Bandera beltza, dolua adierazteko; hil hurren dagoen eraikin bat biziberritu gura dutela aldarrikatzeko. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak Gallartako (Abanto, Bizkaia) Peñusco-Mendiola meategiko lantegi-ukuiluari buruzko solasaldia antolatu du eguenerako. 18:00etan izango da, museoan bertan, eta aurretik bandera eskegiko dute eraikin hori erortzeko zorian dagoela salatzeko. Harriz eta adreiluz eginda dago, xumea da, eta arkitektura aldetik ez du elementu berezirik. Baina ondare historiko eta kultural handia du, museoko zuzendari Haizea Uribelarrearen esanetan, baliagarria baita jakiteko zelakoa zen meatzaritza lana. Gainera, horrelakoen artean zutik geratzen den bakarra da.
Zuzendariaren esanetan, museoaren egitekoen artean dago paisaiari eta kulturari lotutako ondarea kontserbatzea. «Museoa ez da bakarrik bilduma bat kudeatzea edo bisita gidatuak egitea». Horregatik, museoaren azpian dagoen Peñusco-Mendiola meategia museoaren diskurtsoan sartu, eta hari lotutako ondare guztia ere gorde gura dute. Esaterako, meategirako sarbidea eta lantegi-ukuilua.
«Meategiak ez dira naturaren erdian dauden zulo handiak bakarrik», nabarmendu du zuzendariak. Inguruan hainbat azpiegitura eraiki behar izaten ziren meategietan lan egin ahal izateko: kaltzinazio labeak eta trenbideak, esaterako. Baita tailerrak ere. Hau da horietako bat. «Meategian matxuratzen ziren tresnak behin-behinean konpontzeko lekua zen». Horrez gainera, meategietan animaliak ere erabiltzen zituzten, eta eraikin honetan egoten ziren. Batez ere tailerra zen, baina baita korta ere. Horregatik ipini diote lantegi-ukuilu izena museokoek.

Meategiaren eremu hori Espainiako Gobernuaren jabetzako SEPIDES enpresa publikoarena da. Museoko ordezkariak aspalditik ari dira eraikinaren erabilera museoaren esku uztea galdegiten. «Ez dugu jabetza eskatzen, baina bai erabilera, zaharberritu ahal izateko eta gure bisitetan txertatu ahal izateko, desagertu ez dadin». Hainbat bidetatik saiatu dira eraikina erabiltzeko baimena lortzen. Espainiako Diputatuen Kongresuak ere eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta Abantoko Udalak ere babestu du eskaera, baina, Uribelarrearen esanetan, orain arte «aitzakiak» baino ez dituzte jaso. «Industria Ministerioak sentsibilitate falta erabatekoa erakutsi du Bizkaiko meatzaritzaren historiarekiko».
XIX. mendetik XXI. mendera: 130 urtez izan du Peñusco-Mendiola meategiak ustiatzeko lizentzia indarrean. 1870eko hamarkadan Victoriano Sainz de Ajari eman zioten, eta 1879an hasi ziren ustiatzen. Gero, hainbatetan alokatu zutela uste da, baina lizentzia eta dokumentazio askorik ere ez dago, Uribelarrearen esanetan. 1932tik aurrera ia ez zen ustiatu, 1950eko urteetan Franco-Belga enpresak hartu zuen arte. 1990eko hamarkadara arte ibili ziren langileak han. 2009ko maiatzaren 21ean iraungi zitzaion baimena.