, oro har, produktuak garestitzen. Ondorioz, jendeak ere aurreratu egiten ditu erosketak. Inflazioaren ondorioz, jairik garestienetakoak izango dira. Berbarako, elikagaiak %9,5 garestituta zeuden azarorako. Esaterako, joan den hilean, iazko Gabonetako prezio berean zeuden bildots eta arkume kiloa Bilboko Erriberako merkatuan —25 euro—; harrezkero gorako bidean jarraitzen dute. Hala ere, sasoi hau garrantzitsua duten hainbat sektoretan aitortu dute azken urteetan aldatzen ari dela abenduko kontsumoa.

Mikel Rojo – Bilboko Erriberako merkatuko saltzailea

Mikel Rojo Bilboko Erriberako merkatuko La Riojana harategiko ugazaba da. Gaztainekin hazitako Galiziako txerriak dira haren produktu nagusia. «Erregaien eta pentsuen garestitzeak gutxi eragiten dit niri. Beraz, nire kasuan, gehienbat, eskaeraren gorakadak eragiten du prezioak garestitzea, eta ez da produktu guztietan gertatzen». Abenduan, produktu batzuen eskaera berrogei aldiz handiagoa da, berbarako. Rojok azaldu duenez, batez beste, 5-10 zentimo garestitu ohi zaizkio jakiak Gabonetako kanpainan, eta, normalean, bezeroari prezioa igo beharrean, bere gain hartzen du garestitze hori. «Errentagarriagoa da niretzat; garestitzen badut, gutxiago saltzen dut, baina, prezioei eusten badiet, gehiago saltzen dut».

Azpizuna, masailak, saihetsak, txerrikumeak, besoak..., askotariko produktuak saltzen ari dira egunotan. «Latinoamerikan, esaterako, ohikoa da txerriarekin prestatutako jakiak afaltzea Gabon gauean eta Gabon zahar gauean, eta nabaritzen dugu». Masailak eta txerrikumeak saltzen ditu gehien Rojok. «Aurten, bildotsa oso garesti dago, eta jendeak uste du txerrikumea merkeagoa dela. Izoztua bada, bai, tamalez, baina freskoa ez da bildotsa baino merkeagoa, gutxi daude eta».

Haien bezeroen artean gutxi dira erosketak hainbeste aurreratzen dituztenak. «Behi okelari dagokionez, esaterako, azpizuna hemeretzi euroan zegoen irailean, eta berrogei euroan orain; beraz, jendeak aurrez erosten du. Txerri okela, ostera, ez da hainbeste garestitzen, eta nire bezeroek azken astera arte itxaroten dute erosteko. Nik argi daukat: ez du merezi izoztea», azpimarratu du. Masailak eroan ohi dituztenei, bai, haiei aholkatzen die lehenago erosteko, litekeena baita bukaeran ez izatea genero nahikorik.

Igarri du irailetik hona nabarmen handitu dela kontsumoa. Dagoeneko pandemia aurretiko salmentetan daudela uste du. Gabonak beti izan ohi dira urteko garairik indartsuena. Erriberako merkatuan lana asko ugaritzen da asteotan. Hala ere, berak bakarrik egin beharko dio aurre. «Ez da soilik zenbat irabazten dugun egunotan. Udalari zenbat ordaindu behar diogun, argindarra... Asko dira gastuak. Autonomoontzat zaila da beste langile bat hartu behar izatea halako aldi gogorretan».

La Riojana harategiko ugazabari iruditzen zaio azken urteetan kontsumitzaileek garrantzi «handiagoa» ematen diotela kalitateari. Hala ere, asko falta dela iruditzen zaio. «Esnatu gara, baina bide luzea dugu ibiltzeko». Oraindik ere gehiengoak supermerkatuetan erosten duela azpimarratu du, «prezioa kalitatearen aurretik lehenetsiz». Edozelan ere, merkatuak etorkizuna duela iruditzen zaio: «Nire negozioa errentagarria da».

MercaBilbaoko arrain eta itsaski postu bat, iazko abenduan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mercabilbaoko arrain eta itsaski postu bat, iazko abenduan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Alma Crespo – Mercabilbaoko handizkaria

Azaroan igarri zuten Gabonak hurbiltzen ari direla Mercabilbao handizkako merkatuko (Basauri) Jose Crespo SA arrain eta itsaski enpresan: «Txipiroi asko sartu zen, eta jendeak lehenago erosten du prestatu eta Gabonetarako izozkailuan gordetzeko». Hala ere, Mercabilbaoko handizkari Alma Crespok esan du oraindik oso motel doazela salmentak. «Agian, zubiak ere eragina izan du: luzea izan da, ohi baino jende gehiago joan da kanpora, eta ahaztu egin zaie Gabonak ate joka ditugula». Aitortu du aurten urtea, oro har, motel doala. Dena den, datorren astean giroa berotuko den esperantza du.

Produktu batzuk garestitu diren arren —esterako, txirlak, gutxi baitaude—, oro har salneurriei eusten ari direla nabarmendu du Crespok. Itsaskiak bai, garestitu dira, baina esan du eskaerari eta eskaintzari lotuta dagoela hori, eta ez inflazioari edo bestelako faktoreei. «Gurean eragin handia du itsasoaren egoerak; txarra badago, arrantzaleak ez dira arrantzara joango».

Orain izaten dituzte salmenta handienak. Cresporen esanetan, «urtean zehar irauteko salmentak» izan ohi dira oraingoak. Izan ere, abenduan arrain bereziagoak saltzen dituzte, «finagoak»: legatza, bisigua, erreboiloa, mihi arraina... eta itsaskiak, noski. Hala ere, igarri dute ohiturak aldatzen ari direla. «Lehen gehiago gastatzen zen, errazago; jai hauetan, mahaian produkturik onenak nahi izaten zituen jendeak. Orain, ostera, tentu handiagoz gastatzen dugu: jendeak gutxiago jaten du». Gainera, azken urteetan gehiago dira etxean barik kanpoan bazkaltzen dutenak, eta hori igartzen dute Cresporen postuan.

Lan gehiago izaten dute, oro har, abenduan, baina badira oso neketsuak diren egunak arraina eta itsaskia saltzen duten handizkako enpresentzat. Cresporenean, abenduaren 22a, 23a, 28a eta 29a izaten dira. «Bizirik dauden itsaskiak, otarrainxkak, txirlak... fresko saldu behar dituzu; ezin dira aste batzuk lehenago erosi. Beraz, justu otorduen aurreko egunetan saldu behar izaten dugu». Egun horietarako jende gehiago kontratatzen dute; bestela, ezin izaten diote lanari behar bezala erantzun.

Cresporen iritziz, ez du merezi erosketak oso goiz egitea dirua aurrezteko. Haren ustetan, ez da hainbeste aurrezten, eta kalitatea galtzen du. Dena dela, aitortu du arrain batzuek ematen dutela horretarako aukera, baina beste batzuek zapore txarra hartzen dutela izoztutakoan.

Datozen egunetarako itxaropentsu agertu den arren, Mercabilbaoko handizkariak aitortu du azken urteetan beherako bidean doazela salmentak. «Badaramagu bolada bat urtero aurreko urtean baino emaitza okerragoak lortzen. Kontsumo ohiturak aldatu dira: jendeak gurago du poteoa luzatu eta mokadu batzuk jan afari oparo baten ordez, eta hori gure kalterako da». Garai berrietara egokitzen asmatu beharko dute ezinbestean.

Mungiako arropa denda bateko erakusleihoa, joan den martitzenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mungiako arropa denda bateko erakusleihoa, joan den martitzenean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Elena Viteri – Mungiako Merkatari eta Ostalari Elkarteko presidentea

«Gabonetan ekintzak egin behar dira jendea herrian geratu dadin, herrian kontsumitu dezan», zehaztu du Elena Viteri Mungiako Merkatari eta Ostalari Elkarteko presidenteak. Horregatik, hainbat kontu dituzte esku artean. Esaterako, fideltasun txartel bat sortu dute: Visa Mungia. «Txartel horren bitartez, sariak ematen ditugu. Batetik, hiru ardo botilako kutxa bat, eta, bestetik, txorizoak, arto irina eta buzkantzak dituen kit bat». Horrez gainera, umeei zuzendutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, bai mungiarrentzat, bai Olentzeroren etxea bisitatzera etortzen direnentzat. «Saiatzen gara jendeak kalea bizi dezala egunotan». Viterik aitortu du ez dela erraza horrek gero salmentetan duen eragina neurtzea, baina baduela uste dute: «Jendea zenbat eta gehiago egon kalean, orduan eta onuragarriagoa da denda txiki fisikoentzat».

Espainiako Konstituzioaren eta Sortzez Garbiaren jai egunak pasatutakoan hasi ohi da merkatarientzat Gabonetako kanpaina berezia, black friday delakoarena bukatutakoan. «Kanpaina biak modu bereizian egin izan ditugu orain arte; konturatu gara black friday-aren ondorioz Gabonetako erosketak aurreratzen hasi direla, eta, beraz, orain nahasten hasi gara, zeozelan».

Urteko sasoirik «onenetarikoa» izaten da merkataritzarentzat; bestelakoan, udaberrian izaten dute oparoaldi bat. Hala ere, Viteriren arabera, gero eta gutxiago funtzionatzen dute kanpainekin: gehiago begiratzen diete bezeroen beharrei, eta eskaintza bereziak daudenetan izan ohi dute salmenta goraldiren bat. «Bezeroa entzun eta zer beharrizan dituen jakin behar dugu; horri erantzutea da guretzat kontsumo ohitura berrietara egokitzeko modu bakarra».

Mungiak 18.000 biztanle ditu, eskualdeko herri nagusia da, baina Bilbotik oso gertu dago, eta mungiarrentzat erraza da hiriburura edo metropoliko merkataritza gune batera joatea erosketak egitera. Internetez erosteko joera ere gero eta errotuago dago, gainontzeko lekuetan legez. Egunerokotasuna ere aldatu da, eta horrek ere eragina du kontsumoan. Viteriren esanetan, faktore askok dute eragina merkataritzan. Testuinguru honetan, Gabon aurrean aldi baterako lanpostuak sortzea ere iraganeko kontua bihurtu da.

Internet luzerako etorri da, eta Mungiako merkatari txikiek hor egon behar dutela esan du Merkatari eta Ostalari Elkarteko buruak. Egon badaude, baina bakoitzak erabakitzen du nola, gaitasunen eta helburuen arabera. Ez dute denek sarean erosteko aukera eskaintzen, adibidez.

Arropa eta oinetako dendetan, udazkena oso motel joan da, Viteriren esanetan, neguko eguraldia «berandu» ailegatu delako. Kanpainaka egiten dute lan, eta arropa erosita eduki behar dute sasoia datorrenerako, eguraldia gorabehera. Eusko Jaurlaritzaren Bonodenda kanpainak eta black friday-ko eskaintzek lagundu dute, eta espero dute datozen asteetan salmentak hobetzea, Gabonetako opariek bultzatuta.

Kontsumo ohituren aldaketak eragina dauka merkataritzan, zerbitzuetan eta ostalaritzan. Viteriren esanetan, «gaitza» da autonomo izatea. Gazteek lekukoa hartzea dute erronka, negozio berriak sortzen diren arren lehengoei eustea kostatzen baitzaie. Ostalaritzan ere nekez dabiltza. Igarri dute gaua ez dela lehengoa; batez ere, izurriaren ostean. «Arauak direla, murrizketak direla, azken urteetan desagertu egin da gaueko giroa. Orain arratsaldeak hartu du indar handiagoa, eta eskertzekoa da kalean bizitza egitea». Gabon aurreko poteo eta afariak oraindik ere egiten direla esan du Viterik, nahiz eta Bilbo gertu dagoen eta joera handia dagoen herrian hiriburura joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.