Duela bost urte ireki zuten Getxoko Muxikebarri zentroa. Xabier Paya Getxo Kulturako zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz sortu zuten leku hori: «Helburua da Getxoko herritarren eskubide kulturalak bermatzea». Urtean zehar, lauhilekoetan banatutako hiru «denboraldi kultural» antolatzen dituzte, eta ostegunetik igandera askotariko emanaldi artistikoak eskaini. Gaur hasiko dute maiatzetik abuztura arteko denboraldia. 58 emanaldi izango dira, eta programazio «plurala» osatu dutela uste du Payak. David Caiñaren La boda de otros antzezlana izango da bigarren saioa: gaur, 20:00etan, Arrigunaga aretoan. «Oroitzapenen, zauri irekien eta zain dauden kontuen gudu zelai» bihurtuko dute oholtza Lucia Astigarraga eta Kepa Alesso aktoreek. Hamabost eurotan daude sarrerak.
Emanaldi kulturalen aukeraketa egiteko, hainbat irizpide hartu dituzte kontuan. «Batetik, elkarren artean desberdinak diren ikuskizunak eskaintzen saiatzen gara, eta, horrez gain, astegun bakoitzari dagokion xede taldeari egokitutako obrak hautatzen ditugu», esan du Payak. Ostegunetan, hain zuzen, zinema eskaintzen dute; ostiraletan, 16-25 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikuskizunak izaten dira; larunbatetan, 35 urtetik gorako helduentzako programa dute; eta igandeetan, haurrentzako eta familientzako eskaintza. «Hala ere, Getxon kulturazale asko daudenez, adin desberdinetako ikusleak nahasten dira ikuskizun gehienetan, eta horrek asko pozten gaitu».
Aurtengo udako denboraldian, gainera, dantzarekin eta musikarekin lotutako ikuskizunak izango dira nagusi. «Dantzaren arloan, bereziki, ahalegin handia egiten dugu, herrian dantza akademia asko daudelako, eta zaletasun handia dagoelako», esan du Getxo Kulturako zuzendari kudeatzaileak. Alde horretatik, dantza garaikidean oinarritutako Va de Bach proposamena «berezia» izango dela aipatu du: Aracaladanza konpainiaren ikuskizuna da, eta Johann Sebastian Bach konpositorearen musikaren erritmora egokituko dira dantzariak. Hilaren 25ean egingo dute, Ereaga aretoan, eta sarrerek hamar euroko prezioa izango dute. «Oso berrinterpretazio ederra da, eta hurrengo egunean eskolei ere egingo diegu. Izan ere, hilabetean behin, hezkuntza programak antolatzen ditugu, eta aretoak betetzen zaizkigu».
«Herriko norbait oholtzan ikustean, haurrei erakutsi nahi diegu urrun hel daitezkeela esfortzuaren eta formakuntza egokiaren bidez»
XABIER PAYAGetxo Kulturako zuzendari kudeatzailea
Horrez gain, 31. Getxotar Dantza Astea ere egingo dute, ekainaren 13tik 15era. «Getxoko akademia gehienek parte hartzen dute ekitaldian, eta horri esker, herritarrak dira protagonista eta publiko zabalagoa erakartzen dute». Havana Dance, Allegro Ballet, Porte Dantza, Dantzarte eta Carmen Vera Ballet estudioek emanaldi bana egingo dute orduan. Ereaga aretoan izango dira guztiak, eta ikuskizun bakoitzak hiru euroko prezioa izango du. Areto horretan bertan arituko dira Kalakan musika taldea eta Musikalia Getxoko musika banda ere, ekainaren 21ean, azken horren hamargarren urteurrena ospatzeko. 20:00etan igoko dira oholtzara, eta sarrerek hiru euro balioko dute.
Musika emanaldiei dagokienez, Getxo Jazz jaialdia izango da aurten ere protagonista. Uztailaren 2an hasi, eta 7an bukatuko da. Besteak beste, hauek arituko dira oholtza gainean: Matteo Paggi Giraffe, Eneko Dieguez Quartet, Rhoda Scott Lady Quartet, Elia Bastida Trio eta Cecile McLorin Salvant. Algortako Geltoki plazan eta Ereaga aretoan egingo dituzte kontzertu gehienak, eta emanaldi batzuetako sarrerak doakoak izango dira: Musikene musika eskolak emango dituen familia saioak edota Itxaso Gonzalezek, Nerea Arrietak eta Carla Sevillak osatutako Voices For The Duke hirukotearen kontzertua, esaterako.

«Inoiz ikusi ez dituzten gauzak» deskubritu nahi dituzten ikusleei, ordea, Luis Roqueroren eta Enrique G. Requenaren La Revoltosa izeneko zarzuela ikustea gomendatu die Payak. «Oso famatua da». Antzerkiak eta musikak bat egiten dute horretan, eta Feliperen eta Mari Peparen arteko jeloskortasuna, desira eta harrotasuna du istorioak oinarri. Koplen, zurrumurruen eta ezkutuko grinen artean, pasioz beteriko maitasun harreman bat izango dute biek. Hilaren 17an emango dute, 20:00etan, Ereaga aretoan. 24 euroko prezioa izango dute sarrerek.
Hezkuntza ere garrantzitsu
Programa zehazteko irizpideen artean, Getxo Eszena Irekia izeneko aukeraketa prozesua egiten du urtero Getxo Kulturak. «Deialdi horretara munduko edozein ikuskizun edo proposamen aurkez daiteke; baldintza bakar bat dago: getxotar batek parte hartu behar du, dela gidoia idatzi duelako, dela dantzaria delako, dela aktorea delako...; berdin du. Horrela osatzen dugu urteko programazioa», adierazi du Payak. Aurten, zehazki, deialdi horretara aurkeztutako 21 ikuskizun emango dituzte. Maiatzetik abuztura arteko denboraldian, adibidez, La boda de otros antzerkia eta Va de Bach dantza emanaldia izango dira. «Umeek halakoak ikusten dituztenean, gertuko erreferente bat dute, ogia euren okindegian erosten duen erreferente bat. Izan ere, erreferenteei lotuta izan daitekeen arazo bat zera da, askotan ez direla gertukoak. Herriko norbait oholtzan ikustean, haurrei erakutsi nahi diegu urrun hel daitezkeela esfortzuaren eta formakuntza egokiaren bidez».
Alde horretatik, gainera, Getxo Kulturak «ahalegin handia» egiten du herriko udalak dituen politika sozialak artearen bitartez babesteko ere. «Martxoaren 8an, LGTBIfobiaren Aurkako Egunean eta ekainaren 28an ekitaldi bereziak egiten saiatzen gara», dio Kultura saileko zuzendari kudeatzaileak. «Aurten, Que No Salga de Aqui konpainiaren Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo filma emango dugu». Zinegoak zinema jaialdian —ekainaren 23tik 30era izango da, Bilbon— aurkeztuko dute film hori, eta intersexualitateari ikusgarritasuna emateko freak show dokumentala da. «Zinegoak festibalarekin elkarlanean ariko garen aurten bigarren aldiz, eta Bilbotik kanpoko jardunaldietako parte izango da aurtengo eskaintza». Ekainaren 26an emango dute, 20:00etan, Ereaga aretoan, eta sarrerek zortzi euroko prezioa izango dute.