Balmasedako herri antzerkien zuzendaria

Jose Angel Ramon 'Zarra': «Hau da Balmaseda: asko gustatzen zaizkigu antzerkia eta martxa»

Jose Angel Ramon 12 urterekin hasi zen Balmasedako bere auzoko nekaldian parte hartzen. Gaur egun, herrian egiten dituzten hiru herri antzerki nagusien zuzendaria da.

Jose Angel Ramon 'Zarra', martitzenean, Balmasedan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jose Angel Ramon 'Zarra', martitzenean, Balmasedan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Balmaseda
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Giro berezia nabari da Balmasedan. Herria apainduta daukate gaurtik domekara egingo duten Erdi Aroko Azokarako. Berezia da aurtengoa, 25. aldia da eta. Hiribilduaren sorrera gogoratzeko herri antzerki moduan abiatu zuten egitasmoa, 1999an. Bihar, 12:00etan egingo dute antzezpena, San Severino plazan. Lehen urtetik Jose Angel Ramon Zarra ibili da zuzendari lanetan (Balmaseda, 1949). 

Zelan sortu zen Balmasedako Erdi Aroko azoka?

Balmasedan kuadrilletan ibiltzen gara. Behin taberna batean hiru lagun egon ginen honetaz eta hartaz berbetan, eta batek aipatu zuen Balmasedaren sorreraren zortziehungarren urteurrena zela, 1199an Lope Sanchez de Menak Balmasedari Logroñoko forua eman zionetik zortziehun urte bete zirela. Pentsatu genuen herri antzerki bat egin genezakeela gertaera hura gogoratzeko. Orduko Kultura zinegotziarekin hitz egin genuen, gustatu zitzaion ideia, eta horrela hasi ginen.

Gaur egun sekulako azoka da, asteburu osokoa. Aurten, gainera, 25. urteurrena ospatzeko, egun bat gehitu diozue, eta barikuan hasiko da. Baina zelakoa izan zen lehen urte hartakoa?

Herri antzerkia zen ospakizunaren ardatza. Pertsona bati eskatu genion gidoi bat osatzeko. 84 orrialdekoa ekarri zigun! Pelikula bat egingo genuela pentsatuko zuen, agian. Moldatu genuen, laburtu, musika txertatu... Egundokoa izan zen. ETBk emititu zuen. Antzerkiari egiazkotasuna emateko postu batzuk atondu ziren, azoka moduko bat. Urteekin postuak indarra hartuz joan dira, egungo Erdi Aroko Azoka bihurtu arte.

Lehen aldi hartan Balmasedaren sorrera gogoratu zenuten, baina urtero ez duzue gertaera hura antzeztu.

Balmasedako historian garrantzitsuak izan diren jazoerak antzeztu ditugu beti: burdinoletako bizimodua erakutsi genuen urte batean; juduak Balmasedatik kanporatu zituztenekoa beste batean... Aurten, 25. urteurrena dela eta, berriro jatorrira itzultzea erabaki dugu. Pentsatu dugu gai garrantzitsu bat antzeztu behar dugula, eta zer garrantzitsuagorik Balmaseda sortu zutenekoa gogoratzea baino.

«Nekatuta bukatzen dut; batez ere, garai honetan, Aste Santua eta Erdi Aroko azoka nahiko jarraian izaten dira eta. Egun askotan, lo egitea ere kostatzen da»

Gaur egun, Balmasedako Erdi Aroko Azoka Bizkaiko garrantzitsuena da. Lan handia eskatuko dizue. Zelan antolatzen zarete?

Azoka asko aldatu da. Jendetza etortzen da herrira. Azokaren kalitatea ere nabarmen hobetu da: postuak, ikuskizunak... Atzerritik kaleko antzerkiko talde pila etortzen dira Erdi Aroko giroa sortzeko. Asko zaintzen dugu guztia. Orain, Kataluniako enpresa bat kontratatzen dugu horretaz guztiaz arduratzeko. Urte batzuetan 100.000 bisitari ere jaso ditugu, eta Balmasedaren neurriko herri batentzat asko da hori. Ia-ia bata bestearen gainean egoten gara, kabitu ezinik! Aparkatzea izaten da arazorik handiena. Errepide berriekin, Bilbotik autoz etortzeko ordu laurden bat baino ez duzu behar. Horregatik, beti eskatzen dugu garraio publikoan etortzeko.

Noiz hasi zarete herri antzerkiaren entseguekin?

Erdi Aroko Azokarako ez dugu denbora askorik izaten, eta aurten egun gutxi izan ditugu, Aste Santua berandu izan da eta. Bariku Santutik 20-21 egun baino ez dira pasatu, eta, ordura arte, gurutze bidearen antzezpenarekin ibili ginen. Ordutik, ia egunero entseatu behar izan dugu. Baina jendea oso inplikatuta dago, eta ez da arazorik egoten. Gainera, antzezlanaren parte batzuk mantendu egiten dira urte batetik bestera, eta horrek ere asko errazten du lana.

Pertsona bertsuak izaten dira aktore Aste Santuan eta Erdi Aroko Azokan?

Normalean, bai. Bietan, batez beste, laurehun pertsona inguru ibiltzen dira antzezten. Azokako antzezpenean, pertsonaia garrantzitsuenak 20-22 izango dira. Saiatzen gara jende berria sartzen, gazteak erakartzen, belaunaldi aldaketa bermatzeko. Gazteak dira antzezpen hauen etorkizuna.

«Entseguen ostean zerbait hartzeko geratzen gara; afaltzeko, agian. Bizitza osorako adiskideak egiten dira»

Erdi Aroko Azokako antzezpena, Jesu Kristoren nekaldia, eta baita 1808ko azaroaren 8an Napoleonen tropek Balmaseda erre zutenekoa ere: hiribilduan egiten dituzuen hiru herri antzerkiak zuzentzen dituzu. Urte osoan eten barik ibiliko zara, ezta?

Lan handia da, bai. Nekatuta bukatzen dut; batez ere, garai honetan, Aste Santua eta Erdi Aroko Azoka nahiko jarraian izaten dira eta. Egun askotan, lo egitea ere kostatzen da. Esfortzu handia egin behar izaten da. Adina ere nabaritzen hasita nago. Zorionez, sekulako taldea dut inguruan, eta horrek asko errazten dit lana.

Zer du Balmasedak hainbeste herri antzerki egiteko?

Balmasedak ez du ezer. Hau da Balmaseda: asko gustatzen zaizkigu antzerkia eta martxa. Asko entseatu behar dugu, eta horrek harremanak sortzen ditu. Entseguen ostean zerbait hartzeko geratzen gara; afaltzeko, agian. Bizitza osorako lagunak egiten dira. Lagunak egiteko balio du, eta herria saretzeko.

Nekaldiaren antzezpena XIX. mendetik egiten da egungo eran; beraz, umetatik ikusi dituzue etxekoak eta herrikideak antzezten.

Hiru herri antzezpenak oso garrantzitsuak dira, herri egiten gaituzte eta. Baina Aste Santukoa beste maila batean dago. Haren kalitatea eta adierazkortasuna eta sortzen duen batasuna itzelak dira.

Antzezlanen zuzendari hasi aurretik, zer harreman zeneukan antzerkiarekin?

Nekaldiaren antzezpen nagusiaz gain, txikiagoak ere egiten dira, auzoetan, eta denok parte hartzen dugu umetatik. Ni 12 urterekin hasi nintzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.