Larrabetzuko gazte eta ez hain gazte askok bigarren etxetzat daukate Hori Bai gaztetxea; etorkizunari begiratzeko eta hura imajinatzeko beharrezko aterpetzat, alegia. Hori dela eta, gogoz eta ilusioz ekin diote gaztetxearen hirurogeigarren urteurrena ospatzeari: hamaika ekintzaz bete nahi dute urtea; batzuk betikoak dira, eta besteak, bereziak, urtemugarako beren-beregi prestatuak. Besteak beste, Hori Blaituz asteburua egiten ari dira atzotik eta bihar arte.
1965ean sortu zuten Hori Bai, frankismoaren garai latzetan. Larrabetzuko gazteek aspalditik ikusten zuten elkartzeko leku baten beharra zegoela. Jesus Naberan apaizak sortutako aisialdi elkarteari esker, itolarri hartan zirrikitu bat zulatzea lortu zuten. Beñat Cristobal eta June Furundarena Hori Bai gaztetxeko kideek nabarmendu dutenez, oso euskaltzalea zen abadea. Hasieran Andre Mariaren eliza ondoko lokala aisialdirako gunea izan arren, euskararen eta euskal kulturaren transmisiorako babesgune eta herritarrak antolatzeko ezinbesteko teilatupe bilakatu zen.
«1980ko hamarkadan, Hori Baik oraindik ez zeukan gaztetxe izaerarik», esan du Cristobalek. Izan ere, geroago sortu zen gazteek autogestionatutako guneen mugimendua. Baina Larrabetzuko Udalak lokala ixtea erabaki zuen 1983an, txarto zegoelakoan. Carlos Mendiola (EAJ) zen alkatea garai hartan. Udalak esan zuen aretoa «konponduko» zuela, baina, hiru urte geroago, herriko gazteak bertara sartu ziren, eta erabaki zuten auzolanean atontzea.
«Ez da horren arraroa entzutea Hori Bai egongo ez balitz horrelako zer edo zer sortu beharko litzatekeela»
BEÑAT CRISTOBAL Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeko kidea
Hirurogei urtez taupaka iraun du Larrabetzuko gaztetxea, belaunaldiz belaunaldi formaz aldatuz joan bada ere. Antolatzeko modu berriak ekarri dituzte garaian garaiko gazteek, eta belaunaldi guztiek utzi dute arrastoa. Moldaketa horiek guztiek, ordea, ez dute aldatu Hori Bairen jardueraren muina: «Euskararen, euskal kulturaren eta autogestioaren alde borroka egitea eta aisialdi eredu alternatibo bat bultzatzea», alegia. Ildo berean, Hori Baik herriarekin daukan lotura eta herriko bizitza sozialean daukan garrantzia ez dira aldatu hirurogei urte hauetan.
Furundarenak azaldu duenez, gaztetxeak «herritar guztientzako ekintzak» antolatzen ditu: hala nola umeentzako Olentzeroren bila ekitaldia, eta San Inazio jaietako adinekoentzako bazkaria. Horretaz gain, bertso eskolak, talde feministak, entsegu lokal bat behar duten musika taldeek... ere erabili ohi dute gunea. «Ez da horren arraroa entzutea Larrabetzun sortzen den gehiena Hori Baitik ateratzen dela eta Hori Bai egongo ez balitz horrelako zer edo zer sortu beharko litzatekeela», adierazi du Cristobalek.
Garai latzak
Dena ez da polita eta samurra izan Hori Bairen ibilbidean. Elkartea elizaren babespean sortu zen arren, gaztetxeak behin baino gehiagotan jasan behar izan ditu erakunde haren utzarazte mehatxuak, baita udalaren debekuak ere. Besteak beste, artean alkatea Mendiola zela, Gazte Eguna egiteko baimena ez ematea erabaki zuen udalak 1987an eta 1988an. «Garai hartan sortu zen rock musika, eta esaten zuten drogak, alkohola eta sexua zekartzala. Hori dela eta, ez zuten utzi Gazte Eguna egiten», azaldu du Furundarenak. «Hala ere, Hori Baik erabaki zuen ospakizuna egitea, eta udalak diru laguntzak kendu zizkion».
«Egon dira neska-mutil gutxi etorri diren urteak. Hala ere, gaur egun sasoiko dabil gazte asanblada»
JUNE FURUNDARENALarrabetzuko Hori Bai gaztetxeko kidea
Zalantzarik gabe, 2004ko utzarazte mehatxua izan zen Larrabetzuko gaztetxeak hartutako kolperik latzena. Urte hartan, hamar eguneko epea eman zien udalak konponketa lan batzuk egiteko. Udal agintariek esan zieten lan horiek egin ezean gune autogestionatua eraitsi egingo zutela. Hori salatzeko, gaztetxean bertan lo egiten geratu zen jendea, eta manifestazioa egin zuten Tomas Ordeñana (EAJ) alkatearen etxeraino. Furundarenak gogoratu duenez, «alkateak hain argi ikusi zuen herriaren parte handi bat kontra zeukala, ezen atzera egin baitzuen».
Badu etorkizuna
Hirurogeigarren urteurrena ospatzeari ekin dio Hori Baik. Izan ere, kezka, ikuspuntu, interes eta parte hartzeko modu berriak ekarri dituzte gazte asanbladan sartutako belaunaldi berriek. «Egon dira neska-mutil gutxi etorri diren urteak. Hala ere, gaur egun sasoiko dabil gazte asanblada», Furundarenak dioenez. 16 eta 28 urte bitarteko 25 neska-mutilek osatzen dute taldea.
'HORI BLAITUZ' ASTEBURUAGaur
- 11:30. Tailerrak: DJ tailerra, serigrafia eta boxeoa.
- 15:00. Bazkaria, Hori Bain (beharrezkoa zen aurretik izena ematea).
- 17:00.Nork daki? taldekako jolasa, Hori Bain.
- 19:00. Bertso poteoa, Itallenekin.
- 22:00. DJ Hori Bai. Hamabost minutuko saioak banaka edo taldeka.
Bihar
- 11:00. Mural margoketa.
- 17:30. Solasaldia: Musika eta gaztetxeak EHn: Eskutik doazen bideak. Hizlariak: Josu Ximun Billelabeitia, Aiora Renteria eta Koldo Otamendi Kojo.
- 19:30. Agurra eta brindisa.